Literaturaren eta boterearen arteko harremanak zeharkatu zuen Ismail Kadareren (Gjirokaster, Albania, 1936) obraren zati handi bat, eta, horretarako, errealitateari so egitea besterik ez zuen behar izaten gehienetan. Egiazki gertatuak zituen abiapuntu sarri. Serbia eta Kosovoren arteko gatazkari begira, esaterako, kontatu zuen 1934an Iosiv Stalinek Boris Pasternak idazleari Moskun egindako deia, eta kontatu zuen, era berean, Enver Hoxharen agindupean Albanian izandako errepresioari buruz. Hark idatzitakoek itzal handiko obra osatu dute XX. mendeko literaturan, eta itzal handiko bihurtu da, hala, bera ere; nazioartean nabarmen miretsia. 88 urterekin zendu da, bere editoreak AFP albiste agentziari jakinarazi dionez.
Sorterrian, Gjirokastran bertan, egin zituen lehen ikasketak; eta Moskun, Tiranako letretako fakultatean eta Gorki Institutuan, berriz, propio literaturari lotutakoak. 1960an, Albaniaren eta Sobiet Batasunaren arteko harremanek okerrera egin zutenean, Kadarek Albaniara itzuli behar izan zuen, eta, orduan, kazetari aritu zen hainbat egunkaritan eta kultura gehigarritan. Are, eskarmentua eta sona erdietsi zituen bide horretan, Les Lettres Albanaises frantsesezko egunkariko editore nagusia izateraino.
Garai hartantxe argitaratu zituen bere lehen olerkiak. Horretan, idazleak berak aitortua zuenez, Lasgush Poradeci poeta albaniarrak ikusteko handia izan zuen; literaturazaletasunak ez ezik, adiskidetasun estu batek ere lotzen baitzituen bien bizitzak. Lehenbiziko poema bilduma 1954an argitaratu zuen –Frymëzime djaloshare (Gaztaroko inspirazioak)–, eta ondotik eman zuen, esaterako, Ëndërrimet (Amets gaiak), 1957an.
Edonola ere, 1963an argitaratutako Armada hileko jenerala liburuaren itzulpenek zabaldu zuten Kadareren lana nazioartera, eta Albaniako idazlerik ezagunena eta itzuliena da geroztik. 1960an Moskutik Albaniara itzultzera behartu zuen Albaniaren eta Sobietar Batasunaren arteko harremanen etenak, eta, gerora ere, tirabira bat baino gehiago izan zuen Enver Hosharen erregimenarekin. Azkenik, Parisen erbesteratzea erabaki zuen 1990ean, garai hartako gobernuari demokraziarako urratsak eskatu ostean. Eta tantaka, eta Pasternaken eta Stalinen arteko telefono deiari buruzko obsesioaren ispiluak desitxuratuta bada ere, gorabehera horietako batzuen printzak eskaintzen dituen liburua idatzi zuen 2018an: Kur sunduesit grinden. Rreth misterit të telefonimit Stalin-Pasternak (Agintariak borrokatzen direnean. Stalin-Pasternak telefono deiari buruzko misterioaz).
Kadareren bi lan oso irakurri daitezke euskaraz, Juan Mari Arzallusek itzulita biak. Stalin eta Pasternaki buruzko liburuan Kadarek aipatzen duen Hiru arkuko zubia eleberria da haietako bat (Literatura Unibertsala Bilduman), eta H. Dossierra da bestea (Alberdania).
Kadarek berak ere ezagun zuen Euskal Herria, bestalde. Bilboko Barrea saria jaso zuen 2012an, eta, aurrez, Gutun Zuria jaialdian izan zen 2009an. Irune Berro kazetariak elkarrizketatu zuen orduko hartan BERRIArako, eta, hain justu, bizitza eta literatura uztartzearen zailtasunaz aritu zitzaion idazlea. «Askok uste dute idazlearen bizitza bera dela bere literaturaren iturri nagusia. Baina ez da guztiz egia. Bizitza bera literaturarako bazka izan daiteke, baina traba ere bihur daiteke. Tentuz ibili behar da. Bizitza oztopo bilaka daiteke idazlearentzat, idazleak ez badu argi bere bizitza nola erabili nahi duen sorkuntzan. Halakoetan, pozoi bilaka daiteke. Lagundu baino gehiago, traba egin diezaioke. Bizitza ezin delako edozein modutan txertatu literaturan. Izan ere, bizitza eta literatura gidatzen dituzten arauak arras desberdinak dira elkarren artean. Areago, arau batzuk kontrajarriak dira. Bizitzan zentzu bat duen gauzak ez du zertan zentzurik izan literaturan».
Erlazionatuta
Bestalde, idazlearen jokabideari buruz mintzo, adierazpen hauek utzi zituen Kadarek umoreaz eta askatasunaz. Idazlea sinetsia zen «libre sentitzea» ezinbesteko elementua dela baldin eta umorea jorratu nahi bada: «Begirada askea izan behar du, eta dogmetatik urrun egon, erregimena tankera batekoa zein bestekoa izan: komunista, nazia edo faxista».