Besteak beste, Israel Fernandez, Manuela Carrasco eta Raimundo Amador ariko dira Flamenco on Fire jaialdian

Jaialdia abuztuaren 23tik irailaren 1era arte egingo dute, Vianan, Tuteran eta Iruñean. Duguna dantzari taldea omenduko dute, haren 75. urteurrenean.

Israel Fernandez kantaria. DAVID RAUCH / EFE
Israel Fernandez kantaria. DAVID RAUCH / EFE
mikel lizarralde
2024ko maiatzaren 16a
13:18
Entzun

Aurten ere, abuztuko azken egunetan flamenko doinuz eta erritmoz beteko dira Viana, Tutera (Nafarroa) eta Iruñeko bazter ugari. 11. aldiz antolatu dute Flamenco on Fire jaialdia, eta, azken urteetan bezala, hainbat ziklok osatuko dute festibala. Gaur goizean eman dituzte jaialdiaren inguruko zehaztapenak, Iruñean, baina, Arturo Fernandez zuzendariak jakinarazi duenez, Flamenco on Fire osatuko duen zikloetako bat, «sorpresa» izango dena, jaialdia hasi bezperan iragarriko dute.

Nolanahi ere, programazioaren ardatzak definituta daude. Ziklo nagusia, Kontzertu Handiak izenekoa, abuztuaren 23an hasiko da, Vianako San Pedro elizaren inguruetan, Jesus Mendez kantariak, Antonio Molina El Choro dantzariak lagunduta emango duen kontzertuarekin. Hurrengo egunean, Jose Maya dantzaria Tuterako Gaztanbide antzokian ariko da.

Zikloak Iruñean segituko du, beste lau emanaldirekin. Andaluziako Flamenko Balletaren saioa izango da Baluarten 29an, eta Israel Fernandez kantaria ariko da 30ean. Josemi Carmona, Diego del Morao, Ricardo Moreno eta Dani de Moron gitarristek 31n joko dute Baluarten, eta saioan hainbat gonbidatu izango dituzte: Farruquito (dantza) eta Lela Soto nahiz Delis Membrive (kantua). Azkenik, irailaren 1ean Manuela Carrascoren emanaldia izango da Iruñean, eta hark ere hainbat gonbidatu izango ditu: Manuela Carrasco alaba, Remedios Amaya eta Anabel Valencia. 

XXI. mendeko flamenkoa

Flamenco on Fire jaialdiak tradizioari begiratzen dio, baina baita joera garaikideei ere, eta, hain zuzen ere, Iruñeko Zentral aretoa azken horien erakusleiho izango da. Abuztuaren 28an, Derby Motoreta's Burrito Kachimba taldeak bere azken diskoa aurkeztuko du (Bolsa amarilla y piedra potente), eta, 30ean, berriz, Raimundo Amador eta Emilio Caracafe gitarristak La Kaita kantariarekin batera ariko dira espazio berean. Irailaren 1ean, Califato 3/4 taldeak itxiko du zikloa.

Beste hainbat ziklo ere izango ditu musika jaialdiak. Adibidez, Iruñeko Tres Reyes hotelean urtero tablao bat ezartzen dute, eta aurten honako hauek igaroko dira bertatik: El Capullo de Jerez (abuztuaren 28an), Alba Heredia (29an), Aurora Vargas (30ean), Gema Moneo (31n) eta Remache, Paqui Rios, Delia Menbrive eta Ruben Lara (irailaren 1ean).

Bestalde, gaueko zikloaren barruan, Antonio Haya El Jaro eta Antonio Miguelesen emanaldia izango da, 24an, Tuterako Fernando Remacha kontserbatorioan; eta 27an, Gerardo Nuñez ariko da Nafarroako Jauregiaren balkoian, Iruñean.

Omenaldia Dugunari

Abuztuaren 28an Duguna dantza taldeari omenaldia egingo diote Iruñeko Udaletxe plazan. Aurten 75 urte bete ditu taldeak, eta, urteurrena baliatuta, Josemi Carmonak musika jarriko du egun horretan, eta Iruñeko taldeko kideak haren bueltan dantzatuko dira. Iruñeko udaletxeko balkoian ere izango dira emanaldiak, abuztuaren 29tik irailaren 1era bitartean. Han ariko dira Capullo de Jerez eta Ramon Trujillo, Israel Fernandez eta Antonio el Relojero, Aurora Vargas eta Miguel Salado, eta Remedios Amaya eta Diego del Morao.  

Beste hainbat espaziok ere saioak jasoko dituzte, Iruñeko La Perla hotelak —Salomoe Pavon, Mara Rey, Jolis Muñoz, Jeronimo Maya eta beste— eta Ezpeletako Jauregiak —Enrique El Extremeño eta Pedro Sierra, Los Panero...—, kasu batera.

Bestelako ekitaldiak ere antolatuko dituzte; esaterako, Sabicas gitarrista iruindarraren inguruko topaketak egingo dituzte, abuztuaren 29tik irailaren 1era.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.