Irulegiko Eskuaren aurkikuntza iragarri eta ziztuan, Aranzadi zientzia elkarteak nabarmendu zuen horrek ez zuela inondik ere ekarriko zona horretako lanak bukatzea. Kontrara, lorpenaren bultzada nabarmen sumatu da ikerlarien jardunean, eta, aurrerantzean, inoiz baino denbora gehiago eskainiko diete Irulegiko(Nafarroa) aztarnategiko indusketa lanei. Oraindik ez baita jakiterik aurkikuntzek goia jo duten. Orain arteko kanpainarik luzeena izanen da aurtengoa: hiru hilabete iraunen du, eta sei txandatan banatuko dute. Joan den astean hasi ziren, eta irailaren 17ra arte ariko dira zeregin horretan.
Atzo aurkeztu zuten aurtengo kanpaina, eta Irulegiko aztarnategiko zuzendari Mattin Aiestaranek eman zituen haren gaineko xehetasunak. Besteak beste, nabarmendu du «potentzialtasun handiko» zona bat izanen dutela aztergai. Oraindik induskatu ez den ehun metro koadroko eremu bati erreparatuko diote.
Orain arte, bi etxebizitza eta karrika bat induskatu dituzte aztarnategian, eta, Aiestaranek zehaztu duenez, «bertzaldeko auzoa» ikertzen ahaleginduko dira aurten. Dioenez, emaitza onak espero dituzte, hala aurreikusi baitute lehenago eginiko miaketa geofisikoek. «Aztarnategia sekulakoa da, eta bertan egiten ditugun lanordu guztiek ematen dituzte emaitzak». Esplikatu duenez, egun dituzten «galdera arkeologikoei» erantzuten laguntzen duen zernahi aurkikuntza da «emaitza on bat».
Ohi denez, historiako eta arkeologiako ikasle mordoa ariko da indusketa lanetan, betiere Aranzadiko arkeologia teknikariek gidatuta. Hain zuzen ere, Aiestaranek jakinarazi du mikromezenasgo kanpaina bat abiatu dutela berriki, «ikerlari gazteak babesteko». «Laguntza hori saritzeko, bisita gidatuak eskainiko ditugu aztarnategiak ikusteko. Aranzadik Nafarroan eta hemendik kanpo dituen aztarnategi asko ikusteko; Irulegikoa barne, noski».
Irismena handitzea asmo
Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak piztutako ikusmina zenbatekoa den ongi daki Aranguren ibarreko alkate Manuel Romerok. Besteak beste, gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak kultur intereseko ondasun izendatu zuela Irulegiko zona arkeologikoa, apirilean. Zehazki, izendapenak Irulegiko gazteluari eta haren azpiko belaiaren inguruari eragiten dio; bai gazteluaren arrastoei, bai Burdin Aroko herrixkaren aztarnei.
Bestalde, Arangurengo alkateak hainbat asmo iragarri ditu datozen hilabeteetarako. Esate baterako, helburuetako bat da Irulegi mendiaren magalean parking bat egitea, aztarnategia bisitatu nahi duten herritarrek bertan utz ditzaten ibilgailuak, gero oinez igotzeko. Nafarroako Gobernuak utzitako zona bat baliatu dute horretarako, eta espero dute uztail erdialderako martxan izatea. Dena dela, Romerok argitu du neurriak hartuko dituztela turismoak ohiko giroa asaldatu ez dezan. «Neurrikoa» izatea nahi dute, eta «jasangarria». «Adibidez, lehenetsiko dugu parking berdea izatea eta bailaran inpaktu handirik ez eragitea». Erabilerari dagokionez, printzipioz, aurreikusi dute erreserbak egiteko aukera emanen zaiela herritarrei.
Parkinga ez ezik, bestelako neurri batzuk ere buruan dituzte Arangurengo Udalean. Besteak beste, Romerok azpimarratu du lan handia egin beharra dagoela seinaleetan. Izan ere, haren esanetan, bi motatako seinaleak behar dituzte aztarnategiaren inguruan: «Batetik, ezinbestekoa da seinale batzuk paratzea zonaren segurtasuna bermatzeko. Norbait zerbait txarra egiten ari bada, eta horri kontra egiteko zigorrak ezarri nahi badira, premiazkoa da bete beharreko arauak adierazten dituzten seinaleak izatea. Bestetik, bideak markatzeko ere behar ditugu seinaleak». Izan ere, hainbat bidetatik igo daiteke aztarnategira: Lakidain herritik abiatzen diren bi bide posible daude zabalik, eta Gongora jauregitik hasita ere igo daiteke oinez.
Ordea, alkateak adierazi duenez, gaur egun dituzten baliabide ekonomikoekin ez zaie aski aurreikusitakoak egiteko. Finantzatzeko bide berriak aztertzen ari dira; diru laguntzak, alegia.
Eskua, laster museoan
Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Arkeologia ataleko ordezkari Jesus Garcia Gazolazek jakinarazi du Irulegiko Eskua zaharberritzeko lanak bukatzear direla —Nafarroako arkeologia funtsetan gordea dago—, eta adierazi du pieza «laster» izanen dela Nafarroako Museoan ikusgai. «Nafarroako Museoan behar du, hori baita Nafarroako erreferentziazko museoa, eta horrek emango duelako modua aurkikuntza jende gehiagorengana iristeko. Izan ere, museo hori da, nafarrek ez ezik, kanpoko herritarrek ere gehien bisitatzen dutena».
Irulegin inoiz egin den indusketa kanpainarik luzeena abiatu dute
Orain arte aztertu gabea zen ehun metro karratuko zona bat induskatuko dute Aranzadi zientzia elkartekoek, «potentzialtasun handikoa». Irulegiko Eskua «laster» izanen da Nafarroako Museoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu