XX. mendeko euskal abeslari garrantzitsuenetakoa izan zen Luis Mariano (Irun, Gipuzkoa, 1914-Paris, 1970), eta baita nazioartean itzal handienetakoa izan zutenetako bat ere. Figura horren bizitza eta obra omentzeko asmoz, Bilboko Arriaga antzokiak Luis Mariano. Mugarik gabe. Oroimenerako kantuak eta irudiak musika ikuskizuna taularatuko du igandean (19:00). Calixto Bieito Arriagako zuzendari artistikoa arduratu da ikuskizuna eszenaratzeaz, eta protagonista nagusi bat izango du, Ismael Jordi tenor espainiarra (Jerez de la Frontera, 1973). Nazioarteko ibilbide sendoko abeslaria da Jordi, ohikoa agertoki handietan, eta lasterNewYorkeko METen egingo du debuta.
Arriagak iragarri duenez, ikuskizunak Luis Marianoren bizitzari eta, batik bat, haren obrari begiratuko dio. Eta, hain zuzen ere, kantariak ezagun egin zituen kantuak interpretatuko ditu Jordik; besteak beste, Violetas imperiales, La fiesta bohe?mienne eta La belle de Cadix.
Ruben Fernandez Agirre ardurako da ikuskizunaren musika zuzendaritzaz, eta, horrez gain, pianotik gidatuko ditu partiturak. Talde instrumentala, berriz, musikari hauek osatuko dute: Charles Bingham biolinistak, Ignacio Araque biolontxelo jotzaileak, Luis Alberto Requejo klarinete joleak eta Narciso Gomez perkusionistak.
Calixto Bieitoren ikuspegi eszenikoa izango du ikuskizunak, eta, antzokiak zehaztu duenez, eszenaratzean elementu bisualak eta irudiak sartuko ditu. «Helburua da ikusleei ibilbide emozional bat eskaintzea Luis Mariano tenor handiaren bizitzan eta obran barrena».
Ismael Jordi tenorrak Luis Mariano omenduko du igandean, Arriagan
Calixto Bieito arduratu da, elementu bisualak eta irudiak baliatuta, kantariaren bizitzan eta obran oinarritutako ikuskizuna eszenaratzeaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu