Iruñearen iragana espoliatu zutenekoa

Hogei urte igaro dira Iruñeko Gazteluko plazako obrak hasi zirenetik. Yolanda Barcinaren agintearen pean, herritarren hitza entzun gabe, udalak aparkaleku bat eraiki zuen, aztarna arkeologiko garrantzitsuak suntsituz.

Gazteluko plaza, 2001eko uztailaren 23an. Egun hartako goizaldean moztu zituzten zuhaitzak. JOXE LACALLE.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Gauaren iluntasunean egin zuten; aldez aurretik jakinarazi gabe, udan hiria geldirik dagoela baliatuta. 04:00ak aldera, makinak Iruñeko Gazteluko plazan sartu ziren, hura urte luzez inguratu zuten 54 albo eta hogei akazia ebakitzeko. Lehen urratsa baino ez zen izan hori; emaitza, berriz, mendeetako aztarna arkeologikoen gainean eraikitako 950 autorentzako aparkalekua. Duela hogei urte gertatu zen, 2001eko uztailaren 23an, eta lanek hiru urte iraun zuten. Ezerk ez zituen geldiarazi Yolanda Barcinaren udalaren asmoak: UPNk bere plana inposatu zuen, PSN eta CDNren babesarekin, eta Vianako Printzea erakundearen sostenguarekin.

Hilabete batzuk lehenago onartu zuten aparkalekua eraikitzea, 2001aren hasieran, hiru alderdi horien baiezko botoekin; Euskal Herritarrok, Ezker Batua eta Batzarre, aldiz, aurka agertu ziren. Herritarren erantzuna azkar heldu zen: urtarrilean bertan erreferendum baten aldeko plataforma bat sortu zuten, eta manifestu bat zabaldu. Martxoaren 22an 21.200 sinadura aurkeztu zituzten, eta 25.000ra heldu ziren gerora. Hala ere, udalak ez zuen galdeketara deitu nahi izan.

Hala, egun batetik bestera, zuhaitzik gabe eta hesiz inguraturik esnatu zen Iruñeko plaza garrantzitsuenetako bat: iruindarren «egongela». Julia Itoiz rap kantaria Alde Zaharrean bizi zen orduan, eta jai batzordean eta auzo elkartean ibiltzen zen. Gogora ekarri duenez, bat-bateko kolpea izan arren herritarrak berehala antolatu ziren: «Goiz hartan taldetxo bat elkartu zen, nola erantzun erabakitzeko. Egunez egun jendea batzen eta antolatzen hasi zen; bilkura ugari izan ziren: uda osoa igaro genuen arratsaldero biltzen». Hala eratu zen, haren hitzetan, hirian egon den «auzo mugimendu handienetariko bat». Protestak ugariak eta biziak izan ziren, eta Poliziak—Espainiakoak batik bat, baina baita Udaltzaingoak ere— bortizki erantzun zuen. Zaurituak eta atxilotuak izan ziren.

Abuztuaren 1ean bertan, manifestazio handi bat egin zuten: 10.000 pertsonak parte hartu zuten. Itoizen ustez, herritarren erantzuna horren zorrotza izan zen, nagusiki, sentitzen zutelako udalak «haien hitza zapaldu» zuela, eta iruindarrentzat leku berezia zelako Gazteluko plaza; «naturala, kalitatezko airea zuena». Hori galduko zutela ikusten zuten. «Eta, bai, galdu genuen: azkar ikusi genuen plaza berriak ez zuela eskainiko besteak zuena; horren ordez, auto pribatuaren erabilera bultzatu zuten».

Antzera mintzatu da herritarren plataformako eleduna izaniko kide bat, Edurne Egino; harentzat, «bi ereduren arteko talka» izan zen: «Batetik, bizi kalitatearen eta jasangarritasunaren alde zeuden herritarrena, eta, bestetik, autoaren aldeko politika atzerakoia bultzatzen zuten botere handiko enpresa eta erakundeena».

Hiriaren historia lurpean

Agintarien oztopoen gainetik, herritarrek galdeketa antolatu zuten irailaren 29an, eta erantzuna irmoa izan zen: 19.639 bototatik, 18.462 aparkalekua eraikitzearen aurkakoak izan ziren, eta soilik 1.018 aldekoak. Baina udalak iruindarren botoei ere entzungor egin zien, eta lanei eutsi.

Erabakietan parte hartzearen aferaren ondotik ondarearena heldu zen. Eginok azaldu duenez, lanak hasi aurretik bazekiten lur azpian aztarna arkeologikoak agertuko zirela, agian ez horren baliotsuak, eta herritarren susmoa zen ez zituztela zainduko. Baina hondeamakinek aurrera egin ahala, espero baino arrasto gehiago azaltzen hasi zen, garai askotakoak. Joseba Asiron arte historialari eta Iruñeko alkate ohiak zehaztu duenez, aurkikuntzen bereizgarri nagusia horixe izan zen: garai askotakoak zirela.

Aro Garaikideko eta Modernoko aztarnen artean zeuden, besteak beste, ura eramateko sistemak, Fernando Katolikoaren aginduz XVI. mendean eraikitako gazteluaren zatiak eta karmeldarren komentu batenak; Erdi Arokoen artean, harresi baten zatiak, Santiago komentuko arrastoak, auzo bateko eraikuntzak eta bi hilerri —bat musulmana eta bestea kristaua—. Erromatarren garaiko aztarna ugari ere baziren; garrantzitsuenak termen eraikin batekoak ziren. Asironen esanetan, Gazteluko plazaren azpian agertu zen «Iruñeko historiaren inoizko testigantzarik handiena».

Termen agerpena bereziki esanguratsua izan zen. Izan ere, ordura arte Iberiar penintsularen iparraldean aurkitutako termarik handienak ziren, eta hiriaren historiari lotutako ikuspegia aldatu zuten: «Indusketen aurretik ez zutenez zundaketarik egin, fidatu ziren arkeologoek ordura arte ziotenaz; alegia, Pompaelo zaharra txikiagoa zela, ez zela plazara iristen. Baina aurkikuntzak zeharo aldatu zuen Iruñe erromatarraren inguruko iritzia».

Barcinaren udalak balioa kendu nahi izan zien aurkikuntzei, lanekin jarraitzeko. Ondarearen defentsarako plataformak salaketa bat aurkeztu zuen, prebarikazioagatik eta ondarearen aurkako delituengatik gerora artxibatu zutena, eta, epailearen eskariz Aranzadi zientzia elkarteak egindako txosten independente batean, «espoliazio arkeologikotzat» jo zuten indusketa. Aurkitutako aztarnen %75 suntsitu zituztela adierazi zuen.

Horrek haserrea eragin zuen: ondarea babestearen aldeko manifestazioak egin zituzten, eta historialari eta arkeologo ugari ere proiektuaren aurka agertu ziren. Gazteluko plazaren aldeko plataformak tokian bertan hiriaren historiaren inguruko museo bat sortzeko proposamena zabaldu zuen, eta aditu batzorde bat osatu, baina eskaera ez zen aurrera atera. Ondarearen aldeko aldarrikapen orori uko eginez, Vianako Printzea erakundeak aztarna guztiak desmuntatzea baimendu zuen. «Erakunde horrena izan zen azken hitza: ardura handia izan zuen; Barcinaren menpe zegoen», kritikatu du Eginok.

Ez zuten aurkikuntzen memoriarik publikatu, eta hondatutako harresi bat baino ez zuten utzi bere lekuan; egun, aparkalekuan bertan dago, autoen artean, testuingurutik kanpo, eta oraindik ez dago haren jatorria azaltzen duen kartelik. Aztarnekin gertatu zena «benetan penagarria» izan zela salatu du Asironek: «Barcinak esan zuen gorde beharreko zerbait azalduz gero gorde egingo zutela, baina ia dena bota zuten». Zenbait historialarik —Pello Iraizozek eta Tomas Urzainkik, besteak beste— aztarna horietako asko Beriaingo zabortegian aurkitu zituzten. «Dirudienez, kamioietan kargatzen zituzten, han botatzeko; presaka zebiltzan».

Itoizentzat ere «oso mingarria» izan zen gertatutakoa: «Gure hiriaren historia suntsitu zuten. Sentsibilitate gutxi izan dute beti ondarearekin». Aparkalekua eraikitzeko eragindako kalteak konponezinak dira, eta, haren irudiko, ematen duen zerbitzuak ez ditu orekatu. «Urteekin, baieztatu egin dira kontra egotera eraman gintuzten argudioak». Musikariak ziurtatu du Barcinari eskainitako La Bofetada kantu famatua idatzi zuela, batik bat, alkate ohiak Euskal Jai gaztetxearekin eta Gazteluko plazarekin egindakoarengatik. «Bihotzera iritsi zitzaidan».

Hala ere, borroka galdu zuten, baina auzo eta hiri kontzientzia, antolatzeko gaitasuna eta esperientzia irabazi zituzten, besteak beste. «Ahaztuko ez dugun borroka bat izan zen: eredugarria. Eta halako borroka ederrek, galtzen dituzunean ere, aztarna pozgarria uzten dizute: egin behar genuena egin genuen», laburbildu du Eginok.

Orain, jokaera bera

Bi hamarkada igaro diren arren, ondare historiko eta arkeologikoarekin jokatzeko modua ez da askorik aldatu Iruñean. Txantrea auzoko hegoaldeko parkeko lanetan, Erdi Aroko sistema hidrauliko baten aztarnak aurkitu zituzten iaz, Magdalena inguruan. Vianako Printzeak lanak gelditzeko eskatu zion udalari, ondasunaren kontserbazioa bermatuko zuen proiektu bat egon arte; ordea, aste honetako astelehenean —uda betean berriz ere— langileek noria desmuntatu zuten, «baimena jaso bitartean».

Asironen iritziz, UPNk 2001ean ezarritako «mekanismo bera» erabili du orain Navarra Sumak, eta «agerikoa» da bi kasuen arteko parekotasuna. «Ez diote inongo errespetu edo begirunerik ondareari. Funtsean, ez dute errespetatzen hiria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.