Plazara noa, plazatik nator (V). Xabier Erkizia. Bera (Nafarroa) 2013-08-15

Isiltasunen entzulea

Zabala da Xabier Erkiziarentzat plazaren ideia. Alde handirik ez du ikusten berak soinuak biltzearn eta soinuak ematearen artean.

Bidasoa ibaiaren ertzeko txoko bat hautatu du Xabier Erkizia soinu artistak, ibaiaren hots bidezko erretratu bat egiteko. Mikrofono bereziak darabiltza horretarako. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bera
2013ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Funtsean, mekanismo berdina dute mikrofonoek eta bozgorailuek. Moldaketa gutxi batzuen aldea baino ez dago hotsak jasotzearen eta hotsak emititzearen artean. Eta, gutxi gorabehera, horrela bizi du bere sorkuntza Xabier Erkiziak ere (Lesaka, Nafarroa,1975). Soinu artista da bera, Artelekuko Audiolab taldeko koordinatzaile, Soinu-mapa proiektuaren gidari, eta Ertz jaialdiaren zuzendarietariko bat. Ez du maite musikaren eta soinuen arteko bereizketarik egitea, eta ezin argi mugatu non hasi eta non bukatzen den plaza harentzat. Soinuak grabatzea, edo soinuak emititzea; mekanismo beraren parte dira bi ekintzak Erkiziarentzat. Paretsu zaio play botoiari ematea edo rec botoiari ematea. Moldaketa txiki bat baino ez. Horregatik mintzo da grabaketak egiteaz, plazari buruz galdetzen zaionean. Eta horregatik hasten da plazari buruz hizketan, grabaketak egiteaz galdetuta. Zabala da Erkiziaren plaza. Likidoa, kasik. Beran (Nafarroa) dago gaur, Bidasoa ibaiaren ertz batean, isilik, mikrofonoa piztuta, grabatzen duenari adi. Publikorik gabe. Aulkirik gabe. Eta halere, plazan.

Diego Irigoienekin hasi zen dena Erkiziarentzat. Ume zela, atabala jotzen irakatsi zion bizilagunarekin, hain zuzen ere. Hark lotu zuen musikara, eta, artistak dioenez, neurri batean, hark askatu zuen musikatik. «Trikitia jotzen nuen orduan, baina amaren kapritxoa zen. Nik gorroto nuen tresna hura, eta Irigoienek bazekien. Txistulari taldean atabalaririk gabe gelditu zenean, atabalari izateko proposatu zidan horregatik. Berak ez zekien atabalik jotzen, baina zekiena irakatsiko zidala esan zidan. Neuk egin beharko nuela une batetik aurrerakoa. Eta hala izan zen. Puntu batera heltzean, dena hasi zen metafora bidez funtzionatzen. Zera esaten zidan, adibidez: 'Horrek trumoi bat bezala izan behar du'. Denak ziren naturarekin lotutako metaforak. Eta hala adierazten zidan zer jo behar nuen. Nik hamabi urte nituen, eta ez nuen askorik ulertzen. Baina denborarekin ohartu naiz azalpen metaforiko horiek eragin handia izan dutela nigan. Behintzat, piztu zidatela sentsibilitate bat soinu guztiekiko». Eta ederra da paradoxa. Erkiziak kontatutakoaren arabera, musikari izaten hasi zenean, hasi baitzen musikari izateari uzten. Plazarako bidea hartzear zela, hasi baitzitzaion plaza desegiten.

Eta hala heldu da ibaiertzera. Hamaika taldetan hamaika tresna jotzen aritu ondoren. Musikatik soinuetarako jauzia egin eta gero. John Cage artistaren aipu bat hartzen du ahotan orain. «Bi minutu igarota zerbait aspergarria iruditzen bazaizu, probatu lau minutuz. Oraindik ere aspergarria bada, probatu zortziz. Gero hogeita hamabiz. Eta, azkenean, aurkituko duzu ez dela batere aspergarria». Horra zergatik hautatu duen txoko hori. «Berez interesgarriak ez diruditen lekuak dira niri grabazioak egiteko gehien interesatzen zaizkidanak». Horregatik, Bidasoako ertz hori. Aspergarria dirudielako. Bukatu ditu azalpenak, ordea, eta isildu egin da. Jarri ditu kaskoak. Piztu du mikroa. Eta isilune bat zirudiena soinuz betetzen hasi da bat-batean: Ibaiaren jarioa. Txori batzuk atzealdean. Estolda baten zarata ezkerretara. Oilar baten kukurrukua atzean. Arrain baten jauzia ibai erdian. Urrunago, errepideko autoen oihartzuna. Ahate batzuk ezkerretatik eskuinetarantz mugitzen, motel. Intsektuak. Hostoak. Berriz ere, oilarra. Hortxe, Bidasoako ertz horren erretratua. Hor, Erkiziak igarritako plaza.

Berandu iristearen artea

«Soinu grabaketak egitearen artea berandu iristearen artea da». Oraingoan, Erkiziarena da esaldia. Eta jarraitu egiten du azalpenak gero. «Grabaketak egiten nabilenean, zer edo zer entzun dudalako piztu ohi dut mikroa. Baina jadanik gertatu da entzun dudan hori. Nire esperantza izaten da entzun dudan hori berriz gertatuko dela, baina baliteke ez berriz gertatzea. Eta gertatzen bada ere, ez da izango lehen entzundako soinu hori». Oihartzun ehizan dabil soinu artista, beraz. Eta horretan dabil une honetan Erkizia Bidasoan ere. Berandu heltzen saiatzen; ahalik eta berandurik onenean.

Aurrez ere bazuen inpresio hori, baina Timorren sendotu zitzaion ustea. 2008an. «Hango kulturak grabatzen aritu ginen han. Gure asmoa ez zen hori, baina altxor ikaragarri bat topatu genuen, eta, sekula grabatu gabekoa zenez, grabatu egin genuen. Baina jadanik hiltzen ari zen zerbaiten itzala zen guk aurkitutako altxor hori». Berandu iritsi ziren. «Topatu genuen hango musika jotzen zuen musikari bat, adibidez, eta guretzat ariko zela esan zigun, baina horretarako lehenik musika tresna bat lortu beharko geniola. Indonesiarrek luthier guztiak akabatu zituzten, tresnarik egin ez zezaten. Eta hor genuen 70 urteko musikaria, bere kantak jotzeko prest, baina tresnarik gabe. Eta hala dimentsio estetikotik hasten zara dimentsio politikora pasatzen. Ohartzen zara berandu iristea ez dela soilik arazo tekniko bat, baizik eta kontu politiko bat ere bai».

Funtsezkoa da Timorren izandako esperientzia Erkiziarentzat. Dioenez, han zabaldu zitzaizkion belarriak. Han egindako grabazio baten atzean, herrialdearen historia aditu zuenean. «Portugalgo kolonia izan zen Timor, baina 1974an portugaldarrek herrialdea utzi, eta independente bilakatu zen. Hilabetera Indonesiak okupatu egin zuen, ordea, eta nazioarteko komunitateak beste aldera begiratu zuen. Sekulako sarraskiak izan ziren 30 urtez. Portugesa debekatu egin zuten, eta 35 urtetik 40 urterako adin tartea desagertuta dago. Gazteagoak bahasaz egiten dute, Indonesiako hizkuntzan, eta ez dute portugesik ulertzen. Eta zaharragoek, berriz, ez dute bahasarik hitz egiten, baina ulertzen dute portugesa. Eta 2002an independentzia berreskuratzean, erbestean izandako politikariek, portugesez ematen zituzten hitzaldiak, beraz, baina jende gazteak ez zuen tutik ere ulertzen. Orduan konturatzen zara zure grabaketa batek, itxura batean kuriosoa izan daitekeenak, historia oso bat duela atzean».

Hitzen maisuak

Timorren utzi omen zion musikari izateari ere. «Ordura arte, oraindik ere musikariaren pertzepzioan jarraitzen nuen. Notei pixka bat ihes egiten dien musikari batena, agian, baina musikari batena, nagusiki. Obraren ikuspegitik eta proiekzioaren ikuspegitik aritzen nintzen lanean». Timorren aldatu zen hori. Lian Nain izenekoei esker. Hitzen maisuei esker, alegia. Zenbait herri txikitan, isilik egoten diren gizonak dira Lian Nain izenekoak. Ezer esan gabe ematen dute eguna: entzuten. Hori da haien egitekoa, izan ere, eta erreberentzia handiz tratatzen ditu jendeak horregatik. «Timorren ez dute izan idatzizko tradiziorik. Eta isilik dagoen tipo hori da komunitatearen memoria gordetzen duena. Entzule bat, entzuten dituen hotsen arteko bereizketarik egiten ez duena. Berdin entzuten ditu bere auzokideek esandakoak, naturak adierazi nahi duena, eta antzinako jainkoek xuxurlatzen dutena. Eta ez du ezer erraten, ezer galdetu ezean. Zerbait galdetuz gero, orduan hasten da bere errituala. Aurrean dituenei eskerrak ematen dizkie, eta bere azalpena botatzen hasten da gero. Eta bat-batean konturatzen zara entzuteak zer inplikazio politiko duen, eta hor izan zen aldaketa niretzat».

Hor hil zen Erkizia musikaria, eta hor indartu Erkizia entzulea. «Orduan konturatu nintzen gatazka ez dagoela zuk zure letretan esaten duzunean. Gatazka dago belarrietan. Gerra dago belarrietan. Zuk zeri egiten diozun gor, eta zeri ematen diozun garrantzia. Egotetik bozgorailuaren tokian, bat-batean pasatzen zara entzuten duenaren tokira».

Baina dioenez, ezin beti gatazkan murgilduta egon. Eta baditu distrakzio uneak ere. Irribarre egiten du ezinbestean, aurreko egunean gorotz meta bat grabatzen egon zela onartzen duenean, adibidez. Irudi bitxia da, izan ere: gizon bat, mikrofonoak gorotz meta bati zuzenduta, isilik, adi. «Eguzkitara, zarata berezi bat egiten dute», dio. Irakiten dagoen zerbaiten parekoa da haien hotsa. Berak ere badaki grabaketa bitxia dela, baina gorotzarena ere zarata interesgarria dela dio. Eta bigarren onarpen bat dator gero. Musikarien artean «arrautza frijitu zale» fama duela dio sortzaileak. Baina ez arrautza asko jaten dituelako, ordea, frijitzen ari den arrautzaren soinuaren parekoak oso gustuko dituelako baizik. Irakite soinu hori maite duelako. Arrautzak ere grabatu dituen? Duda zantzurik ez Erkiziak erantzunean: «Bai, noski. Dozenaka!». Eta azalpena ere badu: «Ez da bereziki espektro zabalegiko soinu bat, ez ditu grabe gehiegi, ezta agudo gehiegi ere. Itsasoak adibidez, askoz ere espektro zabalagoa eskaintzen du». Baina arrautzak maite berak. Arrautzaren moduko zaratak, sikiera. Eta halakoa da gorotz meten soinua ere.

Ez da debaldeko adibidea, halere. Gorotzarenak balio du Erkiziak plazari buruz duen ikuspegia azaltzeko. «Nik orain jartzen badizut atzo grabatu nuen gorotz mordoiloaren grabazioa, hori da soinua. Hori egiten baldin badut agertoki baten gainean. Hori da musika. Nik erabakitzen dut, beraz, noiz den zerbait musika eta noiz ez. Ekintza ezberdinak dira grabazioa eta emisioa, baina, asko jota ere, norabidea da aldatzen dena, ezta hainbertze ere».

Bolbora usaina entzuten

Likidoa da Erkiziarentzat plazaren ideia. Musikarena ere hala den bezala. Eta hori da Ertz izeneko musika jaialdian erakutsi nahi duena. Orain hamalau urte hasi zen zenbait lagunekin jaialdia antolatzen, eta buru-belarri dabil horrekin une honetan ere. Mezu elektronikoak idazten eta irakurtzen. Sortzaileekin harremanetan. Plaza eraikitzen. Gerraren soinua izango da aurtengo jaialdiaren oinarria. 200 urte dira 1813ko batailaren ondorioz Donostia txikitu zutela, eta 200 urte Beran San Martzial zubiko bataila izan zela ere. Eta urteurren hori hartu dute gogoan aurtengo egitaraua antolatzerakoan. Leherketa kontzertu bat prestatu dute jaialdirako horregatik. Hori da aurtengo proposamenik muturrekoena. «Ertzaren ertza». Aurreko edizioetan egin dituzte emanaldiak urpean, adibidez, eta soinu bidezko masaje saioak ere eskaini dituzte. Entzulearen belarriak zabaltzea da asmoetariko bat. Zalantza eragitea. Eta aurten Bolbora usaia eskainiko diete entzuteko.

Elkarrizketa bilatzea da klabea, Erkiziak dioenez. Musika emanaldiak erritualizatuegi daudela dio Erkiziak, eta bestelakoa dela berak bilatzen duen publikoarekiko harremana. Bai grabazioak egitean, baita emanaldiak egitean ere. «Soinu artista gisa aritzen zarenean, topatutako soinuekin aritzen zara lanean. Soinu hori ez da zurea. Zuk topatu baino ez duzu egin. Eta justu musikaren ikuspegiaren kontrakoa da hori. Musikari zarenean, zuk sortu duzu soinu hori, eta fenomeno hori erakutsi beharra duzu. Nik igual zure etxean egingo ditut grabaketa batzuk, eta zure etxean egingo dizut kontzertu bat, eta jarriko dizkizut zuk ere entzuten ez dituzun soinu batzuk entzuteko. Eta hor sortzen da beste elkarrizketa bat. Entzule horri kosta egiten zaio neurri eta balio bat ematea entzuten ari den horri». Eta zehazgabetasun horretan dabil eroso bera. Plaza likido horretan.

Kontzertu 'underground' bat

Sortzaile underground-ak batzen zituen jaialdi batera gonbidatu zuten behin Donostian Erkizia. Antolatzaileei «underground» hitza entzun ziela du gogoan, behintzat, eta eskaintza hitzez hitz hartzea erabaki zuen. Donostiako lurpeko parking guztiak grabatu zituen, eta horiek jarri zizkien entzuteko. «Entzule guztiak egonak ziren parkingetan, baina ez zioten inoiz horri arretarik jarri. Baina mundu bat dago hor lurpean. Parking batzuek musika izaten dute, beste batzuek ez, adibidez, eta bada alderik parking garestiagoen eta merkeagoen artean ere... Hori kontzertu bihurtzean, saiatzen naiz jendeak parkingean dagoenean entzuten ez dituenak entzunarazten». Horregatik eraman zuen aparkalekua eraman zuen eszenara. Eszena aparkalekura.

Mikrofonoak txorien kantuei adi. Ibai bazterrean. Jauzi egin berri duen arraina ehizatzen. Plazatik erabat kanpo, eta, halere, plazaren erdian dago Erkizia. Zalantza horretan eroso. Isiltasunen entzule.

Bihar: Ramon Barea, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.