«Orgia obraz hitz egitea Pasoliniz hitz egitea da». Hala esan du Hector Parra konpositoreak Orgia operaren aurkezpenean. Ia 50 urte igaro dira Pier Paolo Pasolini idazle, zinemagile eta intelektual italiarra hil zenetik (Bologna, 1922-Erroma, 1975), baina haren lanen lorratza agerikoa da oraindik ere: artistaren izen bereko filma oinarri hartuta konposatu du opera Parrak. Calixto Bieito Bilboko Arriaga antzokiko zuzendaria aritu da zuzendaritza lanetan, eta bera arduratu da operaren libretoa idazteaz ere. Bihar estreinatuko dute, 19:30ean, eta, saio horren ondotik, larunbatean berriro emango dute, 19:00etan. Arriaga antzokiak Gran Teatre del Liceurekin eta Castell Peralada jaialdiarekin elkarlanean ekoitzi du obra, eta, Bilboko estreinaldiaren ondoren, Europara bidaiatuko du.
Hiru ahots bakarlarirentzat sortu du obra Parrak: bi sopranorentzat eta baritono batentzat. Ausrine Stundyte eta Jone Martinez sopranoak eta Leigh Melrose baritonoa ariko dira kantuan, horrenbestez. Pierre Bleuse aritu da musika zuzendari, eta emanaldietan ere parte hartuko du: Parisko Ensemble Intercontemporain taldea zuzenduko du.
«Gaizki-ulerturik egon ez dadin: ez da porno opera bat», aurreratu du Stundytek. Ispiluaren aurrean kokatuko du ikuslea emanaldiak, eta «norbere munstroei» aurre egiteko ariketa bat izango da: «Bizitzan onak izan behar dugula irakasten digute,baina nora goazen ez jakite hori erakutsiko du obrak. Izan ere, beldurtu egiten gara norbere logelan, intimitatean, arauak hautsi eta munstroak ateratzen direnean: bertan azaleratzen dira ekintzarik basatienak eta gogoetarik sakonenak».
Bleusen arabera, «zaurgarritasunaren eta indarkeriaren arteko oreka» mantentzea lortu du Parrak musikaren bidez: «Poetika musikal bat modu lirikoan garatu du. Lan izugarria egin du». Esperientzia «transzendentala» izan dela erantzun dio konpositoreak, barre artean: «Poesia hunkigarriak erabiliz esaten ditu Pasolinik norberak entzun nahi ez dituenak. Erronka handia izan da».
Zehazki, 1968. urtean estreinatu zuen Orgia filma Pasolinik, bere egoera pertsonala salatzeko asmoz. Izan ere, bere bizitzako azken uneetan homosexuala zela kontatu zuen, eta «ekintza salatzaile gisa» ikusten zuen bere buruaz beste egitea. «Norbere buruaz beste egitea aukera bat da gizartea salatzeko, intolerantea, hipokrita eta ankerra baita finkatutako arauetatik kanpo daudenekin, mespretxatu egiten ditu; baina, hori eginez gero, horrelako pertsonak baztertzen dituen arrakala gaindiezinaren lekukotza ematen du», esan zuen artistak. Horren erakusgarri izango da operaren abiapuntua: obrako gizonezko pertsonaia protagonista urkatu egingo da emakume baten arropak jantzi eta gero.
Eszenografia ere berezia izango da. «Pertsonaien barnealdea eta kanpoaldea erakutsiko ditu. Ikusten dena eta sentitzen dena erakustea izango da asmoa», aurreratu du Bieitok. Birziklatutako edo berrerabilitako materialak dira erabili dituztenen erdiak; besteak beste, Erresuma/Kingdom/Reino eta Johannes Passion antzezlanetakoak. Horrez gainera, bigarren eskuko arropa erabili dute jantziteria osatzeko. Hala, obra hau izango da ETC European Theatre Conventioneko parametroen arabera egingo den aurreneko ekoizpen propioa. Aurrera begira, hori hobetzeko konpromisoa ere hartu dute, eta, gutxienez, Orgia-n erabili dituzten elementuen %65 berrerabiliko dituztela hitzeman dute.
Obratik harago
Parra eta Bieito elkarlanean aritu diren hirugarren aldia da —aurrez, Wilde (2015) eta Les Bienveillantes (2019) ondu zituzten elkarrekin—. «Operaren libretoa idaztean, Pasoliniren jatorrizko obraren bihotza jasotzea zen nire asmoa; baina, zalantzarik gabe, Parrak konposatu duen musika izan da hura ponpatzen duen odola». Prozesu osoan zehar talde gisa izan duten «konplizitatea eta energia» ere nabarmendu ditu zuzendariak: «Egia esan, hasieran kosta egin zitzaidan Pasoliniren obran barneratzea, baina oso harro nago talde osoak egin duen lanarekin eta emaitzarekin».
Obraz gain, operarekin lotura duen erakusketa bat ere ikusi ahal izango da Arriaga antzokiaren lehenengo solairuan. Parrak berak eginiko hamasei marrazki biltzen ditu, eta, horietan guztietan, gorputz enbor helenistikoak ageri dira. Parrak azaldu duenez, sorkuntza prozesuaren parte izan da beretzat marrazketa.
Ispiluari aurrez aurre begira
Pasoliniren obran oinarritutako 'Orgia' opera estreinatuko du bihar Bilboko Arriaga antzokiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu