Ondarea

Irulegiko zona arkeologikoa kultur intereseko ondasun izendatu du Nafarroako Gobernuak

Zehazki, gazteluaren arrastoei eta aurrez inguru horretan egoniko herrixkaren eremuari eragiten dio aitortzak. Izendapenari esker, zona hori gehiago babesteko neurriak bermatuko dira.

Irulegiko gazteluaren arrastoetan ezarritako aztarnategia, 2012ko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko apirilaren 26a
13:35
Entzun

Arangurengo ibarrak (Nafarroa) joan den azaroan erdietsi zuen inoizko arretarik handiena. Bertan Irulegiko Eskua aurkitu zenez gero, interes handia piztu du aztarnategi horrek, eta, gaurtik aurrera, halaxe aitortzen du legeak ere: Nafarroako Gobernuak kultur intereseko ondasun izendatu du Irulegiko zona arkeologikoa.

Nafarroako Gobernuko Kultur eta Kirol Departamentuak nabarmendu duenez, izendapenak Irulegiko gazteluari eta haren azpiko belaiaren inguruari eragiten dio. Hau da, gazteluaren arrastoei eta Burdin Aroko herrixkaren aztarnei—bailarako biztanleak K.a. 1400. urtearen inguruan igo ziren lehen aldiz Irulegiko gailurrera bizitzera; herrixkak bilakaera bat izan zuen, eta handituz joan zen K.a. I. mendera arte—. Kastro bat, erromatarren garaiaren aurreko gotorleku bat eta aurrekastro bat topatu zituzten bertan.

Zona arkeologikoa kultur intereseko ondasun izendatu izanak ondorio nagusi bat dakar, gobernuak zehaztu duenez: zonaren jabe legalek —Arangurengo Ibarreko Udalak, batik bat— segurtasuna eta babesa bermatu beharko dute, eta hori hondatzea eragotzi. Esate baterako, neurri berriak zehaztu beharko dira eremu horretan egiten diren bestelako jarduerak erregulatzeko, hala nola landarediaren kontrola tentuz egin dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.