Iruñeko Bertsoaroa otsailera atzeratu dute, txapelketarengatik

Eskaintza banatzeko hartu dute erabakia Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak

Jokin Kanpion, Saioa Alkaiza eta Ander Perez, atzo, Iruñeko Kondestablearen jauregian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak agerraldia egin zuten atzo Iruñean, hurrengo Bertsoaroa noiz egingo duten iragartzeko, eta Iruñeko II. Bertsopaper Lehiaketako irabazleak jakinarazteko. Saioa Alkaiza bertsolariak, halaber, Biziraute saiakera ikuskizuna aurkeztu zuen.

Bertsoaroa udazkenean egiten dute urtero, baina aurten Nafarroako Bertsolari Txapelketa ere atzeratu denez eta orain jokatzen ari denez, aurreragorako uztea erabaki dute. «Komenigarria da eskaintza orekatzea, eta dena hilabete hauetan kontzentratu ordez, Bertsoaroa aurrerago egitea», azaldu du Ander Perez Argote Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkariak. Otsailean izango da, oraindik ez dakite zehazki noiz, eta «laster» jakinaraziko dituzte egutegia eta programazioa.

Perezek gogora ekarri duenez, hiru hamarkada dira Iruñean Bertsoaroa antolatzen hasi zirela, iruindarrei erakusteko bertsolaritza unean-unean zertan zen, eta egun ekitaldi garrantzitsua da: «Iruñeko euskarazko programazioan erreferentziazkoa da, eta Euskal Herriko bertsolaritza zirkuituan ezaguna da».

Bestetik, Jokin Kanpion Gaston Iruñeko Udaleko Kultura teknikariak esan du nor diren aurtengo Iruñeko Bertsopaper Lehiaketako irabazleak. Hiru kategoria daude: 2008tik aurrera jaiotakoak A kategorian sartzen dira; 2005 eta 2007 bitartean jaiotakoak, B kategorian; 2003an edo lehenago jaiotakoak, C kategorian.

A kategorian lehen eta bigarren sariak Loitzate Goñi Elortzak irabazi ditu, Xauli eta Baratzea lanengatik, hurrenez hurren. Xauli txakur bati eskainita dago, eta «mimoz eta goxotasunez» osatua dago, epaimahaiaren hitzetan; Baratzea-n, egileak bere baratzeari buruz idatzi du, «umorez». Hirugarren tokian gelditu da Ekhi Rojo Rodriguez, Garai berriak bertso sortarekin; hartan, «bere bizitza zeharkatzen duten garai berriei eta fase aldaketei» buruz mintzatu da autorea.

B kategorian Nora Mendia Zabalza gailendu da, Barnez/hormez bertso sortarekin; lanak etxea du oinarri, eta «ironia ukituak» ditu. Beñat Astiz Isasi bigarren gelditu da, fabriketako errealitateaz mintzo den Kea darion bizitza honi obrarekin.

Azkenik, C kategorian Saioa Alkaiza Guallarrek irabazi du, Habitat lanarekin. Epaimahaiak deskribapenen kalitatea nabarmendu du, eta lanak «etxeko sofatik atera gabe» jorratzen duen gai sorta: maitasun amorratua, genero indarkeria eta bakardadea, besteak beste. Eneko Fernandez Martixalar izan da bigarren, Olinpora bidean lanean aktualitateko gai bat modu «egokian» jorratu izanagatik: eliteko kirolean izaten den presioa. B eta C kategorietan, hirugarren sariak hutsik gelditu dira.

Bertso jarriak oholtzara

Saioa Alkaiza Guallar iazko lehiaketan ere gailendu zen, Hiru pena mota lanarekin. Urtebeteren ostean, bertso horiei beste ibilbide bat emateko eta jendearengana gerturatzeko emanaldi bat prestatu du: Biziraute saiakera. «Sorta horrek jorratzen zuen aita, ama eta alaba batzuen bizitza, eta haien arteko interakzioa. Norbanakoaren barne munduari buruz hitz egiten zuen, eta galdera existentzialak zituen oinarrian», azaldu du Alkaizak.

Proposamen horretatik abiatuz, diziplinarteko emanaldi bat osatu dute: Haize Agirre eta Itsaso Agirre musikariek bertsoak kantatuko dituzte, eta ohiko bertso saio bat ere egingo dute, Maite Berriozabalek gidatuta, Julio Soto, Sarai Robles, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi bertsolariekin. Emanaldiaren kartela eta diseinua Maider Aldairenak dira. Nafarroako Antzerki Eskolan taularatuko dute, asteazkenean, eta sarrerak salgai daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.