«Bagaude, baina ez gaude. Beti gaude, baina inoiz ez gaude guztiz». Paisaiak margotzen aritu da Dora Salazar artista azkenaldian, baina emakumezko sortzaileen egoeraz aritzera eraman du horrek ezinbestean. Euskal Herriko hamar idazleren testuekin eta Bizkaiko 50 paisaiari eskainitako koadroak batuz osatu du Bizkaia emakumeen begiradan izeneko erakusketa. Emakumezkoak dira idazle guztiak, eta horregatik Salazarren hitzen aldarrikapen kutsu hori. «Azkenaldian, taldean lan egiten nabil, eta gustatzen zait dena neure esku ez edukitze hori». Bilbon jarri dute orain ikusgai lankidetza horren emaitza, Bizkaiko Foru Liburutegian. Abenduaren 30era arte egongo da zabalik erakusketa, eta irudiak eta testuak batzen dituen liburu bat ere kaleratu du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Argazkigintza eta pintura uztartu ditu 50 margolanak sortzeko Salazarrek. Elkarren osagarri bilakatu nahi izan ditu bi diziplinak. «Unearen eta eternitatearen arteko dileman kokatzen gaitu argazkigintzak». Artistak dioenez, ordea, azkenaldian ateratzen den argazki kopuru erraldoiak urrundu egin du argazkigintza iraunkortasun irudipena sortzetik. Eta horregatik erabaki du argazkiak pinturarekin nahastea. «Irensten gaituen zaharkitze programatu hori leuntzeko».
Eskualdeka antolatu dute erakusketa, eta gune horietako bakoitzari buruzko testu bana sortu dute idazleek. Salazarrek onartu duenez, literatur mundua ez zaio gertukoegi, eta laguntza behar izan du horregatik idazleak hautatu ahal izateko. Montxi Petralandarekin batera hautatu ditu idazleak. Hamar, guztira: Nagore Amondarain, Irati Jimenez, Itsaso Lozano, Toti Martinez de Lezea, Itziar Minguez, Nagore Orella, Txani Rodriguez, Maria Eugenia Salaberri, Lourdes Unzueta eta Ana Urkiza. Oroitzapenak baliatu dituzte batzuek lekuei buruz aritzeko, eta fikziora jo dute besteek. Bilbotik ihes egin nahiari, eta ihes egin ezinari kantatu dio Salaberrik, esaterako. «Bilbo, jaio eta hazi nintzen hiria, neure ametsak gertatzen/ diren lekua. Zenbat aldiz saiatu nintzen ihes egiten?/ Baina beti itzultzen naiz./ .../ Gauero, nagoen tokian nagoela, Bilbora itzultzen naiz. Eta neure memorian, beti egiten du euria».
Landa lanaren garrantzia
Ez da Salazarrek egiten duen gisa honetako lehen lana. Aurrez ere egina du testuak eta irudiak batzen dituen lan bat Bernardo Atxagarekin, adibidez. Donostiako paisaiak biltzen zituen erakusketak orduan. Bizkaia osoa hartu du oraingoan gaitzat artistak, eta margotu dituen gune guztietara egin du bidaia horretarako. «Niretzako proiektu honen alderik interesgarriena landa lana izan da, niretzako leku berri eta bakarrak aurkitzea, hementxe bertan daudenak». Identifikagarriak dira, gainera, haietariko asko. Bildumaren parte dira, besteak beste, Gaztelugatxeko ermita, Guggenheim museoa, Elantxobeko kaia, Butroeko gaztelua eta Gernikako arbola.
Istantaren eternitatea
Hamar emakumezko idazleren testuez baliatu da Dora Salazar Bizkaian kokatutako 50 paisaia margotzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu