Literatura. Pasarte hautatua. Julio Cortazar

Istorio hiperlaburrak

Julio Cortazar. BERRIA.
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun

'Istorioa'



Kronopio ttiki batek kalerako ateko giltza bilatzen zuen mesanotxean, mesanotxea logelan, logela etxean, etxea kalean. Hortxe gelditzen zen kronopioa, kalera ateratzeko ateko giltza behar baitzuen.

'Dortokak eta kronopioak'



Orain kontua da dortokak abiaduraren zale amorratuak direla, ulertzekoa denez.

Esperantzek badakite, eta bost axola zaie. Famek badakite, eta barre egiten diete. Kronopioek badakite, eta dortoka batekin topo egiten duten bakoitzean, koloretako klarion kutxatxoa atera eta dortokaren arbel biribilaren gainean enara bat marrazten diote.

'Benetako istorioa'



Gizon bati antiojuak lurrera erori zaizkio, harlauzen kontra jotzean zarata izugarria eginez. Gizona makurtu egin da, oso penaturik, antiojuen beirak garestiak baitira oso, baina harriturik ohartu da, mirariz, ez zaizkiola apurtu.

Orain gizonak esker on sakona sentitu eta gertatutakoa abisu lagunkoitzat hartu du; beraz, optika etxe batera joan eta larruzko estutxe akoltxatu babesgarri bikoiztuna erosi du, zer gerta ere. Ordubete geroago, estutxea erori zaio, eta kezkarik gabe makurtzean ohartu da antiojuak hauts eginik geratu direla. Gizonak tartetxo bat behar du konprenitzeko jaunaren bideak igartezinak direla eta benetako miraria orain gertatua dela.

IPUINAK

Egilea: Julio Cortazar.

Jatorrizko hizkuntza: gaztelania.

Jatorrizko izenburua: 'Historias de cronopios y de famas'.

Itzulpena: Gerardo Markuleta.

Argitaletxea: Erein.

Urtea: 1995.

Aurkezpena: Julio Cortazarrek (1914-1984) 1962ko otsailean argitaratu zuen Historia de cronopios y de famas mikropuin bilduma, haren liburuen artean ospe handiena lortuko zutenetako bat. Historia de cronopios y de famas ipuin hiperlaburrez eta pasarte soltez osaturiko lana da. Euskaraz hiru ipuin daude argitaratuak Ipuin hiperlaburrak bilduman (Igela, 1995). Liburu horretan, Cortazarrenlanez gain, Monterroso, Galeano eta Benedettiren ipuinak daude jasota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.