IRUÑA-VELEIAKO PIEZA JURIDIKOA

Arabako Foru Aldundiak Eliseo Gilen, Oscar Escribanoren eta Ruben Cerdanen aurkako salaketa jarri eta 11 urteren ostean, bihar hasiko da Iruña-Veleiako aurkikuntzei buruzko epaiketa. Ikerketa eta lekukotza gehienak ezagutarazi direnez, ordea, badago epaiketaren nondik norakoa irudikatzerik.

Eliseo Gil Iruña-Veleiako aztarnategian azalpenak ematen. DAVID AGUILAR / EFE.
Inigo Astiz
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Euskararen historiari eta antzinateari buruzko ikuspegia eraldatzekoak ziren ezohiko aurkikuntzak ezagutarazi zituztenetik hamalau urtera, Arabako Foru Aldundiak epaitegian faltsutze salaketa formalizatu zuenetik 11 urtera, eta bederatzi urteko instrukzio fasearen ostean, azkenean, bihar hasiko da Gasteizko Lehen Zigor Aretoan Iruña-Veleiako aurkikuntzei buruzko epaiketa. Hamar saiotan antolatu dute egutegia, otsailaren 3an hasi eta 18ra arte, eta hamaika lekuko eta peritu pasatuko dira aretotik. Eliseo Gil Lurmen enpresako buru eta aztarnategiko arduradun izandakoa da akusatu nagusia, eta bost urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen ditu harentzat fiskaltzak, ondarea hondatu eta iruzurra egin zuelakoan. Oscar Escribano geologoak bi urte eta erdiko kartzela eskariari egin beharko dio aurre ondarea hondatzeagatik, eta ustez hondatutako 475 piezetako bakoitzeko 600 euroko ordaina kalkulatuta, 280.000 eurotik gorako ordaina ere galdegiten diete biei. Arabako Foru Aldundia da kausako akusazio partikularra, eta are zigor handiagoak eskatzen ditu Gilentzat eta Escribanorentzat: zazpi urte eta erdiko espetxealdia, zehazki, indusketen buru izandakoarentzat, eta hiru urte eta bederatzi hilabetekoa geologoarentzat. Ruben Cerdan da kasuko bete akusatua, hirugarrena: egin ez zituen proba zientifiko batzuen truke dirua jasotzea egozten diote hari.

Horiek dira datuak, hotzean. Baina auziak egindako ibilbide juridiko luzearen ondorioz, eta izan diren filtrazioen eta ikerketen ondoren, saioak hasterako ere, badago sumatzerik epaiketak izango dituen ezaugarri orokor batzuk aztertzerik eta auziak har dezakeen bidea.

Piezak benetakoak direla dio Gilek, eta hainbat sostengu talderen eta hogei ikertzaileren azterketen babesa du horretarako. Besteak beste, Edward Harris arkeologo entzutetsuak ere sostengu esplizitua azaldua dio haren lanari. Epaiketako akusazioa osatzen duten fiskalarentzat eta Arabako Foru Aldundiarentzat, ordea, piezen faltsutasuna ez da hipotesi bat, epaiketaren abiapuntua baizik. Hori baino zehatzagoa izango da, horregatik, euren helburua epaiketan: faltsutzeak Gilek eta Escribanok egin zituztela frogatu beharko dute. Hau da, zehazki haiek izan zirela, euren eskuz, aztarnategian topatutako III., IV. eta V. mendeko piezak ezkutuan hartu eta inskribatu zituztenak. Sorpresa handirik izan ezean, ordea, zail izango da azken ebazpenean epailea ondorio argi horretaraino eramatea, orain arte, inskripzioetan Gilen eskua egon daitekeela dioen ikerketa grafologikoa baita aurkeztu den egiletzaren aldeko frogarik sendoena, eta azterketa horren ondorioek ere ez baitute ziurtasunik eskaintzen, besteak beste, Polizia txosten batek ezinezkotzat duelako piezen azterketa grafologikoa egiteko aukera.

Absoluzio eskaria

Escribanok onartua du indusketan egindako «broma» bat. Alberto Barandiaran kazetariaren Veleia afera liburuan kontatzen denez, 2005ean Veleia idatzi zuen ostraka batean geologoak, eta beste arkeologoek topatzeko moduan utzi zuen pieza gero aztarnategian. Ilusioa piztu zuen aurkikuntzak, eta albiste hura nola jakinarazi eztabaidatzen hasi zirenean onartu zuen bere egiletza Escribanok. Indusketako buruek iritzia eskatu zieten beste arkeologoei, eta ez lukeela bere postuan jarraitu behar esan zieten. Bere postuan mantendu zuen Lurmen enpresak. Ikusi egin behar, ordea, epaitegian pasadizo hori 400 piezaren baino gehiagoren faltsutzearekin lotzerik izango duten.

