Hiru limoi baino ez eszenario huts osoa gobernatzen. Kito. Minimora eraman du eszenografia Mizel Theret dantzari eta koreografoak (Hazparne, Lapurdi, 1959). Gaur eta bihar eskainiko du Hiru zitroin lur hotzean emanaldia, Bilboko La Fundicion aretoan. Begirada Gurutzatuak programari esker sortu du pieza, eta nahikoa zaizkio hiru fruta horiek. Ezabatu egin nahi ditu soberakinak, eta soil nahi du dantza. «Hezurrera jo nahi dut», dio. Pausatua da haren dantzakera, eta leun mintzo da entsegua amaitu berritan. Beñat Axiari abeslariak kantatutako maitasun kantak hartu ditu sorkuntzarako abiapuntu oraingoan, eta dantza jarri die. Hamar abesti dira, guztira. Urteak zeramatzan abesti horiekin lan egin nahian, baina orain arte ez omen da gai izan. Ez omen zegoen prest. Orain bai. Isiltasuna ikasi du.
Badu momentu alai bat piezak, baina nagusiki intimista da lana.
Arrunt malenkoniatsua da. Malenkonia gustatzen zait. Erran nezake su bat dela enetzat dantzak sortzeko. Pieza guztia intimista da oso, eta xehetasunek dute garrantzia. Bi esku juntatzen dira, gero bereizten dira... Horrelako gauzei garrantzia ematen diet. Mugimendu txikiak. Mantsoak. Geldiak. Bereziki malenkoniatsuak dira kantak. Zuberoan badugu gure bluesa. Malenkoniatsua, baina tristezian erori gabe.
Oso propioa duzu minimalismorako joera hori. Zergatik?
Duela bi urte egin nuen pieza bat hiru dantzari zaharrekin [Filipe Oihanburu, Jean Nesprias eta Koldo Zabalarekin]. Oroitzen naiz deitu zen lan hura, eta niretako abentura handi bat izan da. Ohartu naiz ez dela birtuositatean sartu behar, gauza sinpleekin sor ditzakezula emozioak. Haiekin errez zen. Bazuten presentzia bat. Deus egin gabe bazuten zerbait. Emozioa sorrarazten zuten. Baina gorputz gazteagoekin, entrenatuekin gauza diferentea da. Halere, saiatzen naiz ildo horretan jarraitzea, ahal bezainbat.
Geldotasuna ikasi duzu, beraz?
Bai. Isiltasuna ere bai. Egoten ziren eserita, geldi, eta haien presentziarekin bakarrik, deus gehitu beharrik gabe, izugarria zen. Esperientzia horrekin hazi egin naiz, eta orain saiatu naiz horrekin ikasitakoa berriz erabiltzen.
Tradizioa eta gaurkotasuna lotzen dituzu maiz zure lanetan. Dikotomia hori oso propio duzu, baina ez dakit dikotomia iruditzen zaizun ere?
Enetako ez da batere. Ene materiala da ene kultura. Ez naiz saiatzen ene kulturaren gaurkotzen. Baina Iruten ari nuzu-ren moduko kantu batek zer erran nahi du gaurko egunean? Gaurkotasun bat baduen ala ez duen, hori da ene kezka eta galdera. Nik maiteago dut gorputzen poetika hitza, baina dantza garaikidea da egiten dudana. Mugan gara. Batere ez tradizioan, baina hortik dena abiatzen da. Horra joaten naiz sakon-sakon, eta hartzen dut gustatzen zaidana, eta horrekin saiatzen naiz ene saltsa egitea. Ene sustraietan da ene materiala.
Eta zer ikusten duzu sakonean?
Mugimenduarekin saiatzen naiz hezurreraino heltzea. Behar dituzu kendu trapu guztiak mugimendu arrunt biluziak egiteko. Anekdotak ez zaizkit gustatzen, eta saiatzen naiz kultura horren esentzia, mamia ateratzea.
Kasu honetan maitasun kantekin.
Beharbada maitasuna aitzakia bat da. Kantu horietan malenkonia da bilatzen dudana, eta, oroz gainetik, Beñaten [Axiariren] ahotsa. Bazen aspaldi zerbait egin nahi nuela kantu horien gainean, baina ez nintzen batere prest horretan sartzeko. Onartu behar duzu batzuetan deus ez egitea ere. Batzuetan hain da potentea eta polita kantua, hobe da ezer ez egitea. Bakarrik entzutea. Edo zerbait egitea, baina ez musikaren gainean, baizik eta pixka bat ondoan. Hori da ene lana.
