«Istorioaren historia»

'Herejeen alaba' saiakera ondu du Ander Berrojalbizek. Joseba Sarrionandiaren 'Kristalezko bihotza' ipuinetik abiatu du ikerketa

Maialen Unanue
Donostia
2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Historia beti izan du gustuko Ander Berrojalbizek. Durangokoa (Bizkaia) da, eta han gertatutako historiako pasarte guztien artean, herejeen istorioek eta historiak erakarri izan dute beti. Bizpahiru urte daramatza ikertzen, eta gaiarekin lotutako bigarren liburua da Tabakalerak eta Pamielak elkarrekin editatu duten Herejeen alaba saiakera —iaz argitaratu zuen lehena, Los herejes de Amboto. 'Luteranos' en el año 1500; Pamielarekin atera zuen hori ere—.

Berrojalbizek azaldu duenez, XV. mendean talde heretiko bat sortu zen Durangon, eta «errepresio bortitza» jasan zuten 1440tik 1500era arte. Errepresioaren dimentsioa ikusita, penintsulan egondako talde heretiko handiena izan zela azaldu du: «Badakigu, gutxienez, 80 lagunetik gora erre zituztela bizirik, eta, horiekin batera, jada hilda zeuden beste hainbaten gorputzak ere erre egin zituztela».

Dezente irakurri du gaiaren inguruan, «dena ez bada, bai gehiena». Azaldu duenez, historikoak dira gehienbat argitaratu diren lanak, nahiz badauden «gutxi batzuk» fikziozkoak direnak. Tartean, Joseba Sarrionandiaren Kristalezko bihotza ipuina (Narrazioak; Elkar, 1983). Baina ez da guztiz egia fikzioa denik, edo ez, behintzat, fikzioa soilik: «Fikzioa da, baina XV. mendeko iturri batetik hartu zuen: ikerketak egiten, artxiboetan-eta, aurkikuntza batzuk egin nituen Josebak erabilitako materialaren inguruan».

Sarrionandiak erabilitako iturri hori historialarientzako «arazotsua» izan dela dio: «Iturri horrek ez ditu Durangoko herejeak aipatzen, baizik eta Burgosko apezpikuarengandik hurbil zeuden mendi batzuetako herejeak, baina beti ulertu da durangarrak zirela». Azaldu duenez, aurkikuntza bat egin zuen: XV. mendeko iturri hori, Sarrionandiak erabili zuena, apokrifoa dela: «XII. mendean Kolonian, Alemanian egondako beste erreketa batetik hartutako istorio bat da». Burgosko apezpikuak, ordea, istorio hori hartu, eta berregin egin zuen, «bere kontestuan, bere zerbitzurako».

Emakumearen irudia

Saiakera laburra da, eta hiru zatitan dago banatuta. Lehenik, Sarrionandiaren ipuina jarri dute. Gero dator Berrojalbizen ikerketa, eta, azkenik, hiru eranskin; Durangon XV. mendetik XIX. mendera egondako «heresia guztien errepaso txiki bat» egiten dute eranskinek.

Artxiboetan aurkitutako materiala tarteko, Sarrionandiak kontatutako «istorioaren historia» egin du Berrojalbizek. «Istorioaren arrastoak jarraitu ditut: zelan bidaiatu duen Koloniatik, XII. mendetik, Durangora, XX. mendera». Sarrionandiak kontakizuna XV. mendean kokatu zuen: Berrojalbiz, berriz, «atzera eta aurrera» aritu da denboran.

Liburuaren gakoetako bat emakumearen irudiaz egin izan den erabileran dago, ikerlariaren esanetan, eta horrek, aldi berean, testua «oso garaikide» bihurtzen duela uste du Berrojalbizek. «XII., XIII. eta XV. mendeetan emakumearen eta neska gazteen irudia ideia politikoak eta moralak hedatzeko erabili izan da, eta horrekin lotuta dago gure istorioa: interes desberdinei lotuta aldatuz joan da istorioa».

Liburua Donostiako Tabakaleraren Kearen politikak programaren barruan aurkeztuko dute igandean, Tabakaleran bertan: 18:00etan izango da ekitaldia, Z aretoan. Berrojalbizek, Ander Lipus aktoreak eta Maider Lopez Delgado biola jotzaileak parte hartuko dute: liburua aurkezteaz gain, Sarrionandiaren testuaren irakurketa musikatua egingo dute. Horrez gain, Durangoko Kurutzesantu museoan aurkeztuko dute liburua: hilaren 29an izango da, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.