Udazkenean egin ohi da Iruñeko Bertsoaroa, baina iaz, osasun krisiaren eraginez, piezak eroriz joan ziren, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak zikloa atzeratzea erabaki zuten. Zehazki, Nafarroako Bertsolari Txapelketa atzeratu izanaren ondorioz erabaki zuten ez egitea udazkenean, bertsolaritza eskaintza guztia garai berean ez pilatzeko. Baina badu data dagoeneko: otsailaren 10etik 24ra egingo dute, 31. aldiz.
1991n antolatu zuten lehen aldiz Bertsoaroa Iruñean, hirian bertsolaritza eta euskara sustatzeko, kalitaterik handienarekin eta modurik pluralenean, eta iruindarrei bertsolaritzaren oraingo egoeraren berri emateko. Urtez urte egokituz doa, eta aurten, sei emanaldirekin osatuko dute eskaintza: hiru bertso jaialdi, Erre eta Bederatzikoa emanaldi bereziak eta Bertso jasa, bat-bateko jolasa haurrentzako tailerra. Nafarroako bertsolariek eta bertsolari gazteek protagonismo berezia izan dezatela bilatu dute, Nafarroako Bertsozale elkarteak ohar bidez azaldu duenez.
Egitaraua, xehe
Dagoeneko eman dituzte egitarauaren xehetasun guztiak. Ohi bezala, «lehen mailako» bertso jaialdi batekin abiatuko dute zikloa, otsailaren 10ean. Sei bertsolari arituko dira kantuan, ibilbide eta herrialde ezberdinetakoak: Alazne Untxalo, Amets Arzallus, Eneko Fernandez, Julio Soto eta Nerea Ibarzabal. «Denen artean osatuko dute egungo bertsolaritzaren argazkia», Nafarroako Bertsozale Elkartearen hitzetan. Alaitz Rekondo arituko da gaiak jartzen. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da jaialdia, 19:00etan.
Erre emanaldiak hartuko du lekukoa, hilaren 15ean, toki eta ordu berean. Bertsolaritza oinarri duen emanaldi bat da, baina beste adierazpide batzuekin uztartzen da: antzerkia, musika, narrazioa eta poesiarekin. Leire Vargasek, Aner Peritzek, Oihana Aranak eta Haizea Aranak ondu dute ikuskizuna, eta Lankurekin ekoitzi. Dikotomien logikan arakatu nahi dute: gizartea antolatzen duten dualismoak abiapuntu hartuta, horiek mahaigaineratu, hala zalantzan jartzeko, arrakalatzeko. Otsailaren 5ean estreinatuko dute lana Durangon (Bizkaia), eta bigarren emanaldia izango da Iruñekoa.
Otsailaren 17an, bertsolari gazteen saioa egingo dute. Azken urteetan Bertsoaroak ahalegin berezia egin du bertsolari gazteei lekua egiteko, eta aurten ere helduko dio apustuari, «bertsolaritzaren oraina eta etorkizuna diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emanez». Beñat Astiz, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain, Gorka Pagonabarraga, Haira Aizpurua eta Nahia Arrizabalaga arituko dira kantuan, eta Ainhoa Larretxea, berriz, gai jartzaile. Katakraken izango da, 19:00etan.
Haurrentzako programazioak ere izango du tokia aurtengo Bertsoaroan. Aurrekoetan bezala, Bertso jasa, bat-bateko jolasa tailerra egingo dute, otsailaren 19an, Txantreako Salestarren eraikinean. Haurrek jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatuko dituzte, eta bi bertsolari gonbidatuek bertso saioa osatuko dute, Bittori Elizaldek eta Josu Sanjurjok. 8 eta 12 urte arteko haurrentzat da, eta izena eman beharra dago, [email protected] helbidera mezua idatzita, otsailaren 17a baino lehen.
Otsailaren 22an, Bederatzikoa izeneko emanaldi berezia egingo dute, 19:00etan, Kondestablearen jauregian. Lanak pianoa eta bertsoa batuko ditu, Beethovenen bizitzan eta obran oinarriturik, elkartetik azaldu dutenez: «Bertsolaritzak berezkoa duen bederatzi puntuko neurriari ere erreferentzia egingo dio, eta neurri horretan kantatu diren bertso antologikoak publiko aurrera ekarriko ditu».
Azkenik, beste bertso jaialdi batek jarriko dio puntua Bertsoaroari, otsailaren 24an. Parte hartzaileak izango dira Eneko Lazkoz, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Saioa Alkaiza, Sustrai Colina eta Xabat Illarregi, eta gai jartzailea, berriz, Maialen Belarra. «Denen artean, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute, ziklo osoari amaiera biribila jarriko dion emanaldian».
Antzerki Eskolan egingo dituzten hiru emanaldiek bosna euroko sarrera izango dute, eta hirurentzako bonua eskuratu ahal izango da, 12 euroan. Sarrerak salgai daude laescueladeteatro.com webgunean. Bertsolari gazteen bertso saiora eta Bederatzikoa-ra joateko, ez da sarrerarik erosi beharko.