Iruña-Veleia kasua argitzeko eskatuz, protesta Gasteizen

Auto karabana bat eginez, Eusko Legebiltzarrari eskatu diote lagun dezala auzia zientziaren bidez argitzen

Hiru orduz ibili ziren Gasteizko kaleetan protesta egiten. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Autoen karabana bat egin zuten atzo arratsaldean Gasteizen, Iruña-Veleia auzia zientziaren bidez argitu dadila eskatzeko. Iruña-Veleia Gose Greba taldeak deituta, Floridako atetik abiatu ziren, eta hiru bat orduz aritu ziren hiriko errepideetan protesta egiten.

Modu horretan, mezu zuzena igorri nahi izan zioten Eusko Legebiltzarrari: gaiak zientziaren bidea har dezan laguntzeko, horretarako bitartekoak jarriz eta behar diren probak eginez. Izan ere, protestaren antolatzaileen arabera, hori da auzia argitzeko «modu bakarra»: hau da, «laborategi onenetan» datazioak egitea. «Baina hori ez dute 12 urte hauetan egin», salatu dute.

Lehendik ere eskari hori egina zuten, baina, protestaren antolatzaileen arabera, Eusko Legebiltzarrak «oraindik ez du ezer egin» hori ahalbidetzeko, eta ez du «aurrerapausorik eman». Hori dela eta, gose greba hasi zuten bost lagunek uztailaren 23an; bakarrak segitzen du orain: Jose Mari Lejardi Gabixola-k 94 egun bete zituen atzo, hain zuzen. BERRIAri esan zion «azkeneraino» segituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.