Eta galtzen bagara, zer? Erantzunik gabeko galdera hori erabili du izenburu gisa bere lehen liburuan Egoitz Zelaiak (Hendaia, Lapurdi, 1982). Gazteluma Iparraldeko idazle gazteentzako VIII. aldiko sariduna da. Autoreak berak adierazi duenez, berarentzako liburua eleberri bat da, baina ez omen dagokio berari hori zehaztea: «Nik eleberri gisa ikusten dut, ez dakit ipuin bilduma gisa ere har daitekeen. Liburua mintzatu beharko da hemendik aitzina».
Izan ere, zortzi kapitulu ditu, eta horietako bakoitzean pertsonaia baten istorioa kontatzen du, lotura bat dutenak euren artean, Zelaiaren arabera: «Justuki zortzi pertsonaiaren istorioak dira. Dena den, ez dira beti protagonistaren rolean».
Atal bakoitzeko pertsonaiak zer edo zer azaldu nahi duela aipatu du Zelaiak. «Egoera sozial edo politiko bat izan daiteke», haren arabera. «Independenteki irakurtzen ahal dugu, baina zerbait galduko dugu horrela», iritzi dio Zelaiak. «Arrunt irakurterraza» dela gaineratu du. Irakurleari utzi dio, halaber, mezua deskodetzeko ahalmena: «Liburuak galdera gehiago ditu erantzunak baino. Hori bakoitzaren interpretazioaren araberako izanen da». Pertsonaiez harago, Baionako eta Euskal Herriko txokoen arteko distantzia erakusten du liburuak. Epaimahaikideek ezaugarri hori nabarmendu dute zehazki.Gaineratu dute asko ikasi dutela eta gustura irakurri dutela eleberria.
Lapurteraz idatzita dago oro har, lehiaketako oinarrietako bat baita. Halere, beste euskalki batzuekin nahasten da. «Gozamenezko lan bat» izan dela adierazi du. Espero du gogo hori irakurleengana heltzea.
Bere lehen liburua izanagatik, eskarmentu handiko gaztea da. Beti egon da euskalgintzan barneratuta. Izan ere, euskal ikasketak egin zituen Gasteizen eta Baionan. Egun, bertsolaritza munduan dabil gehienbat, eta bertso eskoletako irakasle moduan lan egiten du. Irrati eta egunkarietako kolaboratzaile ere bada.
Irribarrez aipatu du ez duela bere burua idazletzat hartzen: «Ez naiz oraindik idazle sentitzen. Zailagoa da idatzia, hori betirako gelditzen da, ez bertsoak bezala». Irakurlea erakartzeko amua izan daitekeen edozer adierazi beharrean, liburuan aipatzen du «arrunt saltzaile txarra» dela.Hori idazle batek ez lukeela erran behar erantsi du, ostera. Gainera, badu buruan beste proiektu bat edo beste.
Eskerrak antolatzaileei
Gazteluma lehiaketa aspaldidanik ezagutzen zuela aipatu du Zelaiak, eta ausartu egin zela bere idatzi bat aurkezten. Eskerrak helarazi dizkie epaimahaikideei eta gainontzekoei liburua idazteko eman dioten aukeragatik: «Eskerrak liburua posible egin duten erakundeei».
Zelaiaren liburua Sarako Biltzarrean egonen da eskuragai Gazteluma sailean. Bestalde, abian da Gazteluma lehiaketaren IX. aldia, Baionako Elkar liburu denda, Elkar fundazioa eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzaz.
Istorio adina galdera
'Eta galtzen bagara, zer?' liburua kaleratu du Egoitz Zelaiak, Gazteluma lehiaketako saridunak.«Gozamenezko lan bat» izan da autorearentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu