Donostiako 66. Zinemaldia. Sari banaketa

Isaki Lacuestaren 'Entre dos aguas' filmak irabazi du Urrezko Maskorra

Epaimahai ofizialak aho batez erabaki du zuzendari katalanaren lana saritzea. Beste hiru sari nagusi lortuta, Benjamin Naishtat zinemagile argentinarraren 'Rojo' filma izan da 66. jaialdiko beste garailea

Zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra jaso zuen Benjamin Naishtatek. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Urrezko Maskorra film bakar batek irabazten du urtero, baina Donostiako 66. Zinemaldiaren atzo gaueko sari banaketa ekitaldian bi irabazle izan zirela esan liteke kasik. Isaki Lacuesta zuzendari katalanaren Entre dos aguas filmak irabazi zuen sari nagusia, lan onenarena. Baina Alexander Payne zinemagilea buru zuen epaimahaiak beste hiru sari garrantzitsu film berari ematea erabaki zuen, Benjamin Naishtat zinemagile argentinarraren Rojo filmari: Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Naishtat berarentzat, Gizonezko aktore onenarena Dario Grandinettirentzat, eta Argazki onenarena Pedro Soterorentzat. Ohi baino aldarrikapen gehiago entzun ziren sari banaketa ekitaldian, hainbat irabazleren eskutik.

Urrezko Maskorra irabaztea zer den aurrez ere bazekien Lacuestak, 2011n lortu baitzuen lehen aldiz, Los pasos dobles filmarekin. Oraingoan, Entre dos aguas aurkeztu zuen lehiara, duela hamabi urte grabatutako La leyenda del tiempo lanaren jarraipen gisa uler daitekeen filma. Lehen lan hartan nerabeak zirela agertu zituen Isra eta Cheito anaia ijito protagonistak, eta haien bizitzei berriro heldu die fikzioaren eta errealitatearen artean dantza egiten duen pelikula berrian. Epaimahaiaren iritziz, filmak «protagonisten bizitzak era intimo eta egiazko batean esperimentatzera bultzatzen ditu ikusleak», eta islatzen duen inguruaren «erretratu sozial bihozbera» bat eskaintzen du.

Payne epaimahaiburuaren eskutik jaso zuen garaikurra zuzendariak, eta filmeko lantaldeko kideei oholtzara igotzeko deia egin zien. «Halakoetan, beti zuzendariak eta aktoreak agertu ohi gara, baina guretzat garrantzitsua da, 2004an Isra eta Cheito ezagutu genituenetik familian egin dugun lan bat izan delako». Israel Gomez Romero aktoreak ere, hunkituta, eskerrak eman zituen.

Rojo izan zen gaueko beste protagonista, Jorge Videlaren estatu kolpearen aurreko urteen Argentinaren erretratua egiten duen filma. Hunkituta jaso zuen Benjamin Naishtatek Zilarrezko Maskorra, eta saria lantalde osoarekin partekatu ostean, kulturak Argentinan bizi duen egoera salatu zuen. «Biharko egunkarietan halako albisteak agertuko dira eta zinemagintza ongi doala esango dute, baina errealitatea da Kultura Ministerioa itxi, eta idazkaritza batekin ordezkatu dutela. Kulturak duintasuna ematen du, herri baten duintasunaren parte da, eta duintasuna ez da negoziatzen».

Film berean egindako lanagatik jaso zuen Dario Grandinettik Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, eta Rojo-k lantzen duen gaiari jarraituz, memoria aldarrikatu zuen: «Argentinako oso une berezi batez hitz egiten du filmak, zeinetan ondoren etorri zen tragedia prestatu zen. Zuzendaria jaio gabe zegoen artean, baina gertatutakoa interesatu, ikertu, jakin eta kontatzea erabaki zuen. Memoria berreskuratze edo freskatzearen sintesi bat da.Eta orain, mundu osoan eskuina eta faxismoa hazi egin diren honetan, prestatzen egon daitekeen edozer gauzari buruz ohartarazteko ere balio dezake filmak».

Film berean parte hartu duen Pedro Soterok eraman zuen Argazki onenaren saria. Donostian ezin izan zuen egon, baina oharra bidali zuen saria eskertzeko, eta Brasilgo egoera politikoa ere salatu zuen. Lula da Silva presidente ohiari eskaini zion saria; preso dagoela gogorarazi, eta justiziak «akats historio hori lehenbailehen zuzentzeko» eskatu zuen.

Saritutako gidoilarien eskutik jarraitu zuten aldarrikapenek. Gidoi onenaren saria ex aequo jaso zuten Paul Lavertyk —Iciar Bollainek zuzendutako Yuli-gatik— etaLouis Garrelek —berak zuzendutako L'homme fidele filmagatik—. Lavertyk salatu zuen 58 urte indarrean daramatzala Kubaren aurkako blokeoak; legez kanpokoa dela, eta NBEk urtero bukatzeko eskatu arren, AEB eta Israel, «gizarte zibila kolektiboki zigortzen bi adituak», beti aurka agertzen direla gogorarazi zuen, eta blokeoa behingoz amaitzeko eskatu. Garrelek, berriz, Jean Claude Carrier ko-gidoilariarekin lan egitea amets bat zela adierazi zuen, eta kartzelan dagoen Oleg Sentsov zinemagile ukrainiarrekin partekatu zuen bere saria.

Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Pia Tjeltak irabazi zuen, Blind Spot filmean egindako lanagatik. Erabat hunkituta, Tuva Novotny zuzendari eta «lagun onenari» eman zizkion eskerrak. Filmak jorratzen duen gaiari erreferentzia eginez, buruko gaitzei aurre egiteko egunerokoan elkarri begiratu behar zaiola aldarrikatu zuen. Epaimahaiaren sari berezia, berriz, Brillante Mendozaren Alpha, The Right To Kill filmak eraman zuen. Bestetik, nazioarteko kritikaren Fipresci saria Claire Denis zuzendari frantsesaren High Life filmak eraman zuen.

Irizar saria, 'Oreina'-rentzat

Euskal film ugari izan da aurtengo Zinemaldian, eta horien artean, Koldo Almandozen Oreina. Zuzendari Berriak sailean erakutsi zuen bere lana zinemagile eskarmentudunak, eta Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen. Txintxua Films eta Marian Fernandez ekoizlea eskertu zituen Almandozek saria jasotzean, filma egiteko bere «iparrorratza» izateagatik. Zuzendari Berriak ataleko epaimahaiak, berriz, Hiroshi Okuyamaren Boku wa lesu-sama ga kirai / Jesus filma saritzea erabaki zuen, baita Celia Rico Clavellinoren Viaje al cuarto de una madre-ri aipamen berezia egitea ere —azken horrek Gazteriaren saria ere eraman zuen, 300 gaztek baino gehiagok osatutako epaimahaiak ematen duena—.

Bestalde, Zabaltegi-Tabakalera sailean, Jean-Gabriel Perioten Song for the Jungle film laburra saritu zuen atal horretako epaimahaiak, eta beste film labur batek, Elena Lopez Rieraren Los que desean lanak epaimahaiaren aipamen berezia eraman zuen. Film laburrak saritzeko erabaki «ausartagatik» eskerrak eman zizkion Periotek epaimahaiari.

Perlak saileko lanen artetik, aldiz, ikusleek hautatzen dute irabazlea, eta Donostia Hiria Publikoaren Saria Another Day of Life animaziozko filmari ematea erabaki zuen, Raul de la Fuente zinemagile nafarrak Damian Nenow poloniarrarekin batera zuzendu duena. Sail berean, Lukas Dhonten Girl lanarentzat izan zen Europako Film Onenaren saria.

Horizontes Latinos sailean, Maria Alcheren Familia sumergida saritu zuten, eta epaimahaiak aipamen berezia egin zion Agustin Toscanoren El motoarrebatador filmari. Zinema Eraikitzen saria, berriz, Lucia Garibaldiren Los tiburones-ek eraman zuen. Eta hizkuntza ez hegemoniko batean egindako lan baten ekoizpena laguntzeko Glocal in Progress programan, berriz, Ignas Jonynasen Nematoma izan zen hautatua.

Zinema Ikasleen Nazioarteko XVII. Topaketako epaimahaiak, berriz, Diego Cespedesen El verano del león eléctrico saritzea erabaki zuen, eta baita David Pinheiro Vicenteren Onde o verao vai (Episódios da juventude)-ri aipamen berezia egitea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.