ISTURITZETIK ARTZEN BARRU

1969ko abenduko data dauka Joxan Artzeren lehen poesia liburuak, 'Isturitzetik Tolosan barru' lanak. Gerora kantu ezagun bihurtuko ziren hainbat olerki irakur zitezkeen bertan, eta diskoz lagunduta eman zuen. Hura ez zen izan, baina, artefaktu poetiko berritzaile haren ekarpen bakarra.

Isturitzetik Tolosan barru liburuan ageri dira esku irudi hau eta eskuineko olerkia. Baita ondoko orrialdeko biak ere. BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Zortzi hilabete 1969ko. Arratsaldeko seietatik gauerdira arte, egunero, hitzak gaindituko zituen poesia erabatekoa diseinatzeko. Hainbat diziplinatako sortzaileak, 30 urteko Joxan Artze Harzabal-ekin (Usurbil, Gipuzkoa, 1939-2018)elkarlanean. Emaitza: Isturitzetik Tolosan barru. Duela mende erdiko abenduan datatua. «Gure biziaren zati handi bat, indar handi bat sartu genuen horretan; bihotza, maitasun handi bat. Uste dut hor gure zerbait sakona sartu genuela, eta beharbada horregatik iraun du», ziotson Artzek berak Hasier Etxeberria zenari, 2007an, ETBko Sautrela saioan.

Ez zuen berria Artzek talde lana. 1966tik zen tradiziotik edanez euskal kantagintza berritu asmo zuen Ez Dok Amairuko kide, eta han ere elkarlana aldarrikatu ohi zuen. «Asko interesatzen zitzaidan hori. Diziplina ezberdinetako pertsonek elkarrekin lan egitea, bakoitza bere aldetik, bakoitza bere trebetasun edo argitasun edo sentimendutik, elkarrekin lan osoago bat egiteko, elkar lagunduz eta elkar osatuz».

Isturitzetik Tolosan barru-ren kasuan, Artzek lankide izan zituen: Frank Otsoa eta Jose Luis Zabala (grabaketak); Luis M.Zulaika, Jabier Unzurrunzaga eta Jabier Market (produkzioa); Jose Mari Zabala (argazkiak); Jose Luis Zumeta (Orduña eta Gernika marrazkiak); Fernando Larrukert (grabazioak); Mikel Forcada (Errenderia eta Oihartzun moldatuak); Iñaki Nuñez (soinua); eta Mikel Garai (arkitektura).

Dena auzitan jartzetik abiatu zuten elkarlan hura. Paper klasea, paperaren tamaina, paperaren kolorea, letra tipoak... Hitzen errepikatik eta elkarketetatik sortutako poema bisualak, collageak, kaligramak, ispilu aurrean irakurri beharreko piezak, artefaktu poetikoak bildu zituzten bertan. Eta liburuaren osagarri, disko bat, Artze bera bere poemak errezitatzen entzuteko —eta poemon umore beltza, ironia eta probokazio puntua haren bozaren galbahetik pasatuta entzuteko— aukera emanez. Artzeren ahotsaren ondoan, diskoan entzun zitezkeen Luis Bandresen alboka eta txistua, Bixen Beltranen eta Iñaki Nuñezen txistua, Alejandro Tapiaren soinu txikia, eta, nola ez, txalaparta, Joxan Artzek berak eta Jesus anaiak joa. Ez alferrik, txalaparta modernizatzen eta gizarteratzen aski ezagunak ziren anaia biak, eta 1966ko martxoaren 6tik ari ziren ttakunean, Ez Dok Amairukoen emanaldietan.

«Estreinakoz, liburua objektu artistiko bezala ageri zitzaigun, alor anitzeko lanketa batean», zioen Koldo Izagirrek, Susako XX. mendeko Poesia Kaierak bilduman Artzeri eskaini zion alean. Duela 50 urteko lan haren izaera poliedrikoak bazuen zerikusirik Artzek poesiari buruz zeukan ideiarekin: «Poesia ez da hitzetan bakarrik bukatzen. Ezer ez da bere baitan bukatzen. Dena dago bata bestearekin harreman estuan».

Isturitzetik Tolosan barru-n ageri dira, besteak beste, hainbat musikarik gerora kantatutako Txoria txori, Usurbilgo eliza, Ama hil zait, Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak eta Txori ttikia.Mikel Laboa nabarmendu zen bereziki Artzeren lanak musikatzen, eta hau zioen 2007an duela mende erdiko liburuaz: «Momentu hartan, oso interesantea izan zen denontzat».

Xabier Letek, berriz, liburuak eragin zion harridura nabarmendu zuen. Pixka bat harro ere sentitu omen zen , pentsatuz Euskal Herrian halako gauza bat egin zitekeela: «Guztiz ezohikoa zen. Batzuek egotzi zioten Joxani manierismo estetiko bat ba ote zeukan, baina nik uste dut ezetz, hori zela bere poesiaren prozeduraren ondorio logikoa eta zehatza: hitzak idaztea bakarrik ez, baizik eta idazketa horri formak ematea eta hitza lotzea grafismoarekin eta hotsaren jokoekin eta hitzen halako arkitektura batekin».Erabateko poesia hortxe.

Poesia errezitalak

50 urte dira Artzek Isturitzetik Tolosan barru argitara eman zuela, eta hastera doan urtean beteko dira 50 Ez Dok Amairuko kideek Baga, Biga, Higa sentikaria sortu zutela, musika, dantza, poesia errezital eta beste batuz. Ukaezina da Artzek ikuskari horretan jokatu zuen rola: bultzatzaile nagusia eta zuzendari artistikoa izan zen. Ikuskari horretan erakutsi zuen argien aurretik esperimentatzen hasia zen poesia taularatzeko bere nahia. «Aurreko belaunaldien erreferentzia ez dugu presente izan errezitalak sortzerakoan. Badakit Ez Dok Amairuk, orokorrean, eta Artzek, zehazki, lagundu dutela poesia taulara eramateko moduen katalogoa zabaltzen», dio Iñigo Astiz poetak Hegats literatur aldizkariaren azken zenbakian, poesia errezitalei buruzko erreportajebatean. Genealogiaren beste adar bat hortxe; Artzetik poesian barru ibiltzeko beste bide bat...

1972an amaitu zen Ez Dok Amairukoen bidaia, eta liburu bikoiztua argitaratu zuen Artzek 1973an: Laino guztien azpitik... eta ...eta sasi guztien gainetik. Liburuotan, Isturitzetik Tolosan barru-ko giroan sakondu zuen, esperimentazioaren arrastotik atera gabe. Ikimilikiliklik ikuskarian parte hartu zuen gero, Jexux anaiarekin batera, Mikel Laboa, Jose Luis Zumeta eta Jose Mari Zabalaren ondoan, 1973tik 1978ra bitartean. 1978an, Hitzez eta hotsez... olerki saioa prestatzen hasi zen poeta, bakarka eta txalapartaren laguntzarik gabe. Ordutik, poesiara eta poesian oinarritutako ikuskarietara bideratu zuen bereziki bere lana Artzek.

1979an argitaratu zuen poesiako bere ziklo esperimentalista itxi zuen lana: Bide bazterrean, hi eta ni kantari. Ordurako, krisian sartua zen, eta krisi hartatik eraldatuta aterazen; luzapenez, ondorengo haren poesia ere bai. Aurreko hainbat poesia ere bai. Ama hil zait poemari, esaterako,beste bertsio bat egin zion.«Bihotzberritu nintzenean, saldu gabe geratzen zitzaizkidan liburu guztiak erre egin nituen, ez zitzaidalako zintzoa iruditzen ordutik gehiago ados ez nengoen zenbait testu jendartean zabaltzea», zioen egunkari honetan bertan duela ia sei urte. «Ez naiz damutzen orduan hori egin izanaz, baina gaur beste patxada bat daukat». Horri esker berrargitaratu zuen Pamielak Isturitzetik Tolosan barru, 2007an, Arteolarekin elkarlanean. Hala berreskuratu zen euskal poesia modernoko harribitxi bat. Gutxietsitako pitxia, Beñat Sarasolak idatzia duenez: «[Artzeren lana] Ez da behar bezala aintzat hartzen, egiazki, XX. mendeko bigarren erdiko poeta gorenen artean kokatu behar bada ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.