Idazteko, oin azpian bizirik diren sumendiei erreparatzea maite du: hala dio Itxaso Martin idazleak (Donostia, 1981). «Tabuak dira nire obsesioetako bat, familietan zer-nolako eragina duen esaten ez den horrek. Pasatu egiten da hori ere; ez da hitz egiten, baina pasatu egiten da. Psikologo batek behin metafora bat erabili zuen hori azaltzeko, eta ez dut hoberik aurkitu. Azkenean, familia batean horrelako tabu bat dagoenean, hori sumendi bat bezala da. Zu haren gainean eserita zaude, eztanda egin ez dezan, baina horrek zure mugimendu guztiak baldintzatzen ditu. Altxatzen bazara, badakizu eztanda egingo duela, eta, beraz, ez duzu kontatzen, baina kontatzen ez duzun horrek behartzen zaitu hor eserita jarraitzera, eta dena baldintzatzen du». Eta, neurri batean, sumendiei buruzkoak dira orain arte idatzi dituen lan guztiak. Bere esperientzia pertsonalak eta bere birramonak psikiatrikoan bizi izandakoak bilduta osatutako Ni, Vera eleberria da lehena (2012, Elkar). Bigarrena: bere birramona bezala, 1935 eta 1950 bitarteko epean, Hego Euskal Herriko psikiatrikoetan ospitaleratuta egondako 300 emakumeren osasun txostenak aztertuta osatutako antropologiako doktore tesia. Eta iaz argitaratutako Punto bobo eleberria da hirugarrena (Erein). Eta azken horretan, besteak beste, emakumeen sufrimenduak, osasun mentalak eta familiarteko dinamikek osatzen dute sumendia.
Lehen umeaz erditzean, «ez da normala izango», esaten dio medikuak Punto bobo nobelako pertsonaietako bati, eta bigarrena izatean, aldiz, «normala izango da», esaten dio. Liburu hau ez ezik, zure aurreko liburua —Ni, Vera— eta zure doktore tesia ere laburbil ditzakete bi esaldi horiek. Normaltasuna zeinen bortitza den erakustea da zure kezketako bat?
Azkenean zer da normala? Esan daiteke, batzuetan, normala izan daitekeela ohikoa dena, baina kasu honetan, norma-tik datorren zerbait da, eta norma hori, antropologiak oso ondo erakusten duen bezala, une eta toki jakin batean eraikia dago, eta, beraz, momentu horrek eta testuinguru horrek dituen ezaugarri guztiek baldintzatzen dute. Arau horietatik kanpo dagoena ez da normala izango. Eta uste dugu hori batzuetan emantzat dagoela. Adibidez, osasun mentalaren arloa edo medikuntzaren arloa zientifikoak dira, eta, horren ondorioz, badirudi hemen eta orain gertatzen den zerbait ez ezik, zerbait unibertsala ere badirela, eta ez da horrela. Antropologiak erakutsi dit hori.
Baina zuk literatura egin duzu sentsazio horrekin.
Hori mahai gainean jartzen duten hainbat pertsonaia eraiki ditut, eta horren gainean istorio bat eraiki dut. Eta, kasu honetan, Punto bobo nobelan, amatasuna izan da nire obsesioetako bat. Gaur egun bizi dugun amatasunari amatasun intentsiboa deitzen zaio. Emakumeoi hori eskatzen zaigu ama izaterakoan: kasik-kasik, irakurrita izan behar dituzu ez dakit zenbat eskuliburu, eta, gainera, behar duzu errespetuzko hazkuntza landu. Baina zer gertatzen da gaitasun horiek ez dituzunean? Ama izatea ez al da norbait zaintzeko nahi hori eta horretarako gaitasuna edukitzea? Eta ez ote dira nahikoa maitasuna eta errespetua? Hortik abiatu zen liburua, eta gero eraiki nuen istorio guztia. Ez dut spoilerrik egin nahi, baina kontakizunaren erdi-erdian dagoena hori da, eta gero eraiki nuen gainontzeko istorio guztia.
«Gaur egun ama izateko, kasik-kasik irakurrita eduki behar dituzu ez dakit zenbat eskuliburu, eta, gainera, behar duzu errespetuzko hazkuntza landu. Baina zer gertatzen da gaitasun horiek ez dituzunean?»
Bi plano ditu nobelak. Ama baten eta haren alabaren arteko bazkalosteko solasaldia kontatzen du haietako batek, elkarrizketa formatuan. Eta, jendeak haren alaba nola baztertzen duen ikusita, umea baserrian eta bere kasa zaintzea erabakitzen duen ama bat deskribatzen du besteak. Lehen plano horretan hitzak dira nagusi, eta baserriko eszenetan, aldiz, ekintzak.
Eta, gainera, horrela da kasik-kasik halabeharrez, ze baserriko eszenetako alabak ez du ia hitzik egiten. Eta, orduan, ekintzak behar ditu, jakina. Eta beste planoko amak ere hitzak behar ditu, baina, era berean, ez daki hitz horiekin zer egin. Ispilu moduan funtzionatzen dute bi planoek, baina bi egoera oso kontrajarritan. Nire beste obsesioetako bat da nola eraman isiltasuna testura. Hitzak ikaragarri neurtu ditut, eta nahi nuen isiltasun hori presente egin. Alde batetik, pertsona mutu batekin, eta, beste alde batetik, hitzak ez dituen beste pertsona batekin. Tesian ere asko landu nuen hori, eta saiatu nintzen isiltasuna testura eramaten, ze iruditzen zait hitz egiten dugun moduak ere baduela zer ikusia bizi garen gizartearekin. Azkenean, isiltasun guztiak hitz bihurtzen baditugu, gizarteratu egiten ditugu, eta kendu egiten diegu euren izateko arrazoi hori. Zergatik dira isiltasun? Bada, ez dituztelako betetzen arauak, eta, beraz, hitz bihurtzen baditugu, hor ere hautsi egingo genituzke. Oso-oso ondo neurtuta daude hitzak nobelan; horregatik esaldi motzak; horregatik paragrafo motzak; errepikapen gutxi...
Beste paralelismo bat: baserriko planoko amak Jainkoarengana jotzen du, eta bazkalosteko solasaldikoak, berriz, psikologoarengana. Eta, halere, erantzun argirik gabe daude hala bata nola bestea.
Tesitik ateratako ikasgai bat dago hor. Doktore tesirako ikerketa egiteko, 1935 eta 1950 bitartean Hego Euskal Herriko psikiatriko batean sartutako 300 emakumeren txostenak irakurri nituen; garai hartan, psikiatria oso lotuta zegoen erlijioarekin, eta igandeetan aitortzarik gabe geratzea zen emakume haiek jasaten zituzten zigorretako bat. Emakumeentzat oso gogorra zen hori, azkenean bekatuak kentzeko modu bat zelako hori. Guretzat psikologoarengana joatea bezala zen haientzat. Nahita eragindako paralelismo horiek badaude, beraz, liburuan, baina bertatik bertara ikusi ditudalako.
Izugarria da liburuak landa giroaz egiten duen erretratua: mundu bortitza da, itxia, zigortzailea...
Landa girotik bestelako giro batera pasatzen ari den eta nik oso ongi kokatuta daukadan inguru bat da: hemen, Donostia kanpoaldean. Langile auzo bat orain, baina bere garaian baserriz osatuta zegoen.

Baina liburuan ez dago hori aditzera ematen duen erreferentziarik. Ia denbora eta espazio zehaztapenik gabe, kasik mitoen esparruan kokatu duzu kontakizunaren parte hori. Gosea, beldurra eta bestelako sentsazio oinarrizkoak argiago azaleratzeko izan da?
Bai. Eta niretzako etxea ere beste pertsonaia bat gehiago izan da. Plano horretako amak etxean sartzen ditu bere umeak, ia hortik atera gabe, eta babes hori klaustrofobiko bihurtzen da. Eta etxearen hezetasuna ere horregatik aipatzen da hainbeste, hezetasun horrek gizarte matxista baten pozoi horiek guztiak islatzen dituelako. Horregatik, gelan eta sukaldean, gehien egoten diren tokietan, ez dago hainbesteko hezetasunik, baina gainontzeko guztian bai. Eta, gainera, hezetasuna mugitu egiten da, eta horrek ere bizitasun bat ematen zion etxeari, eta jasanezina den giro bat ere sortzen zuen, ze hezetasunak akabatu egiten zaitu.
