Neguan ere ez da faltako bertsorik Iruñean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakinarazi du Bertsoaroa jaialdia otsailaren 9tik martxoaren 2ra bitarte eginen dela aurten. Datak iragarri ez ezik, kartela ere aurkeztu du elkarteak, eta egitarau oparoa utzi agerian: sei emanaldi eginen dituzte, hala nola bertso jaialdiak, bertso afari bat eta haurrentzako tailer bat.
Otsailaren 9an abiatuko da 2023ko Bertsoaroa.
— Nafarroa bertsotan (@unibertsoa) January 26, 2023
Sei emanaldi izango dira guztira Iruñean: bi bertso jaialdi, gazteen saioa, haurrentzako tailerra, Anonyme Popular emanaldia, eta, Bertsoaroan lehen aldiz, bertso afari bat.
Info+: https://t.co/dywDuriDHZ
🖌ï¸ÂÂÂ: Leire Urbeltz pic.twitter.com/7XC2TFqOKA
Bertsoaroak 32. aldia izanen du aurten. Ohi denez, Bertsozale Elkarteak Iruñeko Udalarekin batera antolatu dute zikloa. Zabaldutako oharrean, biek nabarmendu dute Bertsoaroaren helburua «unean uneko bertsolaritzaren berri kalitatez eta aniztasunez ematea» dela.
Otsailaren 9an eginen den bertso jaialdiak ekinen dio zikloari. Nafarroako Antzerki Eskolan eginen dute, iluntzeko 19:00etan, eta bertsolari hauek arituko dira kantuan: Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Julio Soto, Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza. Gaiak Ainhoa Larretxeak emanen ditu. Saioaren aurretik, Iruñeko III. Bertsopaper lehiaketaren sari banaketa eginen dute, antzoki horretantxe, 18:30ean.
Otsailaren 15ean, bertsolari gazteen saioa eginen dute, Gazteluko plazako Laba aretoan. 19:00etan hasiko dira, eta Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao eta Maddi Agirre arituko dira; Iratxe Muxika izanen da gai jartzaile zereginean.
Biharamunean, otsailaren 16an, Anonyme Popular ikuskizuna izanen da Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan. Emanaldian, uztartu egiten dira Igor Elortzaren hitzak eta ahotsa, Rafa Ruedaren doinu eta soinuak, eta Kulturaz-eko dapatisten irudiak. Emanaldirako, Oier Zuñiga aritu da aholkularitza eszenikoan, eta irudia Gotzon Garaizabal eta Malen Amenabarrena da irudia.
Ordutik astebete igarotzerako, otsailaren 23rako, beste emanaldi bat prestatu dute Bertsoaroan. Bertsolari hauek hartuko dute parte: Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Joanes Illarregi, Maddi Ane Txoperena eta Sarai Robles. Maialen Belarrak emanen ditu gaiak. Nafarroako Antzerki Eskolan eginen dute, 19:00etan hasita.
Halaber, joandako aldietan egin ez den jarduera baten berri eman du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Berrikuntza bat dakar aurtengo Bertsoaroak: bertso afari bat ere eginen dute. Martxoaren 2an eginen dute, Geltokin. Ander Aranburuk emandako gaiei segika, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Alazne Untxalo ariko dira. Hain justu, afariak emanen dio amaia zikloari.
Haurrentzako eskaintza
Aurreko aldietan bezala, haurrei ere erreparatu diete egitaraua ontzeko garaian. Hala, hutsik egin ez, eta haiei eskainitako jarduera bat ere sartu dute programan. Bertso jasa, bat-bateko jolasa tailerra eginen dute otsailaren 18an, Arrosadia auzoko Civivoxean. Jolas eta ariketa bidez haurrak bertsotan murgiltzea da helburua. Horretarako, bi bertsolari batuko zaizkie haurrei: Ainara Ieregi eta Iker Gorosterrazu.
Elkarteak zehaztu duenez, tailerra 8 eta 12 urte arteko haurrentzako modukoa da, eta ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Bi aukera daude horretarako: [email protected] helbidera idaztea edo 948-14 37 47 telefonora deitzea, otsailaren 16a baino lehenago, betiere.