Iruña-Veleiako indusketa gunean (Araba) topatutako aztarnak benetakoak direla defendatzen dute Euskararen Jatorria, SOS Iruña-Veleia eta Martin Ttipia elkarteek eta garai hartan aztarnategiaren arduradun zen Lurmen enpresak. Urte batzuk badira tesi hori indartzeko lehen Iruña-Veleia nazioarteko biltzarra antolatu zutenetik, eta bigarren aldia antolatuko dute aurten. Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat arkeologia, hizkuntzalaritza, epigrafia eta historia aditu gonbidatu dituzte hitzaldiak ematera, eta maiatzaren 2tik 12ra bitarte egingo dira jardunaldiak, baina Gasteizen maiatzaren 7an egingo duten egun beteko kongresua izango da ekitaldi nagusia. Aztarnek beren barruan duten «altxor arkeologikoa, historikoa eta linguistikoa aztertzea eta azaltzea» izango da helburua, antolatzaileek zehaztu dutenez.
Zortzi urte dira jada aztarnategiak sortutako polemikaren ondorioz Batzorde Zientifiko Laguntzaileak aztarnak faltsutzat jo eta Arabako Foru Aldundiak Lurmen arkeologia enpresako kideak auzibidean jarri zituenetik, baina aztarnen benetakotasunaren alde lerratu da balantza orain, antolatzaileen hitzetan. «Kontua da harrezkero gaira hurbildu eta grafitoak sakon aztertu dituzten ikerlari guztiak ondorio berera heldu direla: grafitoak ezin direla faltsuak izan. Egun, benetakotasunaren aldeko hogei txosten baino gehiago irakur daitezke, hainbat herrialdetako ikerlariek sinaturikoak». Eta, hain zuzen ere, ikertzaile horietariko batzuk dira biltzarrean parte hartuko dutenak.
Besteak beste, Juan Martin Elexpuru filologian doktorea, Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologoak, Koenraad Van den Driessche Geokimikan doktorea, Ulrike Fritz Alemaniako Tubingengo hizkuntzalari eta egiptologoa, eta Antonio Rodriguez Colmenero arkeologia eta epigrafia katedraduna arituko dira hizlari jardunaldietan.
Maiatzaren 2an eskainiko dute lehen hitzaldia Elexpuruk eta Van den Driesschek, Koldo Mitxelena Kulturgunean, eta Arabako Foru Aldundiak Lurmen enpresari aztarnategia ustiatzeko baimena kendu osteko garaia izango dute mintzagai. Maiatzaren 6tik 8rako asteburuan egingo dute ekitaldi nagusia, halere. Beste hitzaldi bat ere izango da 6ko iluntzean, Langraizen (Araba), baina larunbatean egingo dira hitzaldi eta mahai inguru nagusiak, Gasteizko Europa jauregian.
Alorrez alorreko azterketa
Lurmen enpresako arduradunek eskainiko dute eguneko lehen hitzaldia, eta alorka antolatu dituzte ondorengo solasaldiak. Alor linguistikoaz arituko dira, esaterako, Elexpuru, Alicia Saute filologoa, Mapi Alonso Fourcade Hezkuntza Zientzietan lizentziatua, Luis Silgo Gauche arkeologia doktore eta euskal-iberierazko epigrafian aditua eta Mikel Urkola Elizegi psikosoziologian doktore eta toponimia ikerlaria. Bazkalostean, arlo historikoa landuko dute Van den Driesschek, Miguel Thomson Okatsu biologo eta txosten zientifikoen aztertzaileak, Rodriguez Colmero arkeologoak eta Mikel Larrañaga Filosofian lizentziatu eta Historian doktoreak. Horrez gainera, komunikazioak eskainiko dituzte Fritzek, Jon Nikolas Lopez Ituño arkitekto tekniko eta historia ikerlariak, eta Antonio Arnaiz Villena mediku eta hizkuntzalari ikertzaileak.
Nola askatu Iruña-Veleiako korapiloa izeneko mahai inguruak itxiko du larunbateko egitaraua, eta Gil eta Filloy arituko dira bertan Lurmen enpresaren izenean, Maritxu Goikoetxea izango da Sos Iruña-Veleia taldearen izenean, eta Patxi Alaña Euskararen Jatorriarenenean. Haiekin batera, Patxi Zabaleta ere hizlari ariko da, bera baita SOS Iruña-Veleia elkartearen abokatua.
Euskararen Jatorria elkarteari idatzi beharko zaio larunbateko kongresuan izena emateko, [email protected] helbidera. 47 euro izango da izen ematea bazkariarekin, eta 37 euro, bestela, bazkaririk gabe.
Hitzaldiez gainera, Iruña-Veleia: historiak ezin du itxaron erakusketa ere jarriko dute ikusgai hitzaldi egunetan, Donostian, Gasteizen eta Langraizen (Araba). Grafitoen altxorra zabaltzea da erakusketaren asmoa, eta Iruña-Veleian topatutako grafitorik ezagunenen kopiak ikusi ahalko ditu bisitariak.
Iruña-Veleiako aztarnen benetakotasunaren aldeko kongresua antolatu dute
Piezen egiazkotasuna defendatzen duten bertako eta nazioarteko adituak elkartuko ditu Gasteizen maiatzaren 7an egingo den biltzarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu