Barbara Stammel. Artista

«Ispilu joko bat proposatu nahi diot begira dagoenari»

Ostegunean inauguratu zuen erakusketa Stammelek, Zarautzen. Erretratuak bodegoi bizidun batean. Kamioikada bete margolan, baserriko eta itsasoko fruituen azoka betean. Inaugurazio aurreko prestaketen kronika da segidako elkarrizketa.

GORKA RUBIO / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Getaria
2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Mende laurden joan da ia Barbara Stammel (Socking, Alemania, 1960) euskal kostaldeko herri honetan ezarri zenetik. 1994an izan zen. Getarian (Gipuzkoa) aurkitu zuen bizitzeko eta sortzeko gune aproposa. Bertan bihurtu zuen pabiloia zena estudio; bertan hartu du kazetaria, Lili txakurrari lepokotik eusten dion bitartean. «Gaztea da, eta jendearen gainera jauzi egitea gustatzen zaio». Estudioko atea ireki, eta barrura azkar sartzeko keinua egin du. Eta, barruan, gela bat baino gehiago; «hotzaren arabera» mugitzen dituen margoak eta oihalak nonahi. «Hau neguko txokoa da». Berotzen errazena. Lurra, potez beteta; paretak, aurpegiz. Barbara Stammelen koadroak. Barruko ezdakizunzer hori ezdakizunola ukitzen dizuten begirada eta espresio erraldoi horiek. Txikiagoak ere badaude. «Begira, hauek ordenagailu pantailen gainean margotuak dira. Kristalaren gainean aritzea bezala da». Sentimendu, irudi eta objektuen eraldaketa. Birziklapen emozionala eta materiala. Ostegunean Zarauzko Merkatu plazan (Gipuzkoa) inauguratu zuen erakusketarako prestaketa betean.

Obra asko ari zara prestatzen Zarauzko erakusketarako.

Kamioikada bat beteko dut. Hamabostetik gora oihal handi eramango ditut gutxienez, eta oraindik zehazteko daukat lan txiki kopurua. Ez da erakusketa txikia izango, ez.

Eta erakusketarik ez duzunean?

Lanean segitzen dut. Egunero egiten ditut sei-zazpi ordu. Etenekin, baina ordu horiek egiten ditut. Hemengo paperezko poltsa hauek, esaterako, egunen batean erakutsiko ditut, beste erakusketaren batean. Argizariz eta arkatzez margotuta daude aurpegiak, kraft paper gainean, eta arbola moduko bat, egitura bat, egingo dut, poltsok zintzilikatzeko. Egitura horiek pentsatu egin behar dira, eta badut laguntzaile oso ona herrian, soldatzailea. Hark laguntzen dit buruan daukadana gauzatzen.

Kraft papera, oihalak, ordenagailu pantailak... Euskarriekin jolastea gustatzen zaizu.

Materialak asko gustatzen zaizkit. Oihalak ere, garai batean, asko bilatu nituen dendetan. Zein oihal klase zeuden, zein kolore eta zein testurarekin. Hainbesteko indarrarekin margotzen dut, oihalen atzeko gurutzea, egitura hori, igarri egingo litzateke beti. Nahiago dut, beraz, neronek jarri egitura hori. Prozesu guztia kontrolatzea gustatzen zait. Egitea. Hori da interesanteena, egiteko prozesua.

Eta nola hasten zara, adibidez, erakustear zauden hauek bezalako margolan handiak egiten?

Hasteko, brotxa lodi batekin, kolore bat ematen diot oihalari. Kolore horren gainean hasten naiz margotzen, eraikitzen. Prozesuaren arabera, kolore hori tapatuta geratzen da, ala ez.

Argazki bat izaten duzu abiapuntu, hala ere.

Horko kamerarekin ateratzen ditut argazkiak, bai. Nikon txiki bat da. Argazkilaritza ere asko gustatzen zait. Duela urte batzuk egin nuen argazki handi sail bat eskuz errebelatu nuen. Orain, buruan dauzkat ideia batzuk, basoan argazkiak ateratzeko. Beste kamera bat behar nuke horretarako, baina.

Indarrarekin margotzen duzula zenioen.

Bai. Oso fisikoa da. Lan asko da, eskailera batekin gora eta behera, eta indarra behar da noizbehinka. Fisikotasun horrek lagundu egiten dit barrua askatzen, sormen prozesua ez delako buruko lan bat, arrazionala. Zure ideia guztiak eta helburuak ahaztu eta sartu egin behar duzu hor. Hala egindakoan aterako da zerbait berria. Nik hala egin behar dut lana. Bestela, zuk dagoeneko badakizun bezala aterako da lana beti.

