Isiltasunaren oinaze ozena

Musika adituek uste dute Berri Txarrak-en azken kontzertua musikalki «orekatua» izan zela, baina, horren gainetik, izan zuen pisu emozionala nabarmendu dute.

Berri Txarrak taldeko hasierako kideak taula gainean agertu zirenekoa izan zen larunbateko kontzertuko une berezienetako bat. IÑIGO URIZ / FOKU.
aitor biain
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Jaio. Musika. Hil. Berri Txarrak-ek eman ditu oholtza gaineko azken akordeak. Bi kontzertu gogoangarri egin ditu taldeak Iruñean, 22.000 arima urraturen aurrean, eta etenaldi mugagabea hasi du. Hutsune bat utzi du nola euskal musikaren eszenan hala jarraitzaileen artean: biharamun emozional bat. Taldearen agurraren asimilazio prozesuan izango dira jarraitzaile asko eta asko, asteburuan bizitakoa memorian iltzatzeko ahaleginean. Isiltasunaren soinua, ordea, ozenegia da oraindik.

«Ospakizun kolektibo bat izan zen». Hala definitu du Iñaki Lasak Berri Txarrak-en agurra. Joan den ostiralean eta larunbatean taldeak emandako bi kontzertuetan izan zen, eta bi zuzenekoen kritikak idatzi zituen BERRIArentzat. Haren irudikoz, gau «hunkigarriak bezain gozagarriak» izan ziren biak ala biak. «Orain dela urtebete iragarri zutenetik denok itxaroten ari ginen momentua zen, baina ez genuen barneratu Nafarroa Arenara sartu arte. Egun hori ospatzeko modurik onena bizitzea eta disfrutatzea izan zen, eta uste dut han ginen denontzat hala izan zela». Aparteko berezitasunik gabeko zuzenekoak izan ziren agurreko biak; larunbatean, hala ere, «energia» desberdin bat sumatu zitekeela iritzi dio. «Ostirala dena emateko eguna izan zen. Jendea lehertzera joan zen, askatzera, eta hori nabaritu egin zen. Larunbatean, baina, urduritasun puntu bat gehiago nabaritzen zen publikoan».

Taldearen agurrak utzitako atsekabearekin, baina kontzertuak eragindako aho zapore gozoarekin mintzo da Ihintza Orbegozo ere: «Ikaragarria izan zen». Larunbateko azken kontzertuan izan zen BERRIAko musika kritikaria, eta, haren hitzetan, Berri Txarrak-ek «orain arte egin duena» egin zuen agurreko kontzertuan ere. «Aparteko parafernaliarik gabe, osotasun handiko ia hiru orduko kontzertua eman zuen; dena atera zitzaien ongi». Orbegozok aitortu du, hala ere, kezka edo ardura puntu bat ere izan zuela zuzenekoaren aurreko uneetan. Taldearen azken kontzertua izaki, zerbait berezia egin nahi horretan «huts» egingo zuten beldur baitzen. «Baina ez zen halakorik gertatu. Sekulako kontzertua izan zen».

Iritzi bera du Koldo Otamendi Musikazuzenean webguneko arduradunak ere. Azken kontzertua izanagatik ere, Berri Txarrak-en «ohiko kontzertu bat» izan zen larunbatekoa, haren ustez. «Hiru taldekideak agertoki gainean kantuak jotzen izan ziren. Beti egin dutena, oinarrian. Beti gailendu da musika irudiaren edo eszenografiaren gainetik haien zuzenekoetan». Aitortu du, halere, kontzertu «emotiboa» izan zela batez ere. «Teknikoki ona izan zen, baina are hobea izan zen emozionalki».

Sentimenduen zirimola

Agurrak berezkoa duen malenkonia gailendu baitzen ororen gainetik zuzenekoak iraun zuen ia 180 minutuetan. Sentimendu zirimola batean murgilduta igaro zuten gaua jarraitzaile askok, agurraren asimilazio prozesuaren hasiera balitz bezala: orain irri, orain negar, orain salto, orain txalo. «Larunbateko kontzertuan beherakada emozional txiki batzuk izaten genituen tarteka. Une horietan konturatzen ginen: hau amaitzear da. Baina kontzertuak berak eta kantuek hauspotzen gintuzten berriz ere», adierazi du Lasak. Berdin sentitu zen Orbegozo ere. Haren kasuan, Jainko ateoa abestiaren akordeak entzuten ari zela konturatu zen kantu hura zuzenean entzuten zuen azkeneko aldia zela. «Baina gainerakoan, ospakizun baten gisakoa izan zen gaua. Gozatu egin nuen, eta agian horregatik oraindik ez gara kontziente amaieraz».

Agurrari buruzko azalpenak eman zituztenean, Gorka Urbizuk berak egin zuen azpimarra ongi pasatzearen ideian. Eta Nafarroa Arenara joan zirenek hasieratik eutsi zioten asmo horri, Otamendiren arabera: «Lehen akordetik ikusi nuen ondo pasatzeko prest zegoela jendea. Publikoa oso goian egon zen kontzertu osoan».

Aitor Goikoetxea, Aitor Oreja eta Mikel Lopez, Rubio, taldekide ohiak oholtzan agertu zirenekoa izan zen unerik «bereziena eta hunkigarriena», Otamendik aitortu duenez. Sentimendu guztiek bat egin zuten une horretan. Halere, zale guztien ahotan zebilen ideia zen, Orbegozoren ustez. «Zurrumurru moduko bat bazegoen. Nik uste dut denok genuela aukera hori buruan: 'Aterako dira ala ez?'». Lasak adierazi du aretoak «eztanda» egin zuela zurrumurrua baieztatu zenean. «Sentimendu handiko momentua izan zen, oso polita, berriz ere laurak elkarrekin oholtza gainean ikustea. Emozio handia eragiten du, batez ere, noizbait laukotea zuzenean ikusi duenarentzat». Otamendiren iritziz, 25 urteko ibilbidea borobiltzen du une horrek, hain zuzen.

Kontzertu «orekatua»

Gorabehera handiko kontzertua izan zen emozionalki, baina orekatua musikalki, hiru adituen hitzetan. Eta kantuen aukeraketak izan zuen eragina oreka hori lortzeko garaian, Orbegozoren arabera. Izan ere, kantuen zerrendaren bidez, taldearen «ibilbidearen errepaso moduko bat» egin zuten. Disko guztietako abestiak jo zituzten, 1997an argitaratutako Berri Txarrak-etik hasi, eta azkeneko Infrasoinuak-eraino; guztira, 50 abesti desberdin inguru, bi kontzertuak aintzat hartuz gero. «Egon behar ziren kantu gehienak hor ziren», adierazi du Lasak.

Otamendik uste du taldearen izaeraren araberakoa izan zela kantuen aukeraketa ere. Ez da kasualitatea, haren irudikoz, azken diskoetako kantu gehiago jo izana. «Lehen diskoetako abesti gehiago jo izan balituzte, publiko zati handi batentzat gaua hobea izango zen. Baina taldeak beti begiratu du aurrera; ez dira izan atzera asko begiratzekoak».

Kontzertuari amaiera emateko Oihu aukeratu izanak ere badu bere zentzua, haren iritziz. «Taldearen ereserki handienetakoa da. Kontzertua kantu horrekin amaitzeak badu zeresana». Lasak, aldiz, Tortura nonahi kantua berreskuratu izana azpimarratu du. Izan ere, taldeak argitaratu zuen lehen abestietako bat izan zen: maketan aurrena, eta lehen diskoan ondoren.

Kasualitaterik ez da Berri Txarrak inguratzen duen ezertan, Lasaren irudikoz. Eta, hain zuzen, talde gonbidatuak dira horren adibide. Nizuri Tazuneri izan ziren ostiralean, eta Leihotikan, berriz, larunbatean. Lasaren arabera, bi taldeek argi zuten zein zen haien egitekoa: mezu bana helaraztea, hain zuzen. Alde batetik, belaunaldi berriak eta rockaz haragoko musika estiloak aurkeztea, eta, bestetik, Berri Txarrak-ek adina sona ez izan arren ibilbide luze eta oparoa duten taldeak badirela erakustea. «Bi talde ziren, bi errealitateren ispilu. Jendea Berri Txarrak entzuteko gogoz bazegoen ere, bi taldeei errespetu handia agertu zitzaien».

Eta orain zer?

Berri Txarrak-en agurra asimilatzea falta da orain zale askorentzat, baina horrek ez du zertan dramarik ekarri, Otamendiren arabera. Taldeak utzitako ondarea da hutsuneari aurre egiteko biderik egokiena. «Utzi dituzte kantu on pila bat, disko on pila bat, baita gauzak egiteko manera onak ere bai. Eta atzetik etorriko diren belaunaldientzat mito bat geratuko da hor».

Orbegozok uste du, aldiz, hutsunea betetzeko modurik onena beste euskal taldeen kontzertuetara joatea dela, eta haiei babesa adieraztea. «Beste mila talde ditugu Euskal Herrian, eta horiei modu berean erantzutea tokatzen zaigu orain». Iritzi berekoa da Lasa ere: «Hau bukatu da, eta ni baino belaunaldi zaharragoko batentzat Negu Gorriak amaitu zeneko apokalipsiaren tankerakoa izango da niretzat ere. Baina bizirik gaude, eta ez bizirik irauten, oso bizirik baizik. Bizi garen unibertso txiki honetan talde asko ditugu, eta orain tokatzen dena da horien kontzertuetara joatea, eta babesa ematea. Horren ordaina jasoko dugu gero. Musikaz gozatzen jarraitu besterik ez daukagu orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.