Ispiluak, barrura begira

Fiodor Dostoievskik gizakiaren barne psikologia arakatu zuen, maisuki, 'Krimena eta zigorra' bere lan ezagunean. Orain bete dira 150 urte lehen aldiz argitaratu zuenetik.

Georgi Taratorkin aktorea, Rodion Raskolnikovena egiten, 1969an Nikolai Figurovskik zuzendutako filmean. BERRIA.
Ander Perez Argote
2016ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Idazlearen aurrekari pertsonalek literatur obran eraginik badute, Fiodor Dostoievskik (Mosku, 1821-San Petersburgo, 1881) bazuen nahikoa helduleku idazketarako nondik edan erabakitzeko orduan. Are gehiago: bada esaten duenik bizi izan zituenak bizi izan gabe nekez idatz zezakeela Krimena eta zigorra lan aparta. 1866an argitaratu zuen, desgraziaz beteriko bizi baten ostean. Errusiar mezularia literatur aldizkarian plazaratu zuen lana, aleka. Urtarrilean lehen zatia, abenduan azkena. Orain bete dira 150 urte literatura unibertsalaren izar horrek lehen aldiz argia ikusi zuenetik. Euskarara, ordea, ekarri gabea da oraindik.

1821ean jaio zen Dostoievski, Moskuko maila oneko familia batean. Gazte zelarik hil zitzaion ama, eta haren heriotzak depresio latzean murgildu zuen aita. Alkoholari emanda, indarkeriaz eta jarrera oldarkorraz erantzun zion galeraren minari. Aitaren lurretako langileak ez ziren haren bortizkeriaz libratu. Harik eta 1839ko egun batez, haren aurka matxinatu, torturatu eta hil zuten arte.

Dostoievskik luzez pairatu zuen aitaren heriotza horrek hasieran eragin zion pozarekiko damua. Sigmund Freudek esana da erruduntasun horrek eragin zizkiola lehen epilepsia kolpeak.

Mende erdi geroago jaio izan balitz, akaso, iraultzaile sonatua zatekeen. Tsarren Errusian jaio eta garatu zituen Dostoievskik, ordea, ideia sozialistak. Eta horrek, testuinguru hartan, bazuen prezio bat: atxilotua, espetxeratua eta heriotzera zigortua izan zen. Fusilatzera ere eraman zuten, ilaran jarria, fusilen kanoiek zelatatua. Soldaduak tiro egitera zihoazela agertu zen mezulari bat, tsarraren agindua eskutan: gera zezatela fusilatzea eta alda zezatela heriotza lau urteko lan derrigortuengatik. Dostoievski Siberiara, beraz, lau urterako.

Liburu bakarra izan zuen Siberiako egonaldi hartan: Biblia. Liburu horretan hustu zen, hartan bideratu bere ilusio eta esperantza guztiak. Kristautasun sutsu hartan bilatu zituen bere sufrikariorako azalpenak. Eta handik sortu zituen bere lan gehienetako pertsonaia prototipikoenak: koitadu zoritxarrekoak, urratuak, garai bateko okerraren damua daramatenak, baina ongia bilatu nahian dabiltzanak, barkatuak izateko, eta kalteak konpontzeko. Erredentzioaren bilaketa, finean. Pentsatzekoa da halako pertsonaia asko topatuko zituela Siberiako presondegi hotzetan, hiltzaile, lapur eta gaizkile saldoaren artean.

Raskolnikoven barrenak

Horietako bat da, azken batean, Rodion Raskolnikov ere, Krimena eta zigorra nobelaren protagonista. Ikasle pobretu bat, baliabide ekonomikorik gabea, arrebak bera laguntzeko sakrifiziorik egiterik onartzen ez duena. Egoera irauli nahian, adineko emakume dirudun bat akabatzen du, haren ondasunekin geratzeko. Une kritikoan agertzen da emakumearen ahizpa, eta lekukoa hiltzera behartua sentitzen du Raskolnikovek bere burua. Bi andre zahar, beraz, aizkora baten ahoaz akabatuak. Hori nobelaren abiapuntua.

Hortik aurrerakoa, laurehun orritan, barrura begirako ispilu garden bat da. Psikologia ariketa fina, orriz orri arakatzen duena Raskolnikoven barrenetan. Bere damuak, gaizkia eta ongiaren arteko zalantzak, beldurrak, konfesioak, kontzientziaren zamak eta moralaren mehatxuak, maisuki aztertuak. Eta dena San Petersburgoko XIX. mendeko kalezulo zikinek inguraturik, arratoien, zakarren eta ospe txarreko tabernen kiratsen giroan. Espazio hertsi horretan kokatzen du autoreak istorioa, iluntasun sakonean. Bitxia da iluntasun horretatik azaleratzea inoizko nobela distiratsuenetako bat.

Koralitatera jotzen du Dostoievskik lanean, baliabide bila. Hala, sukarraren eldarnioan, nora ezean, hiriko kaleak alderik alde gurutzatzen dituenean, asko dira Raskolnikovekin gurutzatzen diren pertsonaiak. Horietako bakoitzak badu gertakarien inguruan zeresana, badu moral propio bat, iritzi bat. Horien bitartez azaleratzen dira hiltzailearen kontraesan eta sakoneko zalantzak, finean, giza espezie osoaren patuari buruzkoak direnak.

Stefan Zweig idazle austriarrak Dostoievskiri buruz esan zuen ez zela historian giza arima hark bezain ongi ezagutu zuenik. Barne psikologia era literarioan azaltzeko gaitasun horrek, hain justu, Dostoievskiren obraren inguruko analisi askotarikoak eragin ditu. Nobela, gainera, hogei bat alditan pantailaratu da zineman, bertsio ezberdinetan, eta antzerkirako bazka ere izan da behin baino gehiagotan. Efemeride borobilak, agian, berrargitalpen berriak ekarriko ditu. Aukera ona litzateke literatur unibertsalaren gailurretako bat berriro irakurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.