Zinema estreinaldiak

Isilpeko heroiak

'Ainda estou aqui', Walter Salles zinemagile brasildarraren film berria, diktadura garaian bere familiaren alde borrokatu behar izan zuen emakume baten kontakizuna da.

Walter Salles zinemagile brasildarraren 'Ainda estou aqui' filmaren fotograma bat. BERRIA
Walter Salles zinemagile brasildarraren 'Ainda estou aqui' filmaren fotograma bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko otsailaren 19a
04:00
Entzun

1970eko hamarkada Rio de Janeiron. Diktadura garaia da, baina jendeak bere bizimoduari eusten dio. Etxeetako ateak irekiak daude, eta haurrek kalean jolasten dute gurasoen zaintza handirik gabe. Paiva familia hondartzatik gertu dagoen etxe batean bizi da; beti lagunez, musikaz eta elkarrizketez beteta dagoen etxean. Zazpi dira familian: Rubens aita, Eunice ama, eta haurtzaroaren eta nerabezaroaren artean dauden lau alaba eta seme bat. Txakur bat ere badute, eta etxean lan egiten duen emakume bat ere haiekin bizi da. 

Urtarrileko egun batean, gizon batzuk sartuko dira Paivatarren etxean, pistola eta guzti. Rubensi haiekin joateko agintzen diote, galdera batzuk egin behar dizkiotela esanez. Inork ez daki zer ari den gertatzen, ama kezkatu egiten da, baina ez dute uste garrantzizko zerbait denik. Aitak, ordea, lasai dagoela iruditu arren, familiako kide bakoitzari agur esaten diola dirudi. 

Walter Salles zinemagile brasildarraren azken lana da Ainda estou aqui. Bere fikziozko azken film luzea (On the Road) egin zuenetik hamabi urte igaro dira, eta, 2012ko film hura bezala, Ainda estou aqui ere liburu batean oinarrituta dago. Marcelo Rubens Paivak 2015. urtean kaleratu zuen bere familiari buruzko eleberria. Haren ama, Eunice, alzheimerrak jota zegoen, eta Marcelorentzat garrantzitsua zen bere familiak jasandakoa zabaltzea. Horrela, diktadura garaian desagertutako pertsonen kontakizuna idatzi zuen, atzean utzitako horien begiradatik kontatuta. Aita desagertu zenean Marcelo artean haur bat zen, eta hainbat urte igaro arte ez zen jabetu amak egindako guztiaz: diktadura betean bost haur aurrera atera behar izan zituen, dirurik gabe, mehatxupean, eta gizarte patriarkal batek exijitzen zionari etengabe aurka eginez. 

Sallesek ez zekien Paiva familiari halakorik gertatu zitzaionik. Izan ere, nerabea zela, Euniceren eta Rubensen alabetako baten laguna zen, eta Paivatarren etxean egona zen. Familiaren lagunek, kazetariek eta musikariek bisitatzen zuten etxea, eta diktadura garaian egoera politikoari buruzko eztabaidak bertan entzun zituen Sallesek. Ateak eta leihoak beti irekiak omen ziren etxe hartan; heldu, gazte eta haurrak biltzen omen ziren; eta Salles gazteak hantxe ulertu omen zuen mundua berak uste zuena baina zabalagoa zela. 

Zinemagileak bere oroitzapen propioak, Marcelo Rubens Paivaren liburua, eta familiak jasotako dokumentazio ugaria erabili ditu heroi isila bilakatu zen emakumearen kontakizuna erretratatzeko. Hori dela eta, arte departamentuarentzat ezinbestekoak izan ziren familiak ateratako argazkiak. Horrez gain, alabetako batek grabaturiko Super 8-ko filmak ere agertzen dira filmean, diktadurak mehatxaturiko poza eta askatasuna islatzeko. 

'Ainda estou aqui'

Zuzendaria: Walter Salles. Gidoilariak: Murilo Hauser, Heitor Lorega. Liburua: Marcelo Rubens Paiva. Aktoreak: Fernanda Torres, Selton Mello, Fernanda Montenegro. Argazkia: Adrian Teijido. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 135 min. Herrialdea: Brasil. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_14680256) (/EZEZAGUNA) memorias
'Memorias de un cuerpo que arde' filmaren fotograma bat. BERRIA

'Memorias de un cuerpo que arde'

Zuzendaria: Antonella Sudasassi Furniss. Gidoilaria: Antonella Sudasassi Furniss. Aktoreak: Sol Carballo, Paulina Bernini, Juliana Filloy. Argazkia: Andres Campos Sanchez. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 90 min. Herrialdea: Costa Rica.

Sexualitatea tabua zen garai errepresibo batean hazi zirenez, 70 urteren bueltan dauden Ana, Patricia eta Mayelak arauetan eta itxaropen inplizituetan oinarritu zuten emakume izateak zer esan nahi duen. Orain argi eta garbi hitz egitera ausartzen dira. Hiruren oroitzapenak, sekretuak eta irrikak modu poetikoan elkartzen dira: emakumeek beren istorioak pantailatik kanpo kontatzen dituzten bitartean, beren belaunaldiko beste emakume baten gorputza osatuko dute.

'Limonov: The Ballad' 

Zuzendaria: Kirill Serebrennikov. Gidoilariak: Ben Hopkins, Pawel Pawlikowski, Kirill Serebrennikov. Eleberria: Emmanuel Carrere. Aktoreak: Ben Whishaw, Sandrine Bonnaire, Viktoria Miroshnichenko. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 138 min. Herrialdea: Italia.

Eduard Limonov poeta erradikal sobietarraren istorio harrigarria. New Yorken arlote bihurtu zen; arrakastatsua, Frantzian; eta antiheroi politiko, Errusian.

'Kimi no Iro'

Zuzendaria: Naoko Yamada. Gidoilaria: Reiko Yoshida. Aktoreak: Animazioa. Musika: Kensuke Ushio. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 100 min. Herrialdea: Japonia.

Totsuko ikasle sinestesikoak kolore gisa ikusten ditu besteak. Kimik, ohorezko matrikuladun ikasleak, ikasketak utzi ditu, baina amonaren aurrean itxurak egiten ditu. Ruiren ametsa sintetizadore analogikoekin konposatzea da, baina amak mediku izango dela espero du. Elkartu egingo dira, eta talde bat osatzea erabakiko dute hirurek; hala, elkarrekin aurkituko dituzte askatasuna, alaitasuna eta maitasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.