Irene Sola. Idazlea

«Istorioz josita dago dena»

Mendez mende kantuz, idatziz zein ahoz jasotako kontakizunek «mundua kolektiboki» ulertzeko moduez dihardutela dio Solak. Hor aritu da aztarka, eta lur eremu baten polifonia oso bat jaso du.

JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Izenburuak berak biltzen du liburuan datorren magia: Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak. Nork dio ezetz? Literatura ez dela, hain justu, hori? Han-hemen txalotu, saritueta hamaika hizkuntzatara itzuli duteIrene Solaren (Malla, Herrialde Katalanak, 1990) bigarren eleberria—euskarara Joxan Elosegik ekarri du, Alberdanian—. Arte Ederren mundutik heldu da Sola letrenera, eta Els dics estreinako nobela bukatzen ari zela piztu zitzaion Canto yo i la muntanya balla idazteko harra. «Lehen nobela idatzi berri, fresko nuen hura idazten aritu bitarteko gozamena, eta berriz heldu nahi nion sentsazio horri. Oharkabean dena irentsi zuen, ordea. Hori dut gogoan: liburua hazten eta hazten zihoala, eta ni atzetik nindoala, korrika».

Zer zetorren lehen ohar horietan, hasierako zirriborroetan?

Bidean sortzen den hori dena, oharrak eta beste, emaitza bezain garrantzitsua da niretzat; dena gordetzen dut. Lehen ideietako bat mitologiarekiko interesa zen, uretako emakumeekiko edo sorginkeriaz akusatutako andreen kontrako prozesu judizialekikoa. Istorio konkretu bat kontatu nahi nuen, baina banekien ahal beste ikuspegitatik kontatu nahi nuela, batez ere. Idatzi nuen lehen gauza orain liburuko lehen atala da.

Lainoen ikuspegitik idatzitakoa.

Bai. Jendearen gainera erortzen diren oinaztarriak ikertu nituen, eta hori lainoen ikuspegitik kontatzen saiatu. Disfrutatu nuen, eta ikusi nuen funtzionatzen zuela. Hortik aurrera lizentzia hartu nuen orkatz baten barruan sartzeko, perretxikoen barruan...

Eta zer erakutsi dizu lan horrek?

Batetik, jolasa dago, nola egin daitekeen igeri jakintzaz betetzen zoazen putzu horien artean, eta istorioek nora zaramatzaten ikusi. Eta, bestetik, hausnarketaren geruza dago: hartan sar zaitezke edo ez. Idaztea, niretzat, ondo pasatzeaz gain, pentsatzea da, eta ahots hauek guztiek balio izan didate mundua ulertzeko era ezberdinez pentsatzeko. Lengoaiarekin lotzen da hori: nork kontatu ahal izan duen bere istorioa, nork ez, noren ahotik heldu zaizkigun hainbeste eta hainbeste istorio.

Nabarmena da sorgintzat hartu zituzten andreen kasua .

Pentsa, iritsi zaiguna haiek erail zituzten gizonek idatzitakoa da. Baina uretako emakumeena ere nabarmena da ondo aztertuz gero, ez dakigu haietaz gizonen ikuspegitik eraikitakoa baizik.

Gizakien ahotsa besteenekin berdintzea bada «ni, hemen eta orain» ideia apaltzeko keinu bat.

Erabat. Antropozentrismoari buruzko gogoeta dago hor: nola eraikitzen dugun gure jakituria, eta nola kokatzen garen horrekin munduan. Ez dakit ahotsak berdintzeko, baina beste batzuk entzunarazteko asmoa badago, zera esatekoa: «Begira diezaiogun munduari gizakiarenak ez diren beste begi eta egoteko modu batzuetatik». Denbora, ez da berdina 80-90 urte biziko den gizakiarentzat eta mendi batentzat. Edo perretxikoekin jolas eginda, guk ni-aren bueltan ulertzen dugu mundua, baina bestelakoa da haien egoteko era: hil ere ez dira hiltzen guk ulertzen dugun eran.

Lurralde zati bat ahalik eta ikuspuntu gehienetatik kontatu nahi zenuen. Zer du hautatutako lekuak? Camprodon eta Prats de Mollo arteko Pirinioaurreak?

Idatzi artean, geruzaz geruza irudikatzen nuen hautatuko nuen mundu zatia, han gertatutako denak nik topatu ahal izateko moduko arrastoren bat utzi izan balu bezala. Kataluniako Pirinioaurrea hautatu nuen landu nahi nituen ideia askok bat egiten dutelako han: sorginen epaiketak, uretako emakumeak, arrastoaren ideiak... Katalan errepublikano askok handik egin zuten ihes gerra zibila galtzean, eta lurretik erauzi daitezke orduko arrastoak, metraila zatiak. Hara igo nahi nuen, lurra zapaldu, galderak egin, ulertu. Hala ere, edozein lur zatitan egin daiteke ariketa bera.

Kokapena pertsonaiak bezain zentraltzat har daiteke liburuan?

