Ostiralekoa. Ramon Lazkano. Konpositorea

«Isiltzean has gaitezke aurrez zegoena entzuten»

Euskadiko Orkestrak Lazkanoren 'Mare Marginis' obra berria estreinatuko du gaur, Bilbon. Konpositorea pianoaren soinu ezkutuak entzuten aritu da lan hori idazteko.

JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun

«Barkatu, e, segundo bat». Entsegua amaitu berritan eseri da Ramon Lazkano (Donostia, 1968) kazetariaren aurrean, eta tarte bat eskatu dio lehendabizi, aldartea egokitu behar duela eta. «Entseguen ostean, halako beheraldi bat izaten dut. Exijentea izaten da, intelektualki eta emozionalki. Batez ere estreinaldi bat denean». Mare Marginis du lan berria konpositoreak, eta gaur estreinatuko du Euskadiko Orkestrak, Robert Treviñoren zuzendaritzapean. Radio France, Westdeutscher Rundfunk WDR eta Euskadiko Orkestraren enkargu bat izan da, eta Alexandre Tharaud pianistak estreinatuko du. «Bion artean pentsatu genuen obra hasieratik». Apal hitz egiten du, eta orkestra grabagailura sartu da, entseatzen segitzen baitu metro batzuk atzerago. Mahlerren bosgarren sinfoniarekin ari dira, hark osatuko baitu EOren programa berria. Izatez, Parisen ziren estreinatzekoak iragan larunbatean —han bizi da Lazkano—, baina musikariek bat egin zuten pentsio erreformaren aurkako grebarekin, eta kontzertua bertan behera geratu zen. Gaurkoa izango da, beraz, behin betiko estreinaldia, Bilbon; eta Donostiara —20an eta 23an—, Iruñera —21ean— eta Gasteizera —22an— helduko dira gero.

Zein da zure lekua estreinaldi bezperako entseguetan?

Segun. Bakarlariarekin elkarrizketa intimo bat izan da, baina orkestrarekin oso bestelakoa da. Zuzendaria da nire interlokutorea hor, ez musikariak. Esango nuke garrantzitsua dela interpreteei bidea libre uztea, euren espazioa topatu dezaten. Ez da berdina Bethoveenen 5.a jotzea, zeina belarrian daramazun, edo ezezaguna den obra bat, non dena dagoen arakatzeko. Baina, bestalde, halako maila duten interpreteak dituzunean, askoz errazagoa da; ez duzu adi-adi egon behar detaileengatik: haiek dira etengabe alertan daudenak. Batzuetan, konpositorearen inkontzientea bistaratu dezakete, eta hori izugarria da.

Mare Marginis deitu duzu pieza, eta ikusezina hasten den lekuari egin diozu keinu. Zein da buruan ibili duzun ideia?

Bakarlari bat behar duen pieza bat da, eta erronka izan da bakarlariaren eta orkestraren —krisian dago mundu hori, bide batez— arteko harremana birpentsatzea. Ez nuen elkarrizketa bat nahi; pianoa orkestraren soinu iturrian kokatzea nahi nuen. Mare Marginis, itsasoa ilargian, ikusten denaren eta ikusten ez denaren arteko atalasea da, eta ideia da soinua entzun dezakegulako existitzen dela, baina existitu daitekeela, halaber, entzuten ez dugunean. Soinua isiltzen denean has gaitezke aurrez egon dena eta hor zegoela jabetu ez garena entzuten.

Eta nola idatzi hori partituran?

Pianoan gertatzen diren oharkabeko soinuei lotuta dago. Guk melodia entzuten dugu, baina ez diogu arretarik jartzen mailuak sokaren aurka egiten duen kolpeari, esaterako. Soinuaren parte ikusezin horri forma ematen saiatu naiz, nolabait, orkestraren bidez bizia ematen horri.

Nolakoa da, bestela, pieza?

25 minutu ditu, eta mugimendu jarraitu bat da, abiadura aldaketekin, baina hausturarik gabe. Bi une ditu bakarlariak, eta mutur bitan egon daitezkeen soinuak ageri dira: kasik antzeman ezin direnak, eta guztiz saturatuak, erabat oztopatzen dutenak melodikoki zer gertatzen den ulertu ahal izatea. Mugimenduz enpo dagoen mundu bat harrapatu nahi nuen, inondik ere aurreikusi ezin den mundu bat.

Azkenean, zer gertatzen da musika entzutean? Nolabait, bizi denbora eten egiten da, eta bestelako denbora mental eta emozional batean kokatzen gara. Asmoa hori da, entzuketak banandu zaitzala mundu fisikotik, eta barrura begiratzeko leku batera eraman, non zu zeu baino ez zauden, soinuaren konfrontazio horretan.

Zenbat denbora eskatu ahal dizu halako lan bat egiteak?

Ez naiz oso azkarra idazten. Denbora asko eskatzen dit aurreko gogoetak. Oraingoan, hiru bat urte izan dira, eta idazketan beste urtebete pasa. Esklusibotasun handia eskatzen dit.

Alexandre Tharaudek interpretatuko du. Hurbilekoa duzu?

Bai. Interprete handia da, mundu oso ugariak barne hartzen dituen gizon bat. Konposatu ere egiten du, eta lotura handia du sormenarekin. Gure arteko laguntasunetik sortu zen hau egiteko ideia.

Mahlerren bosgarren sinfoniarekin osatuko du programa Euskadiko Orkestrak. Nola antzematen duzu bien arteko lotura?

Hortaz Robertek [Treviño] hitz egin beharko luke. Nik esan dezakedana da sekulako afinitatea dudala Mahlerren munduarekin. Sortzaile guztiok jabetzen gara besteen lanez gureari forma emateko, eta Mahler, niretzat, horietako bat da; Mozart den bezainbat, Ravel, Debussy... Etengabe ideia berriak ernatzen dituzten munduak dira.

Lehen esan duzu orkestra mundua krisian dagoela. Zergatik?

Esan nahi nuen eraldaketa kultural handia bizitzen ari garela. Azken 300 urteetan indarrean egon diren zenbait adierazpen artistiko errotik berregituratzen ari dira; zaila da gaurko gizartean haien lekua kokatzea. Gutako bakoitzak erresistentzia egiteko izan dezakegun indarraz harago doa hori.

Eskolak ematen dituzu Musikenen. Zer sumatzen duzu han?

Jende gazte asko dagoela soinuaren bideak arakatzeko enpeinuarekin. Ni saiatzen naiz lanabesak eskaintzen euren sormen amets horiek garatu ditzaten. Baina lanabes horiek ez dira nahitaez orkestra sinfonikoak; izan daitezke, baina ez derrigorrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.