Gilen eta Escribanoren defentsek absoluzioa eskatuko dute. Eta piezak benetakoak direla edo, behintzat, benetako izan daitezkeela erakustea izan daiteke hori lortzeko bideetako bat. Zeren eta piezak benetakoak baldin badira, ezin baita faltsutzailerik egon.

Malda- gora izango dute lan hori, ordea. Eremu horri izkin egin baitio epaitegiak auziaren nondik norakoak ezartzerakoan. Atzera bota dituzte, adibidez, defentsak proba zientifiko gehiago egiteko eskari guztiak. Baztertu egin dute auzitegira benetakotasunaren eta faltsutasunaren aldeko adituak deitzeko aukera. Eta, bestalde, Gilen aurkako lehen salaketa abiatu zuen Lorena Lopez de Lacalle Arabako Foru Aldundiko kultur diputatu ohia ere ez dute deklaratzera deitu, nahiz eta bi aldeek zuten eskatuta haren agerpena.

Faltsutzeak egon diren beste aztarnategi batzuekin alderatuta, bereziki handiak dira Iruña-Veleiako kasuko eskariak. Ignacio Rodriguez arkeologoak, esaterako, «neurriz kanpokoa» iritzi zion fiskaltzak eta aldundiak ustez hondatutako pieza bakoitzaren truke eskatzen duten 600 euroko konpentsazioari. Faltsutzeak izan dituzten arkeologia aztarnategiei buruzko hainbat artikulu baditu idatzita, eta bide penaletik jo beharrean, bide administratibotik jotzeko aukera hobesten zuen kasu honetan, El Salto aldizkariak gaiari buruz egindako monografikoan.

Gilek beti defendatu du Lurmen enpresak egindako lana eta aurkikuntzen benetakotasuna. Baina mahai gainean dauden zigor eskariak handiak direla kontuan harturik, eta epaileak errudun joko balitu akusatuek espetxera joan beharko dutela eta lan egiten jarraitzeko aukera etengo zaiela jakinik, ez da baztertzekoa epaiketa bi aldeen arteko akordio bidez ixtea ere. Hartara, Arabako Foru Aldundiak eta fiskaltzak errudunak seinalatu eta itxitzat eman ahalko lukete gaia, eta, trukean, espetxe arriskuaz libratuko lirateke akusatuak.

Juan Martin Elexpuru filologo eta Sos-Veleia elkarteko kideak urteak daramatza piezei proba gehiago egiteko eskatzen, Iruña-Veleia Argitu taldekoekin batera. Zehatz ezagutzen du kasuaren nondik norakoa, eta, aste honetan bertan berretsi duenez, piezak faltsuak zirela esateko 2015ean Ertzaintzak egindako ikerketan ere, Elexpuruk ez du topatu Gil eta Escribano errudun jotzeko zantzurik.

Txostenen zalantzak

Bana-banako errepasoa eskaini die filologoak orain arte ezagutarazi diren eta bidean geratu diren ikerketei, 2018an kaleratutako ¿Qué está pasando con Iruña-Veleia? liburuan. 2014. urtean ezagutu zen Espainiako Kultur Ondarearen Institutuak piezak faltsutzat jotzen zituen ikerketa, eta hura izan da zeresanik handiena eman duten azterketetako bat. Piezetako inskripzioen marketan metal modernoen arrastoak zeudela ondorioztatzen zuen txostenak, eta hori izan zen lerroburu nagusia hedabideetan ere. Baina Elexpuruk liburuan biltzen duenez, Lurmenen ustez, eta aurkikuntzen benetakotasunaren aldeko taldeen arabera, ikerketa egiteko erabilitako metodoak ez ziren egokiak izan, eta, ondorioz, datu horrek ere ez du ezer esan nahi. Diotenez, garbiketagunean erabilitako metalezko lanbasek utzitako arrastoak izan daitezkeelako metal horiek, edo piezekin kontaktuan izan diren ikerlarien tresnena, bestela. Liburuan zehazten denez, nahikoa baita aurkikuntzekin kontaktuan izan direnek soinean urrezko eraztun bat eramatea, ikerketak haren partikulak aurkitu ahal izateko.

Beste bi ikerketa ere baditu eskutan epaitegiak, Elexpuruk liburuan gogorarazten duenez. Erradiazio ultramoreak baliatuz egindako argazki digitalak ditu oinarri haietako batek, eta hizkera zientifiko nahasi xamarrean idatzita dagoen arren, filologoaren arabera, ez du ondorioztatzen piezak faltsuak direnik. Eta bada beste ikerketa bat ere: Madrilgo Kultur Ondareen Zaharberritze eta Kontserbaziorako Goi Mailako Eskolak egindakoa. Proba gehiago egiteko beharra azpimarratzen du txostenak, kasu horretan.

Epaiketaren azken egunetan azalduko dituzte perituek euren txostenak, ordea. Akusatuen hitzaldiekin hasiko da bihar auzia. Lekukoen txanda helduko da gero 4, 5, 6, 7, 10, 11 eta 12an, eta otsailaren 13 eta 17an izango dira perituak. Otsailaren 18an irakurriko dituzte euren ondorioak parte guztiek.

Pentsatzekoa denez, arkeologoen lekukotzak ere jasoko ditu auzitegiak, eta interesgarria izango da saio hori; hain zuzen ere, hortxe dago kasuko korapiloetako bat. Barandiaranen Veleia afera liburuak kontatzen du gertatutakoa. Jose Angel Apellaniz, Carlos Crespo eta Miguel Angel Berjon arkeologoen lekukotzaren arabera, ezohikoa izan baitzen ezohiko piezak aurkitzeko modua ere. Aztarnategian indusketak egiten aritu ziren hirurak sasoi hartan: aztertzen zuten lurra, topatzen zituzten piezak, begiratzen zituzten, baina ez zuten sekula ikusi inolako idatziren arrastorik. Garbiketagunera heldu, ordea, eta han azaltzen ziren esaldi, irudi eta hitzak. Errezeloak piztu zizkien horrek, ehunka zirelako inskribatutako piezak, eta utzi egin zuten enpresa. Eta arkeologoen lekukotza horiek dira akusazioaren puntu garrantzitsuetako bat.

Lurmeneko arduradunek beti argudiatu dute arkeologoek diotena ez dela egia, eta badirela piezak lurretik idazkiekin ateratzen ikusi zituzten langileak.

Cerdanen kasua

Aparte aztertzekoa da Ruben Cerdanen kasua. Iruña-Veleian aurkitutako 66 piezari buruzko ikerketa egiteko eman zizkion aldundiak 12.500 euro, eta, ustez, besteak beste, Frantziako Saclay herriko Centre National de la Recherche Scientifique laborategira eraman zituen probak egitera. Cerdanen arabera, inskripzioak benetakoak zirela frogatzen zuten egindako azterketek. Lurmen enpresak aurkikuntzen egiazkotasuna defendatzeko baliatu zituen ikerketa horiek hasieran, baina zalantzak piztu ziren berehala. Kontaktuan jarri ziren, bada, Cerdanen hitzetan piezak aztertu zituzten laborategiekin, eta han ez zuten haren inolako berririk. Cerdanek ere orain arte ezin izan du frogatu piezak benetan aztertzera bidali zituenik. Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du harentzat Arabako Foru Aldundiak, eta bi urte eta erdikoa, berriz, fiskaltzak. Iruzur egitea egozten diote. 12.490 euro ere eskatzen dizkiote, Gilekin batera ordaindu beharko lituzkeenak, akusazioaren arabera, hark ere bere partea jaso baitzuen.

Etsipena azaldu izan du Gilek Cerdanekin fidatzeagatik, baina, arkeologoak kontatua duenez, hasieran aldundiak proposatu zion Cerdanengana jotzeko. Zehaztu duenez, gainera, aldundiaren diru guztia Cerdanek jaso zuen.

Hiru akusatuak elkar harturik deskribatzen dituzte bi akusazioek, halere. Fiskaltza eta aldundia frogatzen saiatuko baitira Gilek eta Escribanok egin zituztela faltsutzeak, horregatik agertu zirela garbiketa prozesuan, eta «manipulatutako piezei ustezko fidagarritasun zientifiko bat emate aldera» jo zutela Cerdanengana. Ikusi egin behar, ordea, mahai gainean dauden piezekin, epaileak tesi hori edo haren parte bat frogatutzat eman ahal izango duen, edo ezinezkotzat joko duen faltsutzaileak haiek izan zirela ebaztea.

Bihar hasiko da Iruña-Veleiaren aurkako epaiketa, beraz; baina sorpresarik ezean, ez dirudi aferaren amaiera ekarriko duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.