Dataz eta lekuz mudatuta dator bueltan Dock of The Bay Donostiako Musika Dokumentalen jaialdia. Udaberrira ekarri dute—maiatzaren 2tik 7ra—, eta Principe zinema aretoak eta Antzoki Zaharra izango ditu kokaleku nagusi —hiriko toki gehiagotara zabalduko den arren—. Hamabosgarren aldia dute aurtengoa, eta 23 dokumentalen proiekziok osatuko dute jaialdiaren bizkarrezurra: sail ofizialetan, zazpi film luze eta zortzi labur izango dira lehian, eta Perfect Day atalak nazioartean musika dokumentalen generoan nabarmendu diren azken lanen aukeraketa bat erakutsiko du.
Eva Rivera jaialdiko zuzendariak gogora ekarri du Make it Funky! izan zela 2007ko azaroan Dock of the Bay jaialdian proiektatu zuten lehenbiziko filma. Ordutik hamabost urte igarota, estreinako aldi haren emozioa «zirraraz» oroitzen duela aipatu du —«zerbait handiagoa izango zen enbrioia garatzen hastera zihoala ikusten baikenuen»—, eta nabarmendu ilusioari eusten diotela: «Ilusioak bere horretan jarraitu du aldiz aldi, eta orain ekingo diogun aldi honetan ere bete-betean sentitzen dugu».
Donostia Kulturako Zinema arduradun Josemi Beltran eta Koldo Mitxelena kulturuneko zuzendari Patxi Presa ere izan dira jaialdiaren aurkezpenean. Hura babesten dutenen artean daude, halaber, Kutxa Kultur, Dabadaba aretoa, Tobacco Days, Gehitu, Reggae Got to Soul kolektiboa eta Deustuko Unibertsitatea.
Jaialdiko sarrerak eskuragai daude jada, jaialdiaren webgunean.
SAIL OFIZIALA: FILM LUZEAK
Bi arlotan adarkatzen da jaialdiko Sail Ofiziala: lan luzeak hartzen ditu lehenak, eta laburrak bigarrenak. Luzeetan, zazpi dokumental izango dira lehian, eta, Riverak esan duenez, nazioartean generoa modu zabalean nondik lantzen ari den erakustea bilatu dute. Azpimarratu du, halaber, emakumezkoen istorioen eta emakume zuzendarien lanen aldeko apustu berezia egin dutela.
Hala, Irlandako pop abeslari Sinead O'Connor protagonista duen Nothing Compares. Sinéad O'Connor (Kathryn Ferguson) filmarekin abiatuko da saila, maiatzaren 2an; Lydia Lunch estatubatuarraren inguruko My Lover the Killer. Lydia Lunch (March Hurtado) erakutsiko dute maiatzaren 3an; Doris Muñoz musika managerrari buruzko Mija (Isabel Castro), maiatzaren 4an; 1950eko hamarkadako aitzindari Connie Connieren inguruko Talking Like Her (Natacha Giler, Adam Briscoe), maiatzaren 5ean; eta 6an, ostiralez, Courtney Barnett rock musikari aupatuan ardaztutako Anonymous Club. Courtney Barnett (Danny Cohen).
Horiez gain, lehian izango dira Alessandro Melanizzik zuzendutako Italo Disco. The Sparkling Sound of the 80s, hamarraldi hartan loratu zen disco musikaren historia kontatzen duena, eta baita New Yorkeko punk rockaren hasiera aztertzen duen Nightclubbing. The Birth of Punk Rock in NYC ere. Danny Garciak zuzendu du hori —aurrez ere jaialdian egon izan da—, eta dokumentalaren nazioarteko estreinaldia izango da Donostiakoa.
Film luzerik onenaren saria hautatzeko epaimahaia kide hauek osatuko dute: Amanda Villavieja, Joan Porcel eta Jorge Tur.
SAIL OFIZIALA: LABURRAK
Saio bateratu batean erakutsiko dituzte Sail Ofizialaren barruko film labur guztiak, maiatzaren 6an, Principe zinemetan. Bertan izango da jaialdiko euskarazko lan bakarra: Hannot Mintegiaren Ignora, zeina Irunen (Gipuzkoa), Kopenhagen eta Donostian filmatu duten eta bi soinu artista erretratatzen dituen: Ainara LeGardon eta Ignacio Cordoba.
Riverak adierazi du adar horretan ere musika dokumentalei begiratzeko nazioarteko modu askotarikoak biltzen eta emakumezkoen lana sustatzen ahalegindu direla, eta, Ignora-rekin batera, ondokoek osatuko dute zerrenda: Dopo Yumemories (Jordan Galland), Dreams (Miguel Ariza), He aquí un cuerpoque cae (Samuel Fuentes, Richard Mascherin), Hit Like a Woman (Tamarzee Nooze), Son Chant (Vivian Ostrovsky), Stormskater (Guen Murroni) eta Turning Man - 81RPM (Robin Trouillet).
Film labur onenaren saria Maider Oleagak, Miren Izak (Tulsa) eta Pela del Alamok erabakiko dute.
PERFECT DAY ETA BESTE
Lehiaz kanpo, nazioartean nabarmendutako beste zortzi musika dokumental hartuko ditu Perfect Day atalak. Jaialdiko zuzendariak aurreratu du askotarikoak direla, eta generoaren mugak auzitan jar ditzaketenak. Honako hau da aukeraketa: Atlantide (Yuri Ancarani), Freakscene. The Story of Dinosaur JR (Philipp Virus), All the Streets are Silent: The Convengece of Hip Hop and Skateboarding (1987-1997) (Jeremy Elkin), Magaluf Ghost Town (Miguel Angel Blanca), Nueve Sevillas (Gonzalo Garcia Pelayo, Pedro G. Romero), The Spark Brothers (Edgar Wright), Bixa Travesti (Claudia Priscilla, Kiko Goifman) eta The Ballad of Genesis and Lady Jane (Marie Losier).
Urterik urtera, ugarituz doa jaialdiaren datetan lotu ohi dituzten jarduera paraleloen multzoa. Hainbat eragilerekin elkarlanean prestatzen dituzte, eta, berrikuntza modura, Tabakalerako Kutxa Kultur plazan, hiru musika libururen aurkezpenak egingo dituzte aurten, Eduardo Guillotek gidatuta: En presencia de Battiato, Doña Concha: La rosa y la espina eta Canción de Amor definitiva.
Proiekzio bereziak —Ivan Castellen The Rise of The Synths erakutsiko dute Trueban, maiatzaren 5ean eta 6an—, kontzertuak —Verde Prato izango da hilaren 4an, Kutxa Kultur Klubean; eta Ainara LeGardon 7an—, irratsaio bereziak eta solasaldiak ere izango dira, besteak beste. Horri lotuta, Elkarrizketak izeneko atalean, bi mahai inguru izango dira Koldo Mitxelena kulturunean: maiatzaren 4an, Jara Yanez, Joan Porcel, Jorge Tur eta Mariona Borrull ariko dira hizketan, eta hurrengo egunean, berriz, Miquel Marti Freixaz, Miren Iza eta Pela del Alamo.
Irudiz jotzen denean musika
Donostiako Dock of The Bay jaialdiak 23 musika dokumental erakutsiko ditu, maiatzaren 2tik 7ra. Courtney Barnett, Lydia Lunch eta Ainara LeGardon izango dira aurtengo protagonistetako batzuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu