Lau urte dira Gasteizko Zigor Arloko 1. Epaitegiak Iruña-Veleia auzian ebazpena eman zuenetik, eta agiriak faltsutzeagatik eta iruzurrarengatik indusketako arduradun Eliseo Gil eta haren laguntzaile Ruben Cerdan zigortu zituenetik, baina, han topatutako aztarnak benetakoak direla dioten elkarteen iritziz, oraindik ez dago argituta piezak faltsuak direnik. Adituak direnen laborategietan aztertu beharko lirateke, haien irudikoz. Tesi hori indartzeko hiru biltzar antolatu dituzte azken urteotan, eta beste bat ere egingo dute: hilaren 26an izango da, Durangoko (Bizkaia) Landakon. Argitu, ez suntsitu lelopean egingo dute kongresua.
Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat arkeologia, hizkuntzalaritza, epigrafia eta historia aditu gonbidatu dituzte hitzaldiak ematera. Besteak beste, Xabier Gorrotxategi arkeologoa, Luis Silgo eta Mikel Larrañaga Historiako doktoreak, Miguel Thomson Okatsu ikerlaria, Patxi Zabaleta abokatua eta Juan Mari Elexpuru idazle eta Euskal Filologiako doktorea arituko dira hizlari jardunaldietan.
Iruña-Veleia Martxan, Sos Iruña-Veleia eta Euskararen Jatorria elkarteek gaur goizean azaldu dituzte biltzarraren nondik norakoak, Gasteizen. Guztien izenean hitz egin dute Maritxu Goikoetxeak eta Josetxo Mendiak. «Lau urte igaro dira gaia argitu gabe epaiketa egin zenetik, eta berdintsu jarraitzen dugu: argitu nahi genuenok ikertzen jarraitzen dugu, eta datazioak ukatu zituztenek Iruña-Veleia hondeamakinekin suntsitzen jarraitzen dute, etengabe», adierazi dute.
Gogora ekarri dute orain arte egindako hiru kongresuetan —2012an, 2016an eta 2021ean— bistan geratu dela grafitoak «egiazkoak izateko gero eta arrazoi gehiago» daudela, eta faltsuak diren argudio guztiak «ezeztatuz» joan direla. Durangon egingo duten biltzarrean ere tesi horretan sakontzen jarraitu nahi dute, eta, hainbat hizlariren ponentziei esker, gaiari buruzko hainbat ikerketa ezagutaraziko dituzte.
«Lau urte igaro dira gaia argitu gabe epaiketa egin zenetik, eta berdintsu jarraitzen dugu: argitu nahi genuenok ikertzen jarraitzen dugu, eta datazioak ukatu zituztenek Iruña-Veleia hondeamakinekin suntsitzen jarraitzen dute, etengabe»
MARITXU GOIKOETXEASOS Iruña-Veleia
Biltzarra antolatu dutenek azpimarratu dute Iruña-Veleia euskal arkeologiaren eta hizkuntzalaritzaren «ardatzetako bat» bihurtu dela, eta, ondare arkeologiko aberatsaren gordailu izateaz gain, beste gauza asko ere agerian uzten dituela: «Ikusten ari gara nola politikariak ari diren ondare hori suntsitzen, eta nola kultura eta euskara babestu behar duten erakundeak beste aldera begiratzen ari diren».
Piezen egiazkotasunean jarri dute arreta beste behin biltzarraren antolatzaileek, eta haien datazioa egiteko eskatu dute atzera. Patxi Alaña Euskararen Jatorria elkarteko kideak azpimarratu du arkeologian ohikoak diren datazio teknika modernoak erabiliko balira argi geratuko litzatekeela piezak autentikoak direla. «Ez dute dataziorik egin nahi, badakitelako benetakoak direla», ondorioztatu du.
Eliseo Gilen hitzaldia
Gaurko agerraldian, komunikabideen aurrean agertu da Eliseo Gil, biltzarrean hizlari arituko baita, hilaren 26an. Aitortu du azken urteotan diskrezioz jokatu nahi izan duela, gertatutako guztiak «ezinegon handia» sorrarazten diolako, baina kongresuan parte hartuko duela, egiten ari diren lana «aitortu» nahi dielako antolatzaileei.
Jardunaldietako arratsaldeko saioan egingo du mintzaldia Gilek; Zigortutako arkeologo baten gogoetak izenburupean aurkeztuko du ponentzia: «Baina egin nezakeen Arkeologo madarikatu baten gogoetak izenburupean ere, tragikomedia honetan egokitu zaidan patua baita horixe», adierazi du. 1992tik 2008ra indusketen ardura izan zuen Gilek, eta azaldu du «gogoeta eta aholkuak» ematen saiatuko dela biltzarrean, garai hartan egindako «huts batzuk» berriro errepika ez daitezen.
Haren aurretik eta ondoren arituko dira beste hainbat aditu ere. Josetxo Mendia Iruña-Veleia Martxan elkarteko kideak, esaterako, indusketa gunean izan diren «suntsiketak» izango ditu hizpide; Juan Mari Elexpuruk, berriz, hurrengo izenburupean jardungo du: Euskalduntze berantiarra, euskarazko grafitoak izutzeko mamua; eta Xabier Gorrotxategik Irulegiko eta Iruña-Veleiako kasuak aztertuko ditu Antzinako testuak egiaztatzeko filologiaren porrota izenburua hartuta.