Luzia Goñi

Isilpean bide urratzaile

Garaian garaiko emakume gehienak bezala, apenas aritu zen plaza publikoan, baina unean unekoa deskribatzen zuten ehunka bertso idatzi zituen. 91 urterekin zendu da.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Hamalau ofizio, hamabost miseria». Hala hasten da Luzia Goñik idatzitako lehen bertsoa. Aizarotzen (Nafarroa) sortu zen, 1928an, baina, senideekin, sorterria utzi behar izan zuen artean haurra zela. 8 urterekin, Aizarozko eskolan hasi zen, eta, gero, Erbitiko eskolara eraman zuten. Han zigortu egiten zituzten euskaraz aritzen baziren; baina, Goñik berak kontatzen zuenez, bera euskaraz mintzatzen zen «beti». 14 urterekin, etxetik atera zen lanera, eta ordutik hainbat ofiziotan jardun zuen: kale saltzaile, talogile, arrantzale, sukaldari... Lanbide horiek eraman zuten herri ugaritan bizitzera, Nafarroan eta Gipuzkoan.

Txikitatik izan zuen bertsoekiko zaletasuna. Errenteriako (Gipuzkoa) Retegi tabernan lan egin zuen aldi batez, eta hara kantatzera joaten ziren bertsolariak entzunda zaletu zela kontatzen zuen. 50 urte zituenean, senarra hil zitzaion, eta orduan hasi zen bertsoak idazten. Horrezkeroztik, ehunka bertso idatzi zituen, unean uneko gertakariak kontatuz. Garaian garaiko emakume gehienen gisan, baina, gutxitan atera zen plaza publikora. Bertso idatziak zenbaitetan jendaurrean kantatu zituen, baina inoiz ez zen aritu bat-batean.

Haren ekarpenari aitortza

Nafarroako Bertsozale Elkarteak 2017an egin zion aitortza: urte hartako Nafarroako Bertsolari Txapelketako irabazleari, Julio Sotori, txapela jartzeko aukera eman zion. Modu horretan, bertsolaritzari «ekarpen isila» egin dioten emakume guztiei omenaldia egin nahi izan zieten.

Igandean zendu zen Goñi, Tirapuko (Nafarroa) bere etxean, 91 urterekin. Arratsalde horretan bertan, EITBk hari berriki egindako elkarrizketa bat eman zuen Hitzetik Hortzera saioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.