Istorioz beteriko bi erretratu

Olatz Pratek 'Gerra garaiko ametsak' memoria liburua euskaratu du, eta Idoia Santamariak, 'Aldibereko' ipuin bilduma

Gerra garaiko ametsak eta Aldibereko liburuen aurkezpena, Donostian, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Fikzioa eta errealitatea elkartu ziren atzo Aldibereko eta Gerra garaiko ametsak liburu euskaratuen aurkezpenean. Baita ibilbide ezberdinetako bi itzultzaile ere: Idoia Santamaria eta Olatz Prat. Gerra garaiko ametsak du Pratek lehen literatura itzulpena, eta Santamariak eskarmentu handia du jada itzulpengintzan. Biek izan dute, ordea, kalitatearen berme den faktoreetako bat: «oso gustura» aritu dira langaiekin. Erein eta Igela argitaletxeek argitaratutako bildumako bi ale berriak dira liburuak.

Kenyan girotuta dago Gerra garaiko ametsak liburua. Ngugi wa Thiong'o da egilea (1938), eta liburua haren haurtzaroko bizipen eta oroitzapenekin osatuta dago. «Ez da ohiko eleberri bat; memoria liburu bat da», dio Pratek. Denboran atzera egin, eta egileak haur zeneko begiradatik kontatzen ditu istorioak, lehen pertsonan. Hiru zutabe nagusi ditu liburuak. Lehenik, kikuyu herriaren egunerokoa nolakoa den azaltzen du: «Kontu arruntak dira. Familia antolatzeko moduak, errituak, jolasak, ohiturak eta beste azaltzen dira bertan». Gero, ordea, arruntasun horri «zaplaztekoa» eman, eta «lanbro» bat iristen da: britainiar kolonialismoa. Urruneko itzal gisa ikusten zuen lehen, baina gero eta handiagoa izango da horren eragina Thiong'oren bizitzan. Finean, kanpo faktore batek komunitatea aldatu beharra ekartzen du: hizkuntza eredua, ohiturak, eta beste. «Mutiko baten begietatik kontatzen du aldaketa hori dena. Oso ikuspegi berezia da».

XIX. mendean hasi zen sartzen kolonialismoa Kenyan, baina liburuak barnean hartzen duen epea kolonialismoaren «bukaera samarra» da. Hala, Mau Mau gerrilla sortzen dute horri kontra egiteko: «Altxamenduaren borrokak ere kontatzen eta deskribatzen dira bertan. Inperialismo horren kontra ahotsa altxatzeagatik, errepresioa bizi izan zuen egileak. Preso politikoa izan zen». Altxamendu horretako bizipenak eta istorioak dira eleberriaren hirugarren zutabe hori.

Thiong'ok hainbat gai landu ditu bere obretan: «Urteen poderioz, ideia politiko oso sendoa eraikiz joan da. Kolonialismoaz, askatasun kulturalaz, hizkuntzaz, hezkuntza ereduaz eta bestez hitz egin du bere lanetan», azaldu du Pratek. Hala ere, itzultzailearen iritziz, badu zerbait berezia liburu horrek: haren obretan modu sakonagoan landu dituen gaien «erradiografia» bat da. «Haurtzarotik gauza horiek nola eragin dioten azaltzen du. Oinarria ematen digu haren ideia politikoetan sartzeko; abiapuntu aproposa da».

Pratek adierazi duenez, hizkuntzari lotutakoa da Thiong'oren borroka handienetarikoa: «Hizkuntza handirik edota txikirik ez dagoela esaten du; hizkuntza gutxituak eta zanpatuak daudela». Hori dela eta, liburu hau euskaratzeak esanahi «berezia» duela iritzi dio Pratek. «Zentzu berezi bat ematen dio».

Kaosaren bueltan

Hizkuntzarekiko kezka ageri du, halaber, Ingeborg Bachmann austriarrak (1926-1973) bere obretariko askotan. Baita Aldibereko istorio bilduman ere. Bost ipuin independentek osatzen dute, eta, bertan, Vienako bost emakume dira protagonista. «Nolabait, bere garaiko emakumeen erretratu bat egiten du. Bere garaiko gizartea erakusten du, bost emakumeren errealitatea erakutsiz, eta horien galbahetik pasatuz», azaldu du Santamariak.

Oso istorio ezberdinak direla adierazi du itzultzaileak, bai «tamainaz», baita «egituraz» ere. Azkena da luzeena; liburuaren ia erdia betetzen du. Hala ere, ipuinek badute loturarik, eta egitura zikliko bat osatzen dute: «Lehenengo istorioa eta bosgarrena dira liburuaren bizkarrezurra. Azkenengoak, gainera, oso ondo ixten du zikloa. Batean protagonista diren pertsonaiak ere ageri dira besteetan, nahiz eta batzuetan ohartzea ere zaila den. Lehen fokupean egon den norbait gero itzaletik agertzen da».

Emakume ereduetan ere badago aldea. Lehen eta azken istorioetakoak profesional arrakastatsuak dira: aldibereko interpretea bata, eta kazetari eta argazkilaria bestea. Guztiz bestelakoak dira, berriz, tarteko istorioetako protagonistak: «Nartzisismo hutsalean bizi da bat; errealitatea ukatuz bestea; eta, azkenik, adineko emakume bat dago: amaren eta semearen harreman bat agertzen da, ilun samarra dirudien arren gehiegi esplizitatu gabekoa».

Santamariaren ustez, azken istorioa da borobilena, interesgarriena. Badu hori arrazoitzeko argudiorik: «Erreferentzia historiko ugari daude bertan, etaoso ezagunak: besteak beste, Austria-Hungariako inperioa, II. Mundu Gerra, Aljeriako independentzia gerra edota Vietnamgo gerra. Kaputxinoen kripta eleberritik hartutako erreferentzia literario interesgarri bat ere badago».

Pertsonen pentsamendu eta sentimendu anabasak eragindako komunikazio ezintasuna da liburuko bost istorietako gai nagusia. Hala, forma aldetik «erradikalena» lehenengo ipuina dela dio Santamariak: «Sentimenduen eta pentsamenduen arteko kaos hori hizkuntzaren bidez ere islatzen da. Horretarako, esaterako, lehen eta hirugarren pertsonak nahasten ditu, batzuetan esaldi berean ere bai». Bestalde, ipuin horretako protagonistek ez dute izenik hasieran. Hori dela eta, genero gramatikala bereizteko, hitanoa erabili du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.