Epaitegietan da Iruña-Veleia auzia, eta beste urrats bat egin zuen aurrera iragan astean. BERRIAk aurreratu bezala, hiru auzipetuen aurkako akusazio idatziak aurkeztu zituzten Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Fiskaltzak. Diputazioak, esaterako,zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari izandakoarentzat; bost urte eta erdikoa fiskalak. Ia 300.000 euroko isuna ere galdegin dute harentzat. Bada, «harriduraz» hartu ditu eskakizun horiek auzipetuen aldeko Iruña-Veleia Argitu ekinbideak. Guztiz lekuz kanpo daudela iritzita, eskariak «bidegabeak» direla azpimarratu dute. Ez dute uste, halaber, piezetako idatzien faltsutzea frogatuta dagoenik. Hori argitu bitartean, auzibidea gelditzea galdegin dute. «Injustizia baten aurrean gaudela uste dugu, azkenaldian hizpide ditugun beste batzuen inbidiarik gabe», azpimarratu zuen Juan Marti Elexpuru bozeramaileak.
Aldundiaren eta fiskaltzaren akusazio idatzietan jasotako zigor eskaeren inguruko balorazioa egin zuten atzo, Gasteizen, Iruña-Veleia Argitu egitasmoko kideek. Kafka Iruña-Veleian izeneko dokumentua aurkeztu zuten prentsaren aurrean egindako agerraldian. Horrez gain, auzipetuei babesa adierazteko sortu duten ekinbidearen berri ere eman zuten. Orain arte lan horretan aritu diren SOS Iruña-Veleia, Euskararen Jatorria eta Martin Ttipia, eta Lurmen elkarteetako kideek osatu dute ekinbide berria. Babesa adierazi diete Eliseo Gil eta Oskar Escribanori, baina ez Manuel Cerdan hirugarren auzipetuari. Lurmen enpresari eta, batez ere, benetakotasunaren defentsari «kalte handia» egin diela uste dute ekinbideko kideek. Piezen egiazkotasuna berretsi zuten hiru txosten idatzi zituen Cerdanek ustezko analisi batzuetan oinarrituta, baina oraindik ez du frogatutzat eman analisi horiek egin zituenik. Horiek hala, indusketa lanak egin zituen Lurmen enpresari «iruzur» egin diola iritzi diote Iruña-Veleia Argitu taldeko eledunek. Hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du aldundiak Cerdanentzat, eta bi urte eta erdikoa, berriz, fiskaltzak.
Aldundiarekin haserre
Iruña-Veleia Argitu-ko kideen arabera, ez dago «inondik ere» frogatuta piezetan aurkitu ziren idatziak faltsuak direnik. «Areago, benetakoak izan daitezkeela dioten txostenak askoz gehiago dira faltsutasunaren aldekoak baino», Elexpuruk azpimarratu duenez. Diputazioak aurkeztutako akusazio idatzietan froga gisa aurkeztutakoak gezurtatu ditu: «Berriro aipatzen dute grafologia, nahiz eta Ertzaintzak bere txostenean garbi adierazi ez duela balio halako kasu baterako», erantsi du adibide gisara. Piezen lagin bat arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzeko eskatu dute beste behin, baita aurkikuntzak egin ziren lekuan indusketa kontrolatuak egiteko ere. Taldearen hitzetan, «ezinbestekoak» dira kasua argitzeko. Edonola ere, eskakizun horiek aurrez ere eginak dituzte, baina ez dituzte aintzat hartu ez epaitegiek ezta aldundiak ere.
«Haserre» azaldu dira Arabako Diputazioarekin bide judiziala hautatu izanagatik, «jakinik arazoa guztiz zientifikoa dela, eta, ondorioz, bide zientifikoak erabiliz soilik argitu daitekeena». Bereziki, Ramiro Gonzalez eta Javier Agirre egungo eta orduko Arabako ahaldun nagusien, eta Igone Martinez de Luna eta Lorena Lopez de Lacalle egungo eta orduko Euskara eta Kultura foru diputatuen jarrera gaitzetsi dute: auzia «irteerarik gabeko bide batera» eraman izana egotzi diete auzipetuen aldekoek. Gaitzespena azaldu diote, halaber, auzia daraman epaileari, instrukzioa «era tamalgarrian» eraman duela argudiatuta. Horiek horrela, «laborategi espezializatuek eta indusketa kontrolatuek auzia erabaki arte», auzibidearekin ez jarraitzeko eskatu dute. Elexpuru: «Berriro eskatzen dugu ez emateko beste pausorik epai bidean».Horrez gain, gogor kritikatu dute azken urteetan aldundiak Iruña-Veleiako aztarnategiaren inguruan izan duen jarrera: salatu dute ondare arkeologikoa suntsitu dutela hondeamakinak erabilita. Azken zortzi urteetan egindako indusketa lanetan aurkitutakoaren berri emateko ere eskatu diote.
Auzipetuek jasan duten «aulki zigorra» ere salatu dute ekinbideko kideek, auzibidea «inolako arrazoirik gabe» luzatu dela iritzita. Izan ere, ia hamar urte dira auzia azaleratu zela, baina epaiketa egunik ez du oraindik. 2006ko ekainean eman zuten argitara Iruña-Veleiako aztarnategian egindako aurkikuntza: Kristo ondorengo III. mende inguruko 400 piezatik gorako multzoa aurkeztu zuten Eliseo Gilek eta haren taldeak jendaurrean. Bi urte geroago, hala ere, piezetan atzemandako idatziak faltsuak zirela adierazi zuen ikerlari talde batek. 2008ko azaroan, auzitara jotzea erabaki zuen Arabako Foru Aldundiak, eta bide horretan da auzia orduz geroztik.
Hori bera gaitzesteko, kalera aterako dira Iruña-Veleia Argitu taldekoak. Elexpuru: «Jendea animatu nahi dugu gaian sakontzera eta bidegabekeria ikaragarri hau salatzeko antolatzen diren ekintzetan parte hartzera». Sinadura bilketa bat abiaraziko dutela ere jakinarazi dute.
Iruña-Veleia Argitu ekinbideak auzibidea gelditzeko eskatu du
Auzia «irteerarik gabeko bide batera» eraman izana egotzi diote Arabako Foru Aldundiari. Auzibidearen iraupena dela-eta auzipetuek jasan duten «aulki zigorra» gaitzetsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu