Literatura

Iruzurkeria salatu nahi izan du Fito Rodriguezek 'Polloekoak' liburu berrian

Teles errefuxiatu politiko ohia berreskuratu du protagonista gisa eleberrirako. Elkarren artean txirikordatzen diren 30 istoriok osatzen dute liburua, eta DDTk atera du.

Fito Rodriguez
Fito Rodriguez, azaroaren 22an, Donostian liburua aurkeztu zuenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2023ko abenduaren 8a
05:20
Entzun

Saiakelak egiten dituela esaten du Fito Rodriguezek, hau da, nobelaren eta saiakeraren arteko lanak. Argitaratu berri duena, ordea, eleberri beltza da ehuneko ehun. Polloekoak du izenburua, eta DDT argitaletxe autogestionatuarekin elkarlanean atera du.

Rodriguezek berak adierazi duenez, lan hori sortzeko orduan, «erregistro berri batean» aritu da. «Iruzurkeria eta ustelkeria salatu nahi izan ditut». Azaldu duenez, De Miguel auzia agertzen da eleberrian. Duela 40 bat urte torturaren inguruan idatzi zuen idazleak, eta duela hamar urte pasatxo, berriz, biktima izan zuen hizpide Biktimari agurka aforismo liburuan. Horrelako gaien inguruan idazteak merezi duela uste du idazleak: «Zuriaren gainean beltza idaztea da».

30 istorioz osatuta dago Polloekoak. Narrazioek independenteak diruditen arren, eleberriak aurrera egin ahala elkarren artean gurutzatuz joango dira. Teles da protagonista, urte askoren ondoren Euskal Herrira itzuli den errefuxiatu politiko ohia. Ostegunero bere lagunekin Donostiako Polloe hilerriko atean elkartuko da, mendira joateko. Baina, halako batean, Poliziaren jazarpenean murgilduta geratuko da protagonista, ustezko hilketa bat dela eta.

Protagonista berreskuratua

Duela hiru bat urte, Udalbiltzak abian jarritako Geuretik Sortuak beka lortu zuen Rodriguezek. Euskarazko artea eta kultura sortu eta hedatzea helburu du Geuretik Sortuak-ek, eta literatura, komiki, antzerki edo zinema obrak egiteko aukera izaten dute parte hartzaileek. Beka horretarako narrazio bat sortu zuen Rodriguezek, eta bertako protagonista izan zen Teles, errefuxiatuta egon ondoren Euskal Herrira itzulitako agurea. «Asko maite dut pertsonaia hori, eta libururako berreskuratzea erabaki nuen».

«Euskarazko literaturan ez dira merkatuko erreferentziak jarraitzen, eta horregatik ateratzen dira hain lan onak». 

FITO RODRIGUEZIdazlea

Egileak aipatu du azken lan hau «arina» dela. Haren hitzetan, horrek tramari eusten laguntzen dio, eta irakurlea ez da istorioen artean galtzen. Gaur egun jendeak mundua ulertzeko erreminta egokiak ez dituela uste du Rodriguezek, eta, horregatik, besteak beste, historia, egiaren eraikitzea eta egia judiziala ukitzen ditu eleberrian: «Ez dakit asmatu dudan, baina behintzat arriskatu naiz».

DDT argitaletxearekin egin du lan Rodriguezek eleberria kaleratzeko. Behin eleberria idatzia zuela, Euskal Herriko hainbat argitaletxetara jo zuen, baina, azaldu duenez, haiek ez zuten argitaratu nahi izan. «DDT talde autogestionatu bat da, beste mota bateko kultura sortzea helburu duena». Euskal literaturan kalitate handiko lanak daudela uste du idazleak, eta horregatik dagoela argitaratzeko zailtasuna batzuetan: «Euskarazko literaturan ez dira merkatuko erreferentziak jarraitzen, eta, nire ustez, horregatik ateratzen dira hain lan onak».

Durangoko azoka autogestionatuan izango da Polloekoak. Besteak beste, Sare Antifaxista, AHT Gelditu plataforma eta Katakrak izango dira Durangoko Zeharkaleko 11. zenbakian egingo duten azokan. Igandera arte izango da hori ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.