«Garai batean, psikiatria oso lotuta zegoen erlijioarekin, eta igandeetan aitortzarik gabe geratzea zen emakume haiek jasaten zituzten zigorretako bat. Emakumeentzat hori oso gogorra zen, bekatuak kentzeko modu bat zelako»
Baserriko planoko ama ez da gizarteko egitura bakar batez ere fio: ez medikuntzaz, ez eskolaz, ez elizaz, ez ezkontzaz... Eta bakardadea da horren ordaina.
Zalantzan jartzen ditu instituzio guztiak.
Bakar bat izan ezik: familia.
Bueno... Alabarekiko harreman hori, bai.
Amatasuna agian?
Bai, baina, gero, bigarren umea daukanean, erabateko amatasun hori ere ez dago erabat argi. Jaiotzear denean, esperoan dago laguntzera etor daitezen, ze, esaten duenez, haurrarekin bakarrik geratzen bada ez daki zer gerta daitekeen. Eta horrekin zalantzan jartzen da amatasunari lotu ohi zaion maitasun hori ere instintiboa ote den edo ez.
Guztiz matxistak direlako eta «ez-normala» den horri izugarrizko zigorra jartzen diotelako jartzen ditu zalantzan instituzio guztiak.
Ezin gordinagoa da liburuak ezkontzaz egiten duen erretratua ere: janari trukeko zaintzak dira, astean behineko bortxaketa batekin.
Bai, hala da. Egia da liburuko kasuan oso muturrera eramanda dagoela, baina uste dut ez dela hain arrotza ere. Uste dut denoi egingo zaigula hori nahiko ezaguna.
Dolores Juliano antropologoak esandakoek niri asko lagundu zidaten. Ze nire birramonaren kasua aztertu nuenean eta, gero, beste hainbat emakumerenak aztertzean, nik, hasieran, biktima bezala ikusten nituen, eta aldaketa handia eragin zidan Julianok, hark esaten zuelako ez zirela biktimak bakarrik, erresistenteak ere bazirela, eta erresistentzia bat jartzen zutela. Orduan hasi nintzen ni ere haien erresistentzia bilatzen. Eta hori da liburuko ama horren kasua ere, berak ikusten duelako hori egitea dela berak nahi duena egiteko modu bakarra, senarrak horrela ez duelako epaituko eta utziko diolako alabarekin bere bizimodua egiten.
Bidesari gogor bat da, beraz?
Bidesari gogor bat da, bai. Eta ez al ditugu guk ere beste bidesari batzuk ordaintzen, igual sotilagoak edo subliminalagoak diren arren, eta barneratuago ditugunez ikusten ez ditugunak.
«Dolores Julianok esaten zuen bortizkeria jasan duten emakumeak ez zirela biktimak bakarrik, erresistenteak ere bazirela, eta aldaketa handia izan zen niretzat: orduan hasi nintzen ni ere haien erresistentzia bilatzen»
Eta sexu erabat bortitz eta sumisiozko horren erabateko kontrapuntuan dago ia mutua den pertsonaiaren sexualitate erabat sentsoriala, atsegina eta, are, askatzailea.
Hitzik ez daukanak, itxuraz mugatuen dagoenak askatasun handiagoa ematen dio bere parte horri, eta askoz era naturalagoan eta plazerezkoagoan bizi du.
Aurreko liburua errealistagoa zen, eta oraingo honek baditu une magikoago batzuk. Zure erreferentzia sarean lehenago ere bazegoen joera hori, edo istorioak bultzatu zaitu haren bila?
Saiatzen naiz edukiak eta formak bat egin dezaten. Oraingo honetan, kontakizuna askorik zehaztu gabeko toki eta garai batean kokatu dut, eta oso muturrekoak diren egoera batzuk kontatzen ditu, eta ez zitzaidan gustatzen nola gelditzen ziren oso era errealistan kontatuta. Iruditzen zitzaidan Ixik ematen zuela aukera beste ikuspegi hori ere sartzeko.
Jeanne Benameur idazlearen Las retrasadas liburua oso erreferentzia argia izan da niretzat [Les Demeurées, jatorrizkoan; Atzeratuak]. Oso-oso gomendagarria da. Liburu labur bat da, eta horretan ama da herriko tontoa, alaba bat ere badauka, eta hor ere badago puntu bat pixka bat magikoa.
Guztira, hamahiru urte joan dira aurreko liburua argiratu zenuenetik.
Bai, hamabi urte edo, beti esaten dudan bezala, hamabi urte eta doktore tesi bat [barre txikiarekin]. Egia esan, mantsoa naiz. Eta, gainera, behar ditut gauzak bizi, eta idazketan batez ere. Urte hauetan guztietan saiatu naiz idazten, badauzkadalako beste istorio batzuk buruan, baina jartzen nintzen eta ez nuen lortzen.
Eta nola daramazu hori?
Nahiko gaizki. Bai, nahiko gaizki. Eta, gainera, behin entzun nuen esan ohi dela bigarrena izaten dela zailena.

Eta zure kasuan, gainera, irakurleek oso harrera ona egin zioten Ni, Vera liburuari, eta Zilarrezko Euskadi Saria ere jaso zuen.
2024an bosgarren ediziora iritsi zen, eta oraindik ere hor dagoen liburu bat da. Eta Punto bobo-rekin gertatu zitzaidan idazten hasi eta aurkitu nuela istorioa, eta, batez ere, egitura. Ni, Vera-rekin ere pasatu zitzaidan hori. Eta oraingoan ere egitura aurkitu nuenean, nola kontatu ikusi nuenean, eta zer lotura egin nitzakeen ohartu nintzenean, informazioa nola dosifikatu erabakitzea izan zen zailena. Asko landu nuen hori Uxue Razkin editorearekin. Ez kontatzeko ez gehiegi, ez eta gutxiegi ere. Baina banekien zer kontatu nahi nuen, eta, gero, oso gorputzetik kontatu dudan istorio bat izan da. Amaierako pasarteak idazten nituenean, esaterako, negar asko egiten nuen.
Bukatzen ari zelako?
Bukatzen ari zelako, eta horrela bukatzen ari zelako. Pentsatzen nuen ea nola biziko nintzen hortik aurrera pertsonaia horiek gabe. Gainera, haurdun nengoela eman nion azken bultzada liburuari, oso haurdunaldi gogorrean. Jendea harritu egiten da haurdun nengoela idatzi nituenak idatzi nituelako, baina liburu hau idazteak lagundu egin zidan.
Beldurrak exorzizatzeko modu bat zen?
Bai, erabatekoa, eta horrela lortu nuen bukatzea. Baina, bai, hamahiru urte pasatu dira.
«Gaur egun kristorena da osasun mentalari buruz hitz egitea, eta osasun mentala feminismotik aztertzea, baina duela hamahiru urte ez zen hala»
Lunwerg argitaletxeak kaleratu berri du Ni, Vera liburuaren gaztelerazko itzulpena, eta, beraz, iragan hori ere agian ez da hain iragana, ez?
Ez, eta, gainera, nik uste denborarekin garrantzia hartu duen gai bat dela. Argitaletxekoek ere hori esaten zidaten, duela hamahiru urte gai hori lantzea ez zela hain ohikoa. Gaur egun osasun mentalari buruz hitz egitea, eta osasun mentala feminismotik aztertzea kristorena da, baina garai hartan ez zen hala. Mari Luz Esteban izan nuen doktore tesia egiteko tutore, eta kanpoko erreferentziak erabili behar izaten genituela ere gogoratzen dut. Edo erreferentziak baldin bazeuden, ez ziren ikuspegi feministatik landutakoak izaten. Maiz, oso zientifikotzat jotzen diren arlo horietan badirudielako ez dagoela lekurik alborapenetarako eta iritzietarako, eta badago, jakina. Orain bestelako garrantzia hartu du horrek guztiak, eta horregatik etorri da orain liburua itzultzeko aukera hori ere.
Zaila egiten al zaizu kontakizunaren mesedetan buruan darabiltzazun erreferentzia akademiko eta intelektual horiek sakrifikatzea?
Kasu honetan ez. Teoriatik nahiko urrun sentitzen naiz. Antropologia ere, neurri handi batean, ideiak aplikatzea da kasik, eta horregatik, ez zait zaila egiten. Ez da norbaiten teoria osorik hartu eta erabiltzea. Interesatzen zaizkidan ideiak hartzen ditut, baina beti pentsatzen dut ideia hori nork gorpuzten duen, eta hortik kontatzen saiatzen naiz, teoriatik kontatu beharrean. Ideia indartsuak edukitzea gustatzen zait, eta, era berean, ulergarriak eta bizigarriak direnak.