Ispilu deformean zehar, umorez

Ramon Agirre eta Niko Lizeagak 'Bejondaigula!' estreinatuko dute gaur, antzerkiko bi aktore beteranori buruzko obra

Ramon Agirrek eta Niko Lizeagak errealitatearen eta fikzioaren arteko mugetan dabilen ikuskizuna eskainiko dute. JAGOBA MANTEROLA/ ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Sinopsiari begiratuta akaso ematen ez badu ere, Bejondaigula! umorezko antzezlana da, komedia kodean sortua, barre eginaraztekoa. Hori diote behintzat Ramon Agirrek eta Niko Lizeagak, bi aktore beteranori buruzko obra antzezten duten bi aktore beteranoek, eta Viktoria Eugenia antzokiko Club aretora agertzeko deia egin diete ikusleei, 22:30ean gaur eta bihar, eta gauerdian Aste Nagusiko gainerako egunetan, hilaren 14an salbu —ez baita emanaldirik izango—. «Izozkia barruan bukatzen utziko diogu hala behar duenari», jakinarazi dute.

Carles Albeolak jatorriz katalanez idatzitako obra eskainiko du bikoteak, zeina 30 urtean elkarrekin lanean aritu diren antzerkiko bi aktorek azken emanaldia eman aurreko unean hasten den. Ikuskizunak bi zati nabarmen ditu: lehendabizikoan, metaantzerkia lantzen dute, aktoreak agertokira irten aurreko uneak erakusten dituzte, artisten gelaren barruko elkarrizketak, antzerkiari buruzko gogoetak etabizitzaren inguruko galdera filosofiko tankerakoak. «Ikuslea atearen zirrikitu batetik begira dago zati horretan, voyeur baten gisara, gure tokirik intimo eta pribatuenean ikusten gaitu prestakuntza lanetan», azaldu du Agirrek.

Aldageletako urduritasun giro horretan, elkarren aurkako ikuspegia erakusten dute pertsonaiek, asmo zirtolariz. «Jolas moduko zerbait da gehienetan», dio Agirrek, «eztabaida pizte hutsagatik egiten diote elkarri aurka. Baina bai, beti daude bi jarrera antagoniko, eta bien arteko dialektika hori umorearen bidez garatzen da, arma nagusia adarjotzea dute ». Hala uste du Lizeagak ere, pertsonaiek badutela elkarrekin komunikatzeko kode berezi bat, umorezkoa. «Sekulakoak esateko gai dira aurpegiko zimurrak mugitu ere egin gabe».

Bigarren zatian, ostera, laugarren horma hori hausten da, agertokira irteten dira, eta ikuskizunari ekiten diote. Kontuak kontu, ordurako ikusleek aktoreen pribatutasuna urratu eta haien bizitzako kontuak aditzeko parada izan duten neurrian, ispilu deformearen jokoa hasten da errealitatearen eta fikzioaren artean, horiek elkar elikatzen dutelarik. «Oholtzara presaka antzean irteten dira, eta gai batzuk geratzen zaizkie eztabaidatzeke. Orduan, lehenago amaitu gabeko hizketa gai horiek tartekatzen dituzte emanaldian. Hor dago gogoeta, fikzioan beti sartzen dugula guk atzetik dakargun motxila hori», dio Agirrek. Lizeagak uste du edozein aktoreri beti gertatzen zaiona erakusten duela lanak, hots, gehienetan norberarengandik abiatuz sortu ohi dela pertsonaia.

Euskal Herriko egoera soziala jopuntuan duen ikuskizun bat prestatu dute, bertako erreferentziaz josia. «Lehen zatia unibertsalagoa da, eta kasik bere horretan itzuli dugu. Aldiz, bigarrena, berez Valentziako (Herrialde Katalanak) komunitateko berezitasunen gainean eraikitakoa da, eta moldaketarik handienak hor egin behar izan ditugu», azaldu du Lizeagak. Hortaz, Guggenheimez, sukaldaritzaz, Maialen Lujanbioz eta beste zenbait gaiz arituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.