Irungo Zineklubaren ekarpena aztergai, Oteizan

'Begi igarokorra. Irun Zineklubaren proiektua' erakusketa jarri du ikusgai Altzuzako museoak, Artiumekin lankidetzan, apirilaren 24ra arte

Oteiza museoko erakusketa berrian ikusgai jarritako zenbait obra. OTEIZA MUSEOA.
Erredakzioa
2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Iragan astean aurkeztu zuen Gasteizko Artium museoak urte berrirako programatu dituzten erakusketen arteko lehena: Pentsatzeko leku bat. Arte-eskolak eta praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979. Mikel Onandiak, Rocio Robles Tardiok eta Sergio Rubirak egin dituzte komisario lanak, eta, Xabier Salaberriarekin elkarlanean, proiektu horren barruan erakusketa berri bat ireki dute Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoan: Begi iragankorra. Irun Zineklubaren proiektua.

Artiumeko erakusketak hemeretzi kasu ditu aztergai, Euskal Herrian sortu zirenak, 1957tik 1979ra bitartean. Ikertzeko eta artisten arteko elkarguneak bilatzeko borondatez sortu ziren denak, hezkuntzari lotutako begirada batekin. Eta hala izan zen Jorge Oteizak, Sao Paoloko Biurtekoan arrakasta izan eta Irunera (Gipuzkoa) itzultzean, sustatu zuen Irungo Zinekluba ere.

Esperientzia artistiko eta kolektibo ugari bultzatu zituen egitasmo hark, eta horiekiko begirada kritiko bat eskaini nahi du orain Altzuzan irekitako erakusketak. 1958an hasi ziren hamabosteroko zineforum eskaintzarekin, eta liburutegi eta aldizkari espezializatuetako harpidetzekin, eta urteekin ugarituz joan zen programazioa. Bide horren une gorenetako bat, euskal arte modernoaren eraikuntzari lotuta, 1961eko Artearen I. Astea izan zen, komisarioen ustez. Arte abstraktuaren eta figuratiboaren inguruko eztabaidak izan ziren orduan pinturaren eta eskulturaren erakusketa laguntzen, zeinak, Oteizaren irudiko, arte garaikidea izan zenaren eta izan behar zuenaren arteko polarizazioa islatzen baitzuen.

Erakusketa apirilaren 24ra arte bisitatu ahalko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.