Bertsolaritza

Iruñeko Bertsoaroa otsailaren 4tik 27ra eginen dute

Sei emanaldi antolatu dituzte; otsailaren 27ko bertso afaria salbu, denak dira doakoak. Saioetako bat hiriko historiari buruzkoa izanen da, eta Joseba Asiron alkateak parte hartuko du; azalpenak emanen ditu, bertsotarako gaiak eman aurrean.

Eneko Lazkoz eta Sarai Robles bertsolariak kantuan, 2023an; biak ariko dira aurtengo Bertsoaroan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Eneko Lazkoz eta Sarai Robles bertsolariak kantuan, 2023an; biak ariko dira aurtengo Bertsoaroan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko urtarrilaren 27a
15:00
Entzun

Otsailaren 4tik 27ra bitarte eginen dute Bertsoaroa Iruñeko jaialdiaren 34. aldia. Atzera ere, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolatu dute zikloa, eta gaur eman dute aurtengorako prestatutako programazioaren berri. Sei emanaldi antolatu dituzte osotara; lau bertso saio, haurrentzako tailer bat eta bertso afari bat. Antolatzaileen esanetan, datozen asteotan Bertsoaroa berriz izanen da «bertsolaritzak Iruñean duen indarraren erakusgarri». 25 bertsolarik hartuko dute parte, zehazki.

Santa Ageda bezperan ekinen diote bertso jaialdiari —alegia, otsailaren 4an, asteartearekin—: bertsolari gaztez osatutako saioa eginen dute Kondestablearen jauregian, 19:00etan. Bertso trama saioa izanen da zehazki, eta hauek ariko dira kantuan: Aitor Ugarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Araitz Katarain, Kattalin Lizarraga eta Kattin Madariaga. Iratxe Legarra ariko da gai jartzaile.

Otsailaren 6an izanen du segida zikloak, ostegunean. 19:00etan hasita, bertso saioa egonen da Nafarroako Antzerki Eskolan, eta, Ander Aranburuk jarritako gaiei segika, bertsolari hauek arituko dira kantuan: Aissa Intxausti, Ane Labaka, Ekain Alegre, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo eta Maialen Lujanbio. Gainera, saioaren aurretik, 18:30ean, Iruñeko V. Bertsopaper lehiaketako sari banaketa eginen dute antzokian: Enaitz Zestau, Kattin Madariaga eta Eneko Lazkoz gailendu dira.

Historialaria oholtzan

Ondoko astean, otsailaren 13an, historiari eskainitako saio berezia eginen dute Nafarroako Antzerki Eskolan; 19:00etan eginen dute hori ere. Antolatzaileek zehaztu dutenez, Iruñeko historiari buruzko emanaldia izanen da. Saioa Alkaiza eta Sustrai Colina bertsolariak ariko dira kantuan, eta Ainhoa Larretxeak aurkeztuko du saioa. Baina, hori bakarrik ez, jakinarazi dute Iruñeko alkate Joseba Asironek ere hartuko duela parte horretan, «historialaria baita». Hiriko historiari buruzko azalpenak emanen ditu tarteka, Larretxeak emanen ditu gaiak ondotik, eta haiei segika osatuko dituzte bertsoak Alkaizak eta Colinak.

Otsailaren 20an ere Nafarroako Antzerki Eskola hartuko du bertsoak. Maialen Belarra gai jartzailearen argibideei erantzunez, sei bertsolari ariko dira oholtza gainean: Alaia Martin, Amets Arzallus, Aroa Arrizubieta, Julio Soto, Sarai Robles eta Xabat Galletebeitia. Saioa 19:00etan hasiko da.

Otsailaren 21eko 'Bertso jasa, bat-bateko jolasa' haurrentzako tailerrerako ezinbestekoa da aurrez izena ematea; emailez edo telefonoz egin daiteke

Egitarauaren berri ematearekin batera, jaialdiak «gazteak, beteranoak eta haurrak» bilduko dituela nabarmendu dute Iruñeko Udalak zein Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Eta, hain justu, aurten ere prestatu dute propio haurrei eskainitako jarduera bat: Bertso jasa, bat-bateko jolasa izeneko tailerra gidatuko dute Bittori Elizalde eta Endika Legarra bertsolariek. Otsailaren 21ean eginen dute, ostiralarekin, Iturramako Civivox aretoan, 17:00etan hasita. Zehaztu dutenez, jarduera 8 eta 12 urte arteko haurrentzako modukoa da, eta ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Bi aukera daude horretarako: [email protected] helbidera idaztea edo 948 14 37 47 telefonora deitzea; otsailaren 19a baino lehenago egin beharko da, betiere.

Aurreko urteen antzera, Bertsoaroaren egitarauan jarduera bakarra izanen da ordainpekoa: bertso afaria. Otsailaren 27an izanen da hori, 20:30ean Geltokin, eta hauek hartuko dute parte: Eneko Lazkoz, Nerea Elustondo eta Xabat Illarregi bertsolariek eta Alaitz Rekondo gai jartzaileak. Sarrerak salgai dira jadanik, Geltokiren webgunean.

(ID_17379871269875) XXXIV. Bertsoaroa Zikloaren kartela
Mikel Tristan diseinatzaileak egin du aurtengo Bertsoaroaren kartela. BERTSOZALE ELKARTEA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.