Behin baino gehiagotan esan izan duzu errealitate batetik abiatzen zarela zu, baina ez duzula sekula jakiten nora eramango zaituen bideak.

Eta halaxe da. Ni beti atzetik noa, zer etorriko zain. Horretan jarraitzen dut.

Hala ere, errealitate izoztu batetik, argazki batetik abiatu ohi zara ezezagun horren bila.

Horrexegatik, Zarauzko erakusketaren izena Irudia, erretratua, simulazioa da. Jendeak basakeria puntu bat ikusi izan du nire lanetan, desatsegina egiten zaio...

Deserosoa ez ote da hitz zehatzagoa, baina?

Nire ustez, bai. Askoz interesgarriagoa iruditzen zait deserosotasuna zerk eragiten dion pentsaraztea ikusleari, zerbait polita erakustea baino. Pentsatzen duguna ikusten dugu, besterik ez. Dena erraz doanean, ez zara ohartzen aurrean duzunaz. Zerbait gaizki badoa, baina, orduan hasten zara beste prozesu batean, eta niri hori interesatzen zait, nire ikuspegia irekitzea.

Zeuri ere deserosoa egiten al zaizu sortze prozesua?

Askotan bai. Plazeretik ere badu, baina momentu askotan zeure burua eta jarduna auzitan jartzen ari zara. Beti da horrela. Koadro hau, esaterako [jaiki eta parean duen margolanarengana doa], ezin orekatuta nago. Goialdea interesgarria iruditzen zait, baina behealdea ezin indartuta nabil. Zain nago, noiz etorriko zaidan zer egin ikusteko momentua. Prest egon behar baituzu. Badakit arraroa ematen duela, baina prest egon behar duzu, ezer zehatza nahi izan gabe.

Eta ez datorrenean?

Batzuetan, koadroan ondo ikusten dudan partea tapatu egiten dut, gainontzekoa lantzen hasteko, eta hala, askotan, zerbait berri etortzen da.

Erosotasuna zoriontasunaren sinonimotzat jo ohi da egun, eta deserosotasuna gero eta okerrago ikusia dago. Presiorik sentitzen al duzu zure lana leuntzeko?

Autozentsura ere badaukat, jakina. Ezin duzu ezer propioa egin jendeak esango duenaz arduratzen bazara, baina presioa badago. Askotan pentsatzen dut jendeak egunero irakurtzen duela egunkaria, eguerdiko albiste eta irudi ezin gogorragoak ikusten dituela, batere asaldatu gabe, eta, gero, nireak bezalako koadroen aurrean urduritzen direla.

Lucien Freud eta Marlene Dumas datoz gogora, besteak beste, zure lanak ikusita.

Nahiko nuke, aizu [barreka]! Asko-asko gustatzen zaizkit. Paula Rego eta beste ere bai. Margolari on asko daude, eta gustuko ditudanei begira egoten naiz. Nola egiten duten lana, zein material erabiltzen duten... Besteren lanak beti dira interesgarriak. Aspaldi honetan ez naiz ari asko mugitzen, baina. Lehen, asko joaten nintzen Madrilera, esaterako, galeria batek aldiro erakusketa antolatzen zuelako nire lanekin. Galeria itxi egin zuten, baina, eta ez dut besterik aurkitu han. Bartzelonako galeria batekin ere hasi nintzen, baina elkarlana ez zen mamitu. Donostiako Ekain galeriarekin lanean segitzen dut, besteak beste, baina ortzimuga ireki nahi dut orain, Alemania aldera eta. Margotzen ari naizenean, baina, ez nago beste ezertarako; eta zabalkundeari begira nagoenean ezin dut margotu.

Ixten diren galeriak aipatu dituzu. Zerbaiten adierazle izango da hori. Nolakoa ikusten duzu zure erretratuen begiradaren aurrean jartzen direnen begirada?

Zenbaitek oso begi onez hartzen naute. Orokorrean, baina, ez dago artearekiko interesik. Jende gehienak, gaur egun, ez daki bereizten margolana serigrafiatik, argazkitik. Oraintxe bertan, jendeak ez du nahi artelan bat, baina uste dut poliki-poliki etorriko dela hori berriro. Gure lekua bilatu behar dugu, eta, behin aurkitutakoan, hor loratu eta hedatu. Sinesten dut nire obrek badutela bide bat egiteko, eta hori ere nire lana da.

Etorkizuneko bide hori hemen irudikatzen al duzu?

Neure burua bai, hemen imajinatzen dut, baina nire arteak irten egin behar du kanpora.

Eta orainaldi hau irudikatu al zenuen?

Hauxe justu ez, baina herri txiki batekoa naiz, eta Getaria aterpe ederra da.

Tokia gorabehera, margolari irudikatzen al zenuen zeure burua?

8 urte nituen margolaria izango nintzela esan eta margotzen lehen argazkia atera zidatenean. Lortu dut margolari izatea, baina bidea ez da hain zuzena izan. Etxean ez zen batere onartua ni artista izatea. «Nola biziko zara?», galdetzen zuten. Beste ikasketa batzuk hasi nituen, baina arte ederren fakultatean ikasketak hasi nituen ezkutuan. Halaxe hasi nintzen.

Ordutik honako bidean, zein garapen izan du Stammel margolariak?

Intentsoagoak dira nire lanak. Hasieratik egin dut lana pigmentuekin; olioak erabili ditut. Eta beti izan naiz eskulanak egin zalea oso. Eskulanetan ari naizenean, pentsatzeari uzten diot, eta horrek lagundu egiten dit askatzen, lehenago esan bezala. Gerhard Richter margolariak esaten du bere margolanak bera baino buruargiagoak direla. Esan nahi duena da egilearen mundua gainditzen duenean bihurtzen dela obra bat on, sormenak hazten laguntzen digula. Oso interesgarria iruditzen zait. Kultura, arteak, hazteko tresna bat dira. Eta inork ez du benetako interesik, nire ustez, kultura bultzatzen, ez gaituztelako hazten ikusi nahi. Lotuta nahi gaituzte, kontsumitzen.

Indibiduoz indibiduo, kolektibitate bitxi bat sortu ohi duzu erakusketetan. Beti jende asko dago ikusgai zure erakusketetan.

Batez ere, begira dagoenarentzako ispilu joko bat proposatu nahi izaten dut. Erakusketa ikustera joandakoek beraiei begira hainbeste aurpegi ikustea interaktuatzeko modu bat da. Erakusketa honetako paretetako jende guztiak, hala ere, ez dio zuzenean begiratuko bisitariari: bakarren batek alboetara begiratzen du.

Ondoan duzun handi horrek ez, horrek aurrez aurre begiratzen du. Zure ama da, ezta?

Hilde da, bai. Denbora da amaren gainean margotzen hasi nintzela. Lehen lanak egin nituenean oso inpresionatuta nengoen haren azken urteetako bizitzarekin, zeukan gaixotasunagatik. Hori barruan daukazu, eta sufrimendua eragiten dizu. Barruan neukan hori guztia atera nuen, eta, hori azaleratu ostean, amaren beste oroimen batzuk datozkit orain. Sukaldean mahaira eserita, garagardo bat hartzen, hain berea zuen umore garratzetik txantxak egiten... Momentu alaiak gogoratzen ditut orain, eta hori atera nahi dut. Nire prozesua da, baina uste dut ikuslearen interesekoa ere izan daitekeela, gaitza, agurra, heriotza eta beste denon bizitzetan dagoelako.

Parean daukagun Hilde honek, esaterako, beste begirada klase bat dauka.

Iaz hasi nuen Zarautzen erakutsiko dudan serie hau, oroimen gozoago, baikorrago horretatik. Serie honetako bost lan handi eta bi txiki jarriko ditut ikusgai.

Horko marmolezko piezak ere Zarautzen erakutsiko al dituzu?

Bai. Ez nituen koadroak bakarrik erakutsi nahi. Monotipoak dira, eta kimiko batekin daude eginak. Argazkia, fotokopia edo fotokopiaren argazkia dute oinarri.

Monotipoak...

Bai. Ale bat bakarrik existitzen dela esan nahi du. Horrelako bat eta bakarra. Ez da izango ediziorik, seriatua.

Marmolarekin lana egiten nola moldatu zara?

Landu gabe baldin badago, euskarri ederra da. Italiara egin nuen bidaia baten emaitza dira. Hango margolarien lanak, paisaiak... daude hemen. Badago bat, esaterako, postal batetik hartua. Han erosi nuen, hasi nintzen fotokopiak egiten eta handitzen, eta, bat-batean, bikote bat agertu zait! Postala erostean ez nintzen konturatu.

Serieak ohikoak dituzu. Zergatik?

Koadro bakarrarekin ez naizelako asetzen. Bat egiten bukatzen dudanean, ondo dagoela irudituta ere, berriro egiteko gogoa pizten zait, ea zer ateratzen zaidan. Eta beti ateratzen da zerbait desberdin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.