Arkeologia

Irulegiko aztarnategian inoiz egin den indusketa kanpainarik luzeena abiatu du Aranzadik

Orain arte aztertu gabea zen ehun metro karratuko zona bat induskatuko dute, «potentzialtasun handikoa». Irulegiko Eskua zaharberritzeko lanak bukatzear dira, eta pieza «laster» izanen da ikusgai Nafarroako Museoan.

Irulegiko aztarnategiko indusketa kanpaina berriaren aurkezpena, Irulegi mendiaren magalean. UXUE REY GORRAIZ
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko ekainaren 19a
13:19
Entzun

Irulegiko Eskuaren aurkikuntza iragarri eta ziztuan, Aranzadi zientzia elkarteak nabarmendu zuen horrek ez zuela inondik ere ekarriko zona horretako lanak bukatzea. Kontrara, lorpenaren bultzada nabarmen sumatu da ikerlarien jardunean, eta, aurrerantzean, inoiz baino denbora gehiago eskainiko diete Irulegiko aztarnategiko indusketa lanei. Oraindik ez baita jakiterik aurkikuntzek goia jo duten. Orain arteko kanpainarik luzeena izanen da aurtengoa: hiru hilabete inguru iraunen du, eta sei txandatan banatuko dute. Joan den astean hasi ziren, eta irailaren 17ra arte ariko dira zeregin horretan.

Gaur aurkeztu dute aurtengo kanpaina. Irulegiko aztarnategiko zuzendari Mattin Aiestaranek eman ditu haren gaineko xehetasunak, eta, besteak beste, nabarmendu du «potentzialtasun handiko» zona bat izanen dutela aztergai. Zehazki, oraindik induskatu ez den ehun metro karratuko eremu bati erreparatuko diote.

Orain arte, bi etxebizitza eta karrika bat induskatu dituzte aztarnategian, eta, Aiestaranek zehaztu duenez, «bertzaldeko auzoa» ikertzen ahaleginduko dira aurten. Dioenez, emaitza onak espero dituzte, hala aurreikusi baitute lehenago eginiko miaketa geofisikoek. «Aztarnategia sekulakoa da, eta bertan sartzen ditugun lanordu guztiek ematen dituzte emaitzak». Esplikatu duenez, dituzten «galdera arkeologikoei» erantzuten laguntzen duen zernahi aurkikuntza da emaitza on bat.

Ohi denez, historiako eta arkeologiako ikasle mordoa ariko da indusketa lanetan, betiere Aranzadiko arkeologia teknikariek gidatuta. Hain zuzen ere, Aiestaranek jakinarazi du mikromezenasgo kanpaina bat abiatu dutela berriki, «ikerlari gazteak babesteko». «Laguntza hori saritzeko, bisita gidatuak eskainiko ditugu aztarnategietara. Aranzadik Nafarroan eta hemendik kanpo dituen aztarnategi askotara; Irulegikoa barne, noski».

Irismena handitzea asmo

Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak piztutako ikusmira zer neurritakoa den ongi daki Aranguren ibarreko alkate Manuel Romerok. Berak ere parte hartu du gaurko aurkezpenean, eta hainbat asmo iragarri ditu datozen hilabeteetarako. Zehaztu duenez, Irulegi mendiaren magalean parking bat eraikitzea da helburuetako bat, aztarnategia bisitatu nahi duten herritarren bertan uzteko ibilgailuak. Nafarroako Gobernuak utzitako zona bat baliatu dute horretarako, eta espero dute uztail erdialderako martxan izatea. «Lehenetsiko dugu parking berdea izatea eta bailaran inpaktu handirik ez izatea». Printzipioz, asmoa da erreserbak egiteko aukera ematea herritarrei.

Parkinga ez ezik, bestelako neurriak ere buruan dituzte Arangurengo Udalean. Besteak beste, Romerok azpimarratu du lan handia egin beharra dagoela seinaleetan. Ordea, egun dituzten baliabide ekonomikoekin ez zaie aski oraingoz. Horregatik, finantzatzeko bide berriak aztertzen ari dira; diru laguntzak, alegia.

Bestalde, Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Arkeologia ataleko ordezkari Jesus Garcia Gazolazek jakinarazi du Irulegiko Eskua zaharberritzeko lanak bukatzear direla, eta, beraz, pieza «laster» izanen dela Nafarroako Museoan ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.