«Espazio baten faltak bultzatuta sortu dugu Isla. Besteak beste, euskaraz sorkuntza garaikidearen bueltan gertatzen ari diren prozesu eta esperientziez berba egiteko espazio baten beharragatik». Elkarren artean eta inguruko lagunekin kulturari buruz izaten zituzten elkarrizketak, biziak izanik ere, inongo lorratzik utzi gabe desagertzen zirela sentitzen zuten Elena Olabe idazle eta Arteren Historiako doktoregaiak eta Jone Erzilla artistak. «Ez ziren inon geratzen». Horregatik piztu zitzaien aldizkari bat sortzeko asmoa, eta, urtebeteko lanaren ostean, horregatik eman dute argitara Isla aldizkariaren lehen zenbakia. Olabek onartu duenez, hasieratik izan zuten argi aldizkariak euskara hutsean egon behar zuela ere. «Artearen arloan erabili izan ditugun iturri gehienak gaztelerazkoak edo ingelesezkoak dira, eta maiz igarri dugu hori arteari buruz euskaraz idazten saiatu izan garenean; asko kostatzen zitzaigun gai horiei buruz euskaraz pentsatzea, eta horregatik erabaki genuen alor horretan ere saiakera egitea».
Maria Cascon artistaren hainbat argazki bildu ditu aldizkariak, eta harena da lehen zenbakiaren azaleko irudia ere. Bi esku ikusten dira lehen-lehen planoan, eta, denboraren eraginez ia erabat ezabatu direnez gero, ozta-ozta irakur daitezke l, o, v eta e hizkiak eskuineko eskuaren falangeetan. Apenas diren orban ubel batzuk. Baina, hain justu ere, hitz hori hautatu dute aldizkariko kideek lehen zenbakiaren azpiizentzat. Love.

Olabek esan duenez, hasieran ez zekiten erabat ziur aldizkaria argitaratu egingo ote zuten azkenean, eta, horren ondorioz, «nahiko modu naturalean» jo zuten inguruko jendearengana kolaborazio eske. Baietz esan zieten, ordea, eta, hala, Casconenaz gainera, besteak beste, ondorengo sortzaileen ekarpenak ere jaso dituzte, azkenean: Akane Saraiva, Irantzu Ialdebere, Maria Cascon, Arrate Erdoiza, Izaskun Araluzea, Martin Ziriza, Maddi Iraeta eta Jon Ibalarenak, hain zuzen ere.
«Artearen arloan erabili izan ditugun iturri gehienak gaztelerazkoak edo ingelesezkoak dira, eta maiz igarri dugu hori arteari buruz euskaraz idazten saiatu izan garenean»
ELENA OLABE'Isla' aldizkariaren editorea
Azkenean, 76 orriko argitalpen bat atera dute, eta 15 euroan jarri dute eskuragarri. Aldizkarirako argazkiak ez ezik, aldizkariarekin batera emateko opari bat ere hautatzeko ere eskatu zioten Casconi, eta, horregatik, arkatz bat ere jasoko du erosle bakoitzak argitalpenarekin batera, artistak objektu hori aukeratu zuen eta. Olabek onartu duenez, gauza bera egin nahi lukete hurrengo zenbakietan. Irudiaren esparruan lanean dabiltzan sortzaileei aukera eman nahi diete aldizkarian «nahi duten bezala» esku hartzeko, eta, aldi berean, irakurleentzako opari bat aukeratzeko ere eskatuko diete. Hori gogoan izanda hautatu dute aldizkariaren lehen atalaren izena : Oparia x2.
Bestalde, argi zuten kritikak ere bildu nahi zituztela. Baina ez zuten formatu itxiko kritikarik nahi. «Ez genuen gura kritika konbentzionalik», azaldu du Olabek. «Marko bat eta egitura bat eman gura genien, baina malguak izanda». Hori dela eta, egile bakoitzak bere modua asmatu du iruzkina egiteko. Eta kritika izendapena eman beharrean, gainera, anpuluak deitu diete testu horiei. Olabe: «Jendeari plazeretik idazteko aukera eman gura izan diogu horrela».
Eta, hain zuzen, esperientzia pertsonalekin eta lagunekin izandako solasaldiekin zipriztinduta daude Isla-ko iruzkin gehienak.
Eguneroko itxura
Arrate Erdoizak Emakume baten borroka eta metamorfosia antzezlanari buruzko iruzkin bat idatzi du, esaterako. Eta Olabek eguneroko baten formatuan eman du Andrea Arnolden Bird filmak sortutako gogoeten berri Azeri pausoz izeneko testuan. Nan Goldinen This Will Not End Well erakusketari buruzkoetatik abiatu du bere testua Irantzu Ialdeberek, baina erreferentzia sarea zabalduz joan zaio gero. Azkenik, autogestioak musikan duen garrantziaz egin du gogoeta Martin Ziriziak Autogestioari disdira iruzkinean.
Oraingoz bi saltokitan eskuratu daiteke aldizkaria: Bilboko Anti liburu dendan eta Durangoko Artekan
Gömböc izeneko objektuei buruz idatzi du Jon Ibalak Bitxigela ataleko bere testua. Azaltzen duenez, bi oinarri dituzten objektuei esaten zaie hala, betiere bi oinarri horietako bat egonkorra eta bestea ezegonkorra bada, eta, hain justu ere, pintatzeko ere bi joera horiek beharrezkoak direla adierazteko baliatzen du adibidea gero. Lekuei eta haiekiko harremanari buruzko testu bat ondu du Akane Saraivak, eta Adrian Campos artistaren lanek pizten diotenaz mintzo da Maddi Iraeta bere iruzkinean. Liburuekin idazten izeneko atalarekin amaitzen da aldizkaria, eta, tarte horretarako, Izaskun Araluzea artistari eskatu diote testu bat idazteko.
Oraindik ez dute aldizkariaren maiztasunari buruzko erabakirik hartu, baina Olabek ziurtatu du jarraitzeko asmoa dutela. Sarea zabaldu nahi luketela ere esan du, eta lehen zenbakia osatzeko baliatutako sareaz harago joan nahi dute horretarako. Oraingoz bi saltokitan eskuratu daiteke aldizkaria. Bilboko Anti liburu dendan, batetik, eta Durangoko Artekan, bestetik. Edonola ere, aldizkariko editoreek azaldu dute asmoa dutela saltoki gehiagotan eskuragarri jartzeko.