'DETAILE XUME BAT'
Idazlea: Adania Shibli
Argitaletxea: Igela.
Adania Shiblik azaldu du bi beldur handi dituela; batetik, munduari dio beldur, noizbait «gaur atzo baino hobe gaude» ezin esateari; bigarrenik, hizkuntza galtzeari, egoerak gain hartu eta hura adierazteko hitzik ez izateari, errealitatearen zein hizkuntzaren mugetara iristeari. Kezka horiek zeharkatzen dute Detaile xume bat liburua, eta kezkak arrangura bilakatu dira berriki, udazkenean liburua zein egilea Frankfurteko Azokan gaitzetsiak izan ostean. Hersturaz harago, mintza gaitezen Palestinaz, bada.
Detaile xumeetan, xehetasun ezdeus eta txikienetan arreta jarrita, 1948ko Nakbaren osteko Palestina eta egungoa lotzen ditu Shibliren eleberriak, bi garai eta min bera. Halabeharrak elkartzen ditu gertakariak eta pertsonaiak, gatazkak, azken finean, eta haien bidez ekartzen du argitara nola egin duen aurrera kolonizazioak, nola itxuraldatu diren mapak, nola ordezkatu hizkuntzak eta galdu paisaiak. Hots, ikusarazten du herri baten desagerpena nola identifika daitekeen dokumentu eta museoetatik at.
Bi ataletan banatzen da kontakizuna. Lehenengoan, 1949an Negev basamortura Egiptoko muga zaintzera bidalitako destakamentu militar baten egunerokoa azaltzen da. Ezerezaren erdian, ofizial israeldar baten errutina errepikakorra kontatzen du: bero itogarria, dunen arteko esplorazioak, soldaduek bete beharreko aginduak, urruneko txakurren zaunkak. Monotonia horretan, detaile txiki batek eusten dio tentsioari: zomorro batek eragindako zauria eta ofizialari areagotzen ari zaion zornea. Estilo lehor eta geldoaren bidez, normaltasunaren baitan txertatzen du jazarpen militarraren bortizkeria: beduinoen aurkako segadak zein neska gazte baten bortxaketa eta erailketa.
Isildutako gertakari horrek, kasualitatez, jakin-min handiko emakume baten arreta pizten du. Liburuaren bigarren zatiak, beraz, jazotakoa ikertzeko bidaia du ardatz. Kontakizunak erritmoa hartzen du orduan, egunerokotasuna jada ez da errepikakorra, baizik eta ezusteko kontrol, mehatxu eta erasoz betetako biziraupen hutsa. Ahots arin eta zalantzatiaren bidez, okupaziopean bizitzeak sortzen duen antsietatea salatzen du Shiblik atal honetan. Izan ere, arauen arbitrariotasuna, inposatutako mugak errespetatu beharra zein militarizazioaren tentsioa agerian jartzen ditu protagonistak, salbuespenezko egoera bakoitzera egokitzeko ezintasuna erakustean.
Liburuak eite zirkularra hartzen du apurka-apurka, irakurlea bi kontakizunak konektatzen dituzten detaile xumeez ohartu ahala. Ahanzturan geraturiko istorioaren bila, protagonista bera isilpean geratuko ote den ezin jakin, azkenerako, keinurik inuzente eta ezdeusenak ere dena alda baitezake.