Pentsatzen dut baietz. Galderetako bat izan da zein literatura sortzen dugun paisaia bakoitzaren gainean. Ibai bati emandako izena, baso zati baten inguruan esaten dena... istorioz josita dago dena. Naturaren ideiaz ere hausnartu nahi nuen. Oso garbi bereizten dugu zer den natura eta zer ez. Baina non gaude gu hor? Kanpoan? Zer esan nahi du horrek? Nork erabaki du? Ez nueninolaz ere mendiaren irudi bukoliko bat eraiki nahi: barrutik begiratu nahi nion, ulertzeko gizakiona ez bezalako mila modutan bizi eta azaldu daitekeela mundua.

Kontakizunen mundua lekua galtzen ari den sasoi bat bizi dugu?

Ez dakit. Badakit nik liluraz bizi dudala. Islandian ohartu nintzen, lagunek kontatzen zizkidaten istorioak entzutean. Arte garaikide eta kritikoa ekoizten zuten guztiek, eta, gero, aldi berean, euren irlako kontakizun oso bortitzak kontatzen zizkidaten, euren aitona-amonei entzunak eta. Iruditzen zait istorio horiek ere azaltzen dutela nor garen, nola ulertu izan dugun mundua kolektiboki. Onerako zein txarrerako, istorio horietako asko guztiz misoginoakbaitira, besteak beste.

Baina daukagunaren parte da.

Bai, oso aspalditik lagun egin digun horren parte, eta interesatzen zait hori ulertzea. Mito urbano deitzen direnek ere badute antza; ipuin kolektiboak dira, munduari begiratzeko moduak. Beraz, ez, ez dut uste istoriorik gabe gelditzen ari garenik; ikusi beharko da zeintzuek egiten duten aurrera, eta horrek ere esango du nor garen.

Hizkuntzarekin ere lanketa berezia egin duzu. Nola eragin lezake hizkuntzak inguruarekin erlazionatzeko moduan?

Istorioek kontatzen duten bezala nor garen eta nola begiratzen diogun munduari, uste dut hizkuntzekin eta hizkerekin antzera gertatzen dela. Lengoaiarekin jolastea ezinbestekoa zen eleberri honetan, pertsonaia bakoitzak mundua ikusteko bere modua azalduko bazuen, bakoitzak bere eran hitz egin behar zuen. Eta aukera mordo bat zabaltzen da hor. Esaterako, orkatzak ez ditu koloreak ikusten; beraz, koloreari egindako edozein erreferentzia kendu behar zen. Sorginkeriaz akusatutako emakumeak duela 300 urte baino gehiago bizi izan ziren; beraz, euren katalana garaira egokitu behar zen. Eta hartzaren atala, berriz, Ipar Kataluniako katalan aldaera batean idatzia dago.

Berezia da gaztelaniazko atala, neska errepublikanoarena.

Bai. Errepublikanoen erretira ikertu nuenean, argazki bat topatu nuen, nahiko famatua: hainbat heldu eta umeren erdian neskato bat ageri da, makuluekin eta hanka bat moztuta. Neskaren izena aurkitu nuen, baita argazkian ageri den mutiko baten egunerokoak ere. Gaztelaniaz zeuden, familiaren hizkuntza ere hura zen, eta neskaren ahotsa hala sortu zitzaidan buruan. Gauza bat geratu zait argi liburua landu ostean:hizkuntza bakoitza ere mundua izendatzeko eta ulertzeko modu bat dela, ezberdina besteetatik.

Kontraste handi batek biltzen du liburua, tragediaren eta edertasunaren arteko tentsioak.

Bai. Begirada erlatibizatu nahiak ekarri du hori. Domenec nobela hasi eta berehala oinaztarri batek jota hiltzea oso tragikoa da. Baina harentzat. Eta, asko jota, gertukoentzat. Segituan, aurrera doa dena, ez zaio inori inporta mendi horretan gizon bat hil izana. Interesatzen zitzaidan energia optimista baina krudel hori, denak egiten duela aurrera, aurrean eramanez eror daitekeen oro, baina, aldi berean, bizitzak segitzeko modua emanez. Esan izan didate heriotza asko dagoela liburuan, baina beste horrenbeste bizitza ikusten dut nik; hildakoak berriz jaiota, kasik heriotza beste erditze... Nondik begiratzen den da kontua.

Esan izan duzu «bilatzera ausartuz» aritzen zarela. Gakoa zaizu jarrera hori idaztean?

Bai. Arteko metodologiak baliatzen ditudala uste dut, ikertzearekin zerikusia dutenak, emaitza aurrez ez erabaki, eta galderak egiten hastearekin. Nire lana lotzen dut arakatu, gauzak ulertzen saiatu, eta asko irakurri eta entzutearekin. Horrekin erabakitzen dut zer kontatu eta zer gogoeta utzi nahi ditudan mahai gainean, gero irakurleak beste leku batzuetara heltzeko baliatu ditzan, nahi badu. Horrek ez du esannahi erabakirik hartzen ez dudanik. Autore posizio bat dut lanarekiko: nire esku dago zer sartzen den eta zer ez. Baina prozesuan ere asko interesatzen zait ezustekoa, testuak eraman nazala aurreikusi gabeko lekuetara, eta oparitu diezazkidala ideiak. Hori zoragarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.