Udazkenean egin ohi da urtero Iruñeko Bertsoaroa, baina iaz, osasun krisiaren eraginez, piezak eroriz joan ziren, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak zikloa atzeratzea erabaki zuten. Zehazki, Nafarroako Bertsolari Txapelketa atzeratu izanaren ondorioz erabaki zuten ez egitea udazkenean, bertsolaritza eskaintza guztia garai berean ez pilatzeko. Baina badu data dagoeneko: otsailaren 10etik 24ra egingo dute, 31. aldiz.
1991n antolatu zuten lehen aldiz Bertsoaroa Iruñean, hirian bertsolaritza eta euskara sustatzeko, kalitaterik handienarekin eta modurik pluralenean, eta iruindarrei bertsolaritzaren oraingo egoeraren berri emateko. Urtez urte egokituz doa, eta aurten sei emanaldirekin osatuko dute eskaintza: hiru bertso jaialdi, Erre eta Bederatzikoa emanaldi bereziak eta Bertso jasa, bat-bateko jolasa haurrentzako tailerra. Nafarroako bertsolariek eta bertsolari gazteek protagonismo berezia izan dezatela bilatu dute, Nafarroako Bertsozale elkarteak ohar bidez azaldu duenez. Atzo zabaldu zuen albistea.
Egitaraua, xehe
Dagoeneko eman dituzte egitarauaren xehetasun guztiak. Ohi bezala, «lehen mailako» bertso jaialdi batekin abiatuko dute zikloa, otsailaren 10ean. Sei bertsolari arituko dira kantuan, ibilbide eta herrialde ezberdinetakoak: Alazne Untxalo, Amets Arzallus, Eneko Fernandez, Julio Soto eta Nerea Ibarzabal. «Denen artean osatuko dute egungo bertsolaritzaren argazkia», Nafarroako Bertsozale Elkartearen hitzetan. Alaitz Rekondo arituko da gaiak jartzen. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da jaialdia, 19:00etan.
Erre emanaldiak hartuko du lekukoa, hilaren 15ean, toki eta ordu berean. Bertsolaritza oinarri duen emanaldi bat da, baina beste adierazpide batzuekin uztartzen da: antzerkiarekin, musikarekin, narrazioarekin eta poesiarekin. Leire Vargas, Aner Peritz, Oihana Arana eta Haizea Arana bertsolariek ondu dute ikuskizuna, Lankuren babesarekin. Dikotomien logikan arakatu nahi dute: gizartea antolatzen duten dualismoak abiapuntu hartuta, horiek mahai gainean jarri, hala zalantzan jartzeko, «arrakalatzeko». Otsailaren 5ean estreinatuko dute lana, Durangon (Bizkaia), eta bigarren emanaldia izango da Iruñekoa.
Otsailaren 17an, bertsolari gazteen saioa egingo dute. Azken urteetan Bertsoaroak ahalegin berezia egin du bertsolari gazteei lekua egiteko, eta aurten ere helduko dio apustuari, «bertsolaritzaren oraina eta etorkizuna diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emanez». Beñat Astiz, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain, Gorka Pagonabarraga, Haira Aizpurua eta Nahia Arrizabalaga arituko dira kantuan, eta Ainhoa Larretxea, berriz, gai jartzaile lanetan. Katakraken izango da saioa, 19:00etan.
Haurrentzako programazioak ere izango du tokia aurtengo Bertsoaroan. Aurrekoetan bezala, Bertso jasa, bat-bateko jolasa izeneko tailerra egingo dute, otsailaren 19an, Txantreako Salestarren eraikinean. Haurrek gaiak eta egoerak proposatuko dituzte jolas eta ariketen bitartez, eta bi bertsolari gonbidatuek bertso saioa osatuko dute: Bittori Elizaldek eta Josu Sanjurjok. 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat da, eta izena eman beharra dago, [email protected] helbidera mezu bat idatzita, otsailaren 17a baino lehen.
Otsailaren 22an, Bederatzikoa izeneko emanaldi berezia egingo dute, 19:00etan, Kondestablearen jauregian. Lanak pianoa eta bertsoa batuko ditu, Beethovenen bizitzan eta obran oinarriturik, elkartekoek azaldu dutenez: «Bertsolaritzak berezkoa duen bederatzi puntuko neurriari ere erreferentzia egingo dio, eta neurri horretan kantatu diren bertso antologikoak publikoaren aurrera ekarriko ditu». Bertsolaria Andoni Egaña izango da, eta piano jotzailea, Mikel Lizaso.
Azkenik, beste bertso jaialdi batek jarriko dio puntua Bertsoaroari, otsailaren 24an. Hauek izango dira parte hartzaileak: Eneko Lazkoz, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Saioa Alkaiza, Sustrai Colina eta Xabat Illarregi, eta gai jartzailea, berriz, Maialen Belarra. «Oholtzan izanen dira puntako bertsolariak, ibilbide luzekoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak. Denen artean, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute, ziklo osoari amaiera biribila jarriko dion emanaldian».
Nafarroako Antzerki Eskolan egingo dituzten hiru emanaldiek bosna euroko sarrera izango dute, eta hirurentzako bonua eskuratu ahal izango da, 12 euroan. Sarrerak salgai daude laescueladeteatro.com webgunean. Bertsolari gazteen bertso saiora eta Bederatzikoa-ra joateko, ez da sarrerarik erosi beharko.
Iruñeko Bertsoaroa zikloa otsailaren 10etik 24ra egingo dute
Sei saio izango dira: hiru bertso jaialdi, bi emanaldi berezi eta haurrentzako tailer bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu