Soiltasuna, naturaltasuna, epeltasuna, etxea. Halako hitzak etor dakizkioke burura Leire Villanueva Iseo-ren (Barañain, Nafarroa, 1991) EP berria entzuten duenari, eta antzeko hitzak errepikatu ditu hark ere sortze prozesuaz mintzatzean. Lan txikia da, lau bertsiok osatutakoa, eta espero gabe sortutakoa. Mikrofono bat probatzeko abestu eta jo baitzituen kantuak, gitarrarekin, etxean, jakin gabe ere kantatzen ari zena grabatzen ari zenik. Lau kantu gelditu ziren grabaturik: Mikel Laboaren Txoria txori, Hertzainak-en Aitormena, Benito Lertxundiren Baldorba eta Berri Txarrak-en Eskuak. Entzun ondoren, argi ikusi zuen argitara atera behar zituela. Etxean izenburupean karrikaratu ditu.
Ez dio ausaz jarri izenburu hori proiektuari, haren barnean etxearen alderdi asko batzen dira eta: etxeko lasaitasunean egin zuen; euskaraz izateak bere sustraiekin lotzen du; bere familiarekin konektatzen duten kantuak dira; eta toki berri batean etxea sortzen ari den momentu batean sortu du. «Kontzeptua ez nuen aurrez pentsatu; posible zen, baina ez zen hala izan. Eta polita da ikustea nola pentsatu gabe jaio den zerbaitek elkartu dituen kontzeptu baten hainbeste erreferentzia», adierazi du musikariak.
Jakin gabe grabatua izateak naturaltasuna ematen dio lanari: benetan ari zen horrela abesten eta jotzen, planifikatu gabe. «Adibidez, adi entzuten baduzu, momentu batzuetan nire txakurrak aditzen dira; beste batzuetan, pausa txiki batzuk entzuten dira, pentsatzen ari nintzelako zer akorde zetorren; eta kantu batean, halako batean, okertzen naiz, eta errepikatzen dut, akorde egokiarekin», jarri du adibidetzat.
Detaile horiek benetakotasuna ematen diotela uste du, purutasuna, eta polita iruditzen zaio «artifiziorik gabeko» zerbait argitaratu izana, uste duelako egun, sare sozialen eraginez, gizartea askotan errealitatetik urrun dagoela. «Badakigu sare sozialetan ikusten duguna ez dela erreala; horregatik, niri detaile txiki horiek agertzea aberatsa iruditzen zait, bizitza halakoa delako: okertzen gara eta errepikatzen dugu, ongi egiteko».
Iseok 2016tik ez zuen bakarkako lanik aurkezten: urte hartan Last Nigth publikatu zuen, banda batek lagunduta, eta aurretik, 2013an, soilik ahotsez eta gitarraz osatutako Red Gardens-ekin estreinatu zen. Gerora Alberto Iriarterekin batera osatutako Iseo&Dodosound proiektuan aritu da buru-belarri, oso bestelako estilo batean. Bi disko dituzte: Cat Platoon (2015) eta Roots in the Air (2017).
Lan berriak Red Gardens-en zenbait elementu ditu: edergarririk eza, ahotsaren gailentasuna... Eta hark ere loturak ikusten ditu bere hasierako alde artistikoarekin. Hala ere, nabarmendu du ezen, Iseo&Dodosound proiektuan soinuaren oinarria digitala den arren, harena alde «organikoagoa» izan dela beti. «Hortaz, neure burua natural ikusten dut alderdi honetan ere: hau ere Iseo da».
Abuztu amaierako gau batean grabatu zituen kantuak. Ordurako egona zen bere senideekin, etxean; baina uste du pandemiak eragina izan duela bere etxerako buelta figuratiboan: «Konfinamendu garaian Madrilen bizi nintzen, eta ezin nintzen joan Iruñera edo herrira, Irunberrira. Kilometroak fisikoak dira, baina psikologikoak ere bai. Ezin nuen familia ikusi. Eta horren arrastoa guztioi gelditu zaigula uste dut. Horregatik, abesti hauek etxera hurbiltzeko modu bat izan zirela uste dut». Egun ez da Madrilen bizi: «naturatik gertu» bizi da, bizimodu lasaiagoa du, eta argi du hiria atzean utzi izanak ere eragina izan duela haren alde artistikoan. «Guztiaren ondorio izan da».
EPko kantuak oso ezagunak dira, baina ezberdinak haien artean, eta Iseorentzat guztiek dute zerbait berezia. Behin grabatu ondoren galdetu behar izan dio bere buruari zergatik lau horiek, baina oso argi ikusi ditu arrazoiak.
Baldorba bere gurasoen etxean entzun duen abesti bat da. «Benito Lertxundiren disko hori asko entzun dugu txikiak ginenetik, eta abesti hori asko abestu dut gurasoekin». Euskal Herrian kontzertuak ematen dituztenean jo ohi duen abesti bat da.
Txoria txori «azken urteetan hurbil» izan duen kantu bat da: «Bertsio bat egin genuen, guztiz ezberdina, eta aspaldiko bira batean jotzen genuen, trantsizioko momentu batean».
Aitormena, berriz, behin bakarrik joa zuen jendaurrean; hain zuzen ere, hastapenetan zenean bere herrian egindako kontzertu batean, udako gau batean. «Harrigarria da», adierazi du.
Azkenik, Eskuak-en kasuan, azaldu du Berri Txarrak-en 2019ko Kobetamendiko (Bilbo) kontzertuan kantatu zuela, eta oso oroitzapen ederra duela: «Kontzertuan abestea proposatu zidatenean izugarria izan zen, Berri Txarrak-en lehen diskoak goitik behera dakizkidalako. Eskuak eta Biziraun abestu genituen elkarrekin, eta ikaragarria izan zen».
Disko berria, argitaratzear
Kantuak jendaurrean aurkeztea gustatuko litzaioke, baina orain Iseo&Dodosounden hirugarren diskoan lanean ari da, amaitzen, eta gogoa horretan jarri nahi du. «Disko bat egitea prozesu luzea eta delikatua da, eta erabaki nuen oraingoz kontzerturik ez egitea beste proiektu honekin». Ez du baztertzen aurrerago egitea, baina ez du presarik. «Modu naturalean jaio zen, eta ez ditut denborak tenkatu nahi».
Iseo&Dodosounden disko berria 2022ko urtarrilerako prest izatea espero dute, eta «pozik, motibatuta eta ilusionatuta» daude. Gainera, egoerak bira normala egiten utziko diela dirudi, eta Iseo oso kontent da horrekin. Preseski, urrian neurri murriztailerik gabeko kontzertu bat eman zuten, Gironan (Katalunia), eta berriz hori bizitzea «katarsi baten modukoa» izan zela esan du: «Denok behar genuen gauza hauek bizitzen hastea, eta eskerrak ematen ari naiz. Eskerrak bizitzari».