Kritika-Antzerkia

Isabelen oroitzapenak

Agus Perez.
2024ko martxoaren 23a
05:05
Entzun

Eibarko antzerkizale euskaldunek ondo bete dute Coliseo antzokia Masustondoen patioa ikusteko, eta are gehiago kontuan izanda aurreko egunean gaztelaniazko bertsioa eman zutela.

Ez dakigu zer ekarpen mota egiten dion argumentuari, baina badirudi Andaluziako patio batean aurkitzen garela. Isabel –Sara Cozar– gurasoen etxera itzuli da, zahartzen ari den ama zaintzera. Horretarako baditu bi ahizpa eta aita, hura ere zaindu beharrekoa baina oraindik nahiko sasoiko dabilena. Ama –Aizpea Goenaga– izaera handiko emakumea da, ez bereziki samurra edo umore onekoa, eta kemen handiz egingo dio aurre bere endekapen-prozesuari; Candi ahizpa ozpinduak denetariko ardurak hartzen ditu beti, baina ez du nahi beste inork lagundu diezaion, eta, azkenik, Yolandak beti egiten dio uko bere ardurak hartzeari.

Zer esango dizuet, bada, irakurle maiteok, zuek ezagutzen ez duzuena. Egunotan, eta bereziki martxoaren 8aren harira, arta-lanak jarri dira jomugan, eta seguru nago ikusleen artean den-denek bizi izan dituztela edo bizitzen ari direla horrelako egoera zailak.

Baina joan gaitezen harira, zeren orain arte esandako guztia gauza jakina bada, zertarako idatzi, zuzendu eta plazaratu antzezlan bat? Zertarako konbokatu jendea? Sandra Ferrus obra honen egile eta zuzendariari galdetu beharko genioke. Ferrus —Ferrús ahoskatu, mesedez— Alziran (Valentzia, Herrialde Katalanak) jaio zen, 1979an, eta aktoretzat jo dezakegu antzerki egiletzat edo zuzendaritzat bainoago, argumentuak eta pertsonaien diseinuak izan duten dentsitate falta ikusita. Beraz, kasu egin beharko diogu esku-programari, non Lorca eta Txekhoven artean kokatzen duten Ferrusen muntaketa.

Ekoizpenak, egileak edo zuzendariak hala eskatuta, eremu eszeniko zeharo naturalista eratu da antzezpenerako, eta ausardia bakarra izan da lauki zentraletik kanpo geratu dela Isabel bere oroitzapen edo iraganeko kontuetan murgiltzen zenean. Bestetik, egokia eta eraginkorra suertatu da disposizio eszenikoa, emakumeek irudi politak eratu dituzte noizean behin haize-emaile gorriekin, eta Iñaki Salvadorren pasarte gozo laburrak entzun ditugu han-hemenka.

Denek ekin diote gogoz antzezpenari, baina hasieratik bertatik nabaritu da deklamazioaren modulatze falta, ahalegin handia eskatu diguna denboran etengabe aurrera eta atzera egiten zuen ildo narratiboari jarraitzeko. Bestalde, nik patxada handiagoa eskatuko nioke tempoari, horrela izanda emanaldiak esangura sakonagoa hartuko zuelakoan. Amaitzeko, Sara Cozarren rola nabarmenduko dut, berarengan zentratu delako obraren zama nagusia. Eta azkenik, argumentuaren amaiera errazkeria hutsa eta nahiko infantila egin zait. Baina zer espero genezake hasiberri baten gidaritzapean ibili ezkero? 

‘Masustondoen patioa’

Ekoizpen etxea: Vaiven. Egilea eta zuzendaria: Sandra Ferrus. Euskaratzea: Aizpea Goenaga. Musika: Iñaki Salvador. Jantziak eta eremu eszenikoa: Elisa Sanz. Argiak: David Alkorta. Antzezleak: Olatz Beobide, Sara Cozar, Aizpea Goenaga, Martxelo Rubio, Dorleta Urretabizkaia. Lekua: Eibarko Koliseo antzokia. Eguna: Martxoak 20.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.