Eta denbora behar izan duzu.
Lehen ez nintzen prest. Ez da kalakaria izan behar, ez hitzekin, ezta mugimenduekin ere. Kalakaria baldin bazara, ez zara sartzen mami horretan. Nik xerkatzen dut hezurrera heltzea. Eta sartzen bazara kanta horietara ideia aunitzekin, ez dituzu entzuten. Hastapenean mugimendu aunitz genituen pieza honetarako, eta kentzen eta kentzen joan gara gero. Eta, oraino ere, badira batzuk soberakinak direnak beharbada.
Eta noiz erabakitzen duzu noiz den nahikoa, noiz dagoen aski biluzik?
Aste honetan erabaki dugu. Nahiz eta dena ez den ene gustukoa, erabaki dugu hau dela emanaldia. Dantzariek badute garrantzi handia horretan. Esperimentatuak izan behar dira. Gehiegizko ego batekin ez zara sartzen hezurrera jotzeko lan horretan. Gehienek nahi dute erakutsi zer dakiten. Emanaldi honetako dantzariek ere badakite, baina nik galdegin diet ahazteko hori, eta beren baitan xerkatzeko.
Nola landu duzu hitzen eta mugimenduen arteko harremana?
Goizean goizik, Iruten ari nuzu eta beste kanta batzuetako hitzak orain nehork ez ditu horrela idazten, eta distantzia bat hartu behar nuen, baina urrundu gabe. Atzeman behar zen erdi tonu bat. Ez literalegia, eta ez urrunegia. Bien arteko oreka bat atzematea zaila izan da. Maitia nun zira abestiarekin, adibidez. Maitaleen arteko urruntasunaz ari da kantua, eta hori antzerki bihurtzea izan da ene kezka. Bi dantzari jarri ditut horregatik elkarrengandik urrun baina elkarri begira. Begiratzeekin bakarrik elkarrekin.
Urteak eman zenituen dantza bazter xamarrean utzita.
Zaila da dantza mundua. Profesionalki aritu nintzen hamar edo hamabi urtez, urtero sorkuntza bat egiten eta bost emanaldi eskaintzen. Eta berriz ere diru laguntzak eskatzen, dantza sorkuntza prestatzen... Ez nuen zentzurik harrapatzen horretan. Behartua izan naiz haustura bat egitera. Baina dantza pasioa da, eta ez duzu horrela uzten ahal betiko. Mixel Etxekoparrek egun batez galdegin zidan parte hartzea jai batean. Erran nion dantza utzia nuela aspaldi, baina hark erantzun zidan gauza txiki bat izango zela eta ez kezkatzeko. Eta azkenean ikusgarri osoa dantzari bakarrak egin behar izan zuen, eta dantzari hori ni izan nintzen! Biziki gustatu zitzaidan berriz ere dantzan aritzea. Eta erabaki nuen berriz horretan sartzea.
Eta hor zaude orain, beraz?
Ene lana ez da batere zabaldua. Segitu nahi dut nire lana, baina ez dut fama xerkatzen. Konturatzen naiz lagundua naizela, dantzari onak biltzen ditudala, eta horrela dena da errazago enetzat.
Besterik esateko?
Bai. Koreografo bat ez da deus dantzari gabe. Haiek ere badira sorkuntzaren parte. Negoziazio bat dago. Mugimendu gutxi erakutsi dizkiet. Partekatu dut ene mundua, eta haiek sartu egin dira. Beti agertzen da Mizel Theret izena, baina ez Mizel Theret ez deus! Theret dantzariekin. Eneko Bordato, Gael Domenger eta Johanna Etxeberri eta azkenik Theret. Koreografoa ez da jainkoa.
Mizel Theret. Dantzaria eta koreografoa
«Isiltasuna ikasi dut»
Hezurrera jo nahi duela dio Mizel Theretek, eta horregatik saiatzen da soil dantzatzen. Sustraiak ditu lanerako materiala, dioenez, eta tradizioko maitasun kantekin osatutako 'Hiru zitroin lur hotzean' lana da horren froga. Gaur estreinatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu