Iruñean arima belztea

Gaur hasiko da Iruñeko Beltza Weekend musika jaialdiaren bosgarren aldia. Eli 'Paperboy' Reed eta J. P. Bimeni artistak dira kartelburu aurtengo egitarauan, eta bi euskal talde ariko dira

The Ready-Mades taldea bihar ariko da jaialdian; 20:00etan, Zentral aretoan. BLACK WEEKEND.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun

Iruñeari amodio kantu bat eskaini beharko baliote, ez legoke dudarik: abestia soul doinuek harilkatua litzateke. Eta, akaso, hain justu horren seinale da Beltza Weekend musika beltzaren jaialdia bera ere. «Finean, soulari eta Iruñeari, aldi berean biei diegun maitasuna da festibal hau; horregatik sortua». Beltza Weekend jaialdiaren antolatzaile Xabier Sagardiarenak dira hitzak. Pozarren ahoskatu ditu, festibalaren aurtengo edizioa hasi bezperetan. Zehazki, 2017an antolatu zuten musika jaialdia estreinakoz —Josetxo Baldarekin batera dihardu—, eta gaur hasiko da bosgarren aldia: gaurtik larunbatera bitarte, sei kontzertu izanen dira, Iruñeko Zentralen eta Rockcollection aretoetan eta Zaldi Zurian.

 

Sagardiak azaldu duenez, aurreko edizioetan urratutako bide berean segituko du jaialdiak aurten ere: soula izanen da ardatza. «Soula, eta soularekin modu batera edo bestera lotuak dire beste genero batzuk: bluesa, punka, musika jamaikarra, doinu latinoak, reggaea, ska...», zehaztu du. Finean, iradoki duenez, musika beltzaren «gama» zabal bat kabitzen da festibalean.

Atzerrikoak eta bertakoak

Aurten, Eli Paperboy Reed estatubatuarra eta J. P. Bimeni dira jaialdiko kartelburuak. Bimeni Burundikoa da sortzez, baina Erresuma Batuan bizi da aspaldi, eta bertan garatu du musika ibilbidea batik bat. Sagardiaren esanetan, kartelburu biak ala biak dira soularen erreferente gaur egun, aski gazteak izanagatik ere.

Eli Paperboy Reed eta J. P. Bimeni artistez gainera —Bimeni The Black Belts talde madrildarrarekin batera ariko da—, artista hauek joko dute gaurtik larunbatera: Frantziako The Ready Mades soul beat boskoteak, Espainiako The Four Breakers taldeak, eta Euskal Herriko Akatz nahiz The Titanians. Akatz Bilbokoa da, eta 30 urtetik gora daramatza musika jamaikarra oholtzaratzen; ska eta reggae doinuek ardazten dute bere musika. Aldiz, The Titanians taldea Iruñeko roots-reggae taldea da. Sagardiak nabarmendu duenez, haiek ere nabarmen bultzatu dute musika jamaikarraren zabalkundea Euskal Herrian. Bi kontzertu horiek doakoak izanen dira Beltza Weekenden.

Hala eta guztiz ere, estiloei dagokienez, jaialdiaren asmoen gaineko ohartarazpena egin du Sagardiak. Begirada nora zuzendu denboran; hori da festibalaren gakoetako bat, dioenez. «Ez gara revival-ak egin nahian aritzen, baina egia da 1940ko, 1950eko eta 1960ko hamarkadetako musika beltzari begira aritzen garela. Ekartzen ditugun taldeak hamarkada horietako musikan oinarrituak izaten dira, gaur egungoak izan arren. Hau da gure ekarpena: lehen egiten zena orainera ekartzea». Sagardiak iritzi dio gaurko eszena eta musikagintza ulertzeko biziki premiazkoa dela «atzera egitea». Gainera, uste du ariketa hori ezin gozagarriagoa dela aztergaia soula delarik: «Musika genero batzuk denboraz kanpo gelditzen dira urteek aurrera egin ahala. Berriz, soul musika ez da iraungitzen. Ongi ontzen den ardoaren modukoa da».

Sagardiak aitortu duenez, jaialdiari bost edizioz eutsi izana ez da batere erraza izan. «Baten batek ez zuen inondik ere esperoko honaino iristea», onartu du. Haren arabera, Iruñean bada musika beltzaren maitalerik, baina «gutxiengoen generoa» da oraindik ere, eta, beraz, urtetik urtera aztertu behar izaten dute ea jaialdia egingarria den edo ez. «Zorionez, oraindik ere bada», erantsi du. «Instagram kultura batean murgilduta bizi garelarik, esperientziak saltzen dituzten jaialdien kulturan, guk zerbait diferentea eman nahi dugu. Guk musika eskaintzen dugu, eta arima, eta gogoeta, eta kritika. Eta, hori bai: gurea festatzar bat da».

Musika baino gehiago

Kontzertuez gain, bestelako jarduerak ere antolatu dituzte. Hilaren 1ean The Young Man with a Horn filma eman zuten Nafarroako Filmotekan, eta 2an Xabier Artieda aktoreak haurrentzako Flow tailerra gidatu zuen Kondestablearen jauregian. Halaber, gaurtik larunbatera, DJak izanen dira Keops eta Baccara klubetan, gauez.

Arte erakusketa bat zabaldu dute, Kondestablearen jauregian: I am (a) Soul. Bederatzi artista andre eta nafarrek bilduma kolektibo bat ondu dute. «Emakumeek beren eskubideen alde eta benetako berdintasuna lortzeko egiten duten borrokari buruzkoa da».

Erakusketaren izena azpimarratu du Sagardiak. «'I am a man' esaldi ospetsutik tiraka sortua da. Aise bilaka zitekeen 'Im a woman', baina artistek erabaki zuten Im (a) Soul behar zela izan». Ez omen da kasualitatea. «Soul hitzak ingelesez dituen bi esanahiak uztartzeko balio du: musika generoa eta arima; gu guztiok bi gauza horiek gara». Erakusketa irailaren 24a arte dago zabalik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.