Iruña-Veleian aurkitutako zirku erromatarra aurkikuntza «oso esanguratsua» dela nabarmendu dute ikertzaileek

Azpimarratu dutenez, aurrez ez da erromatar garaiko halako aurkikuntzarik izan Euskal Herrian. Argitu dute prozesu «zorrotz eta motela» izango dela hemendik aurrerakoa, eta zera ohartarazi: «Apaldu dezagun euforia». Ez dute osorik induskatuko, zuhurtziaz.

Javier Ordoño Iruña-Veleian aurkitutako zirku erromatarraren aztarnak erakusten, gaur goizean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Javier Ordoño Iruña-Veleian aurkitutako zirku erromatarraren aztarnak erakusten, gaur goizean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2024ko uztailaren 17a
14:25
Entzun

Atzo zabaldu zen Iruña-Veleian zirku erromatar bat aurkitu dutela, baina gaur goizean eman dituzte aurkikuntzaren gaineko xehetasunak Gasteizko Probintziako Jauregian. Arkikus enpresako Javier eta Iker Ordoñok aurkitu dituzte zirku erromatarraren aztarnak, eta haiek arduratu dira ikerketaren inguruko xehetasunak emateaz. Aurkikuntza «oso esanguratsua» dela azaldu dute, eta nabarmendu zirkua ez dela Iruña-Veleian topatu duten egitura bakarra: etxebizitzen, plazen eta kaleen aztarnak ere aurkitu dituzte LiDAR kartografiari lotutako teknologiari esker eta drone bidez hartutako irudi batzuetan. «Orain instituzioen laguntza eta kazetarien pazientzia behar ditu proiektuak, baina ausartuko naiz esatera oraingoz bide onean doala», adierazi du Javier Ordoñok.

Iruña-Veleiako aztarnategiaren 251 hektarearen eremua ikuskatu dute, eta, zehazki, LiDAR teknologia, drone bidezko irudiak eta aireko argazki historiko eta garaikideak baliatu dituzte azterlanean. Hala ere, Iker Ordoñok gogorarazi du zirku baten aztarnak antzeman dituztela, baina indusketak argitu beharko duela «ea benetan zirku batenak diren». Javier Fernandez Bordegarai Museo eta Arkeologia Zerbitzuko buruak ere lasaitasunerako deia egin du: «Apaldu dezagun euforia. Aurkikuntza eta albiste garrantzitsuak espero ditugu, baina gauzak ondo ikertu behar dira lehenengo. Batzuetan espero duguna eta aurkitzen duguna ez dira gauza bera».

«Apaldu dezagun euforia. Aurkikuntza eta albiste garrantzitsuak espero ditugu, baina gauzak ondo ikertu behar dira lehenengo. Batzuetan espero duguna eta aurkitzen duguna ez dira gauza bera»

JAVIER FERNANDEZ BORDEGARAIMuseo eta Arkeologia Zerbitzuko burua

Hala ere, Ordoño anaiek argi utzi dute «ebidentzia asko» daudela pentsatzeko Veleian aurkitu den egitura zirku erromatar bat dela. 280 metro luze eta 72 metro zabal litzatekeen egitura bat da, eta anaiek diotenez, zirku baten tamaina ez ezik, eraikuntza mota horren bestelako ezaugarriak ere baditu: kartzelak —zaldiak gordetzeko lekuak—, harmailak, ateak, zutabeak…Tamainari dagokionez, ondorioztatu dute 5.000 ikusle inguru hartu ahal izango zituela bere garaian. «Egungo hiru futbol zelai jarraian jartzearen parekoa da, tamainari dagokionez», azaldu du Iker Ordoñok.

Orain arte ez da erromatar garaiko halako beste aurkikuntzarik egin Euskal Herrian. Are, aldez aurretik, inoiz zirku erromatar izandako hemezortzi egitura aurkitu dituzte Iberiar penintsulan, baina horietako bat ere ez da osorik azaleratu. Hots: egin da aztarnak egiaztatzeko indusketarik, baina ez da zirku horien egitura osoa induskatu. Fernandez Bordegaraik azaldu du zergatik: «Indusketa arkeologikoak suntsitzaileak dira beti». Eta Javier Ordoñok argitu du Iruña-Veleiako zirkuarekin ere hala izango dela: «Ez du merezi. Diru inbertsio handiegia da, eta induskatu den hori mantentzea bideraezina da gero».

(ID_17212272602535) IRUÑA-VELEIAKO AZTARNATEGIA
Iruña-Veleiako zirku erromatarraren perimetroa. ARABAKO FORU ALDUNDIA

 

Gainera, hirigintza antolatu baten berezko elementuak identifikatu dira, bai barrualdean, bai, batez ere, Veleiako oppidum edo hiri harresitu berantiar gisa ezagutzen den esparruaren kanpoaldean. «Horrek guztiak erakusten du zer-nolako garrantzia izan zuen hiri honek iraganean, ez bakarrik Iter XXXIV errepidearen geraleku gisa —Astorgatik (Espainia) Bordelera (Frantzia) zihoan erromatar galtzada bat zen errepide hura—, baizik eta baita erromatarren garaian euskal lurraldea egituratzen zuen hirigune gisa ere», adierazi du Javier Ordoñok. 

 

Ikertzaileek adituekin kontrastatuko dute hemendik aurrera egin beharreko urratsek nolakoak izan behar duten. Fernandez Bordegaraik espero du proiektuak diziplina askotako adituak eta profesionalak erakartzea, eta sinistuta daude hala izango dela: «Oso aurkikuntza interesgarria eta garrantzitsua da».

IRUÑA-VELEIAKO AZTARNATEGIA
Iruña-Veleian aurkitutako egitura batzuk; zirku erromatarra, ezkerreko aldean. ARABAKO FORU ALDUNDIA

Su motelean

2020an hasi ziren Ordoño anaiak Iruña-Veleiako zona batzuk arakatzen. «Informazio kartografikoa gainbegiratu genuen, eta aurretik horrelako lanak egin izanak lagundu zigun egitura identifikatzen». Ikerrek, zirku bat izan zitekeelako zantzuak ikusi zituenean, anaiari deitu zion, baina Javierrek ez zion sinistu. «’Bai zera!’, erantzun zidan telefonoz deitu nionean. Hark uste zuen akueduktu batenak zirela», gogoratu du Iker Ordoñok.

Hurrengo lau urteetan «kontu handiz» heldu diote proiektuari, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik eman dituzte pausoak. Ana del Val Arabako Kultura diputatuak argitu du hemendik aurrera ere instituzioen «babes osoa» izango duela proiektuak: «Konpromiso bat dago, baina orain garrantzitsuena da adituek zer esango duten».

Nola edo hala, ikertzaileek argitu dute su motelean eramango dutela proiektua aurrera. Javier Ordoñok adierazi du Iruña-Veleia oraindik deskubritzeko dagoen «harribitxia» dela, eta gaur aurkeztutako azterlanak eta etorkizunekoek bultzatuta, espero du «merezi duen arreta» jasotzea, oraindik gauza asko argitzeko egon arren.

IRUÑA-VELEIAKO AZTARNATEGIA
Iruña-Veleian airetik detektatu dituzten eraikin eta azpiegituren markak, horiz. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.