Iruñeko Topaketek jakintzarako eta gozamenerako gonbita egingo dute, urriaren 3tik 13ra

Nazioarteko biurtekoak kulturgile ospetsu ugari batuko ditu: besteak beste, Herta Mueller idazlea, Susan Neiman pentsalaria, Sara Ahmed feminista, Eva Lootz artista plastikoa eta Liza Lim konpositorea.

Ramon Andres Iruñeko Topaketak programaren zuzendari eta komisarioa, aurkezpenean. VILLAR LOPEZ / EFE
Ramon Andres Iruñeko Topaketak programaren zuzendari eta komisarioa, aurkezpenean. VILLAR LOPEZ / EFE
garbine ubeda goikoetxea
Iruñea
2024ko ekainaren 24a
16:41
Entzun

Iruñeko Topaketak nazioarteko kultur erakustaldia aurkeztu dute gaur Ramon Andres programako zuzendariak, Berta Ares zuzendariordeak eta Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko ordezkariek.

Ramon Andresek biurteko honen aukera historikoa nabarmendu du: «Iruñeko Topaketak jakintzarako, adiskidantzarako eta gozamenerako deialdia dira; garaiotan hirurak ukatu egiten zaizkigula baitirudi». Programa «ideologia eta kontsigna oroz gainetik» osatzen saiatu direla esan du komisarioak, eta horren adibide, topaketetara batu dituzten intelektualen zerrenda aipatu du. Tartean dira Herta Mueller, Pascal Quignard eta Cristina Rivera Garza idazleak, Gilles Lipovetsky, Boris Groys eta Susan Neiman pentsalariak, Stefano Mancuso zientzialaria, Sara Ahmed feminista, Eva Lootz artista, Bela Tarr, Antoine d’Agata argazkilaria, eta Georg Friedrich Haas, Mauricio Sotelo eta Liza Lim konpositore garaikideak, besteak beste.

Programa transbertsala

Berta Ares zuzendariordeak esan du «zeharkakoa» izango dela programa, eta horrek artisten, pentsalarien eta idazleen arteko konfluentzia eta trukea erraztuko duela. Horren adierazgarri, bederatzi ibilbide antolatuko dituzte. Literaturaren ingurukoa izango da bat, eta elkarrizketa formatua izango du. Bertan, besteak beste, Mueller Nobel sariduna Cecilia Dreymueller itzultzailearekin arituko da solasean.

Bigarren ibilbideak filosofian jarriko du arreta. Groys pentsalari eta arte kritikariak hitzaldi bat emango du zaintzaren filosofiaz, eta, horren ondoren, Carolina B. Garcia-Estevez arte historialariarekin arituko da hizketan.

Hirugarren ibilbideak eboluzioari helduko dio, Lehenik eskuak izan ziren izenburupean. Eduardo Saenz de Cabezon matematikariak eta Luciano Espinosa antopologoak, eskuetatik hasi, eta algoritmora bitarteko garapena aztertuko dute.

Laugarren ibilbideak, Geratzen zaizkigun zuhaitzak izenburupean, besteak beste Mancuso botanikari eta neurobiologoari emango dio hitza, eta Maria Peirano kazetariaren galderei jarraikiz osatuko du mintzaldia. Helene Tordjman ekonomia berdean adituari ere eskainiko diote tartea. Ispilu feminista ibilbideak, berriz, queer teoriaren ideologoetako bat izango du protagonista: Ahmed.

Hurrengo ibilbideak dohainaren eta sormenaren gaineko hausnarketa izango du oinarri. Gainontzean, Denok gatoz urrundik, Musika norabide guztietan eta Zineman barrena ibilbideek osatuko dute programa.

Erakusketak

Mintzaldiek eta solasaldiek ez ezik, erakusketek ere garrantzi handia hartuko dute Iruñeko Topaketetan. La Caixa fundazioak, adibidez, Tentsio jarraitua erakusketa egingo du Baluarten. Nimfa Bisbe izango da komisarioa, eta hogei obra erakutsiko ditu, nazioarteko artista ezagunek eginak denak ere. Tartean dira Bruce Nauman, Harun Farocki, Juan Muñoz, Walid Raad, Jana Sterback eta Damian Ortega. Hogei obra horiek egungo tentsio sozialak dituzte helduleku.

Aipagarri dira, gainera, Patxi Araujok Baluarteko sarreran jarriko duen instalazioa, Gaiarre antzokiko Baro d’Evel-en zirku performatiboa, Carolyn Carlson konpainiaren poesia bisuala, eta Asier Mendizabal, Patricia Esquivias, Lisa Tan eta Johanna Gustafsson Fuerst artista bisualek hitzaren eta keinuaren inguruan onduko dituzten lanak. Nerea de Diego eta Alberto Oderizen instalazioak ere ikusgai izango dira, kalean.

Iñaki Apeztegia Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusiak, bestalde, topaketa lurralde osora zabaltzeko asmoaren berri eman du. Apeztegiak azaldu duenez, Nafarroako hamalau zentro ari dira Topaketen Eskolan parte hartzen, Peru Galbete, Naiara Gorostidi, Idoia Zabaleta, Xabier Erkizia eta Marina Lameirorekin. Lan horren emaitza Kondestablearen jauregian erakutsiko dute gerora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.