Kerobia taldeko kidea

Xabi Bandini: «Iruditzen zait Kerobiaren ekarpena ez dagoela neurosian, baizik eta gauza txiki politetan»

Hiru urteren ondotik, beste lan batekin bueltatu da Kerobia: 'Poliorkêtês'. Abestietan sotiltasuna gailentzea izan du tema Xabi Bandini kantariak, eta, orobat, taldea «musikaren negoziotik kanpo» kokatzea. Kontzertu bat iragarri dute maiatzerako.

Kerobiako abeslari Xabi Bandini, iragan astean, Iruñeko Arrosadia auzoan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Kerobiako abeslari Xabi Bandini, iragan astean, Iruñeko Arrosadia auzoan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko martxoaren 20a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizitokia Madrilen izanagatik, sorterrirako bidea sarri egin ohi du Xabi Bandini musikariak (Iruñea, 1983). Maite du urtean zenbait aste Iruñean ematea, eta, gainera, horretarako beste motibo bat ere badu aurten: Geografiari buruzko Informazio Sistemak eta Teledetekzioa izeneko masterra ikasten ari da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. «Zirraragarria da», aitortu du begiak grinez beteak dituelarik. Dioenez, ikasten ari den horrek geolokalizazioarekin du ikustekoa. «Halakoekin, jendearen joan-etorriak azter daitezke, edo kasik edozer: zehazki non hiltzen den jende gehiago, edo non kutsatzen dizkiogun birusak elkarri...», eman du azalpena. Baina, bere buruari eten puntuak ahoskarazi balizkio bezala, emeki, esplikazioa eten du. Hau esan nahi balu bezala: «Pentsatzen dut elkarrizketan musikaz hitz egitea nahiko duzula».

Kerobiak disko berria kaleratu berri du: Poliorkêtês. 11 kantuko sorta bat da, aparteko testu batek eta Maite Gurrutxaga ilustratzailearen irudiek lagundua. «Helburua ez da poz erdiragarri bat transmititzea, baina bai poz txiki bat, esperantza puntu hori», laburtu du kantariak diskoaren muina. Aurreratu duenez, maiatzaren 17an taularatuko dute lana estreinakoz, Donostiako Antzoki Zaharrean. «Eta gero gerokoak», erantsi du. Hain zuzen, ziurgabetasun airea transmititu du Bandinik zenbait esplikaziotan, lan honen ondotik zer etorriko den seguru ez baleki bezala. Hain zuzen, lan berria zen elkarrizketaren aitzakia, baina, azkenerako, pisua hartu dute «negozioei» buruzko hitzek ere, aurrera begirako dudek.

Ohiko bihurtu zaizue disko bakoitzaren kontzeptua sakon lantzea; are, xeheki eraiki ohi duzue istorio bat, eta kantu sorta haren barrenean sartu. Helduleku hori izateak erosoago sentiarazten zaitu konposizioan?

Hori dut lanerako sistema. Lehenbiziko urratsa istorio bat idaztea da, eta hortik hasten dira gauzak ateratzen. Hain da horrela, ezen, askotan, bizpahiru kantaren zirriborroak izatean hasten naizen Maite Gurrutxagarekin lanean, iruditeria zabaltzeko. Disko honi dagokionez, hasieran Poliorkêtês ideia ez genuen atera etxe baten inguruko setioari buruz hitz egiteko, baizik eta Sirakusa aipatzeko, eta Arkimedes. Baina, gero, justu Maiterekin hitz egin ondoren, ohartu nintzen benetan etxe bateko gauzei buruz hitz egin nahi nuela.

Kerobiako kideek esan izan duzue musika ez zaizuela «aski» bere hartan, soilik musikarekin ezin duzuela «mundua kontatu». Bistan da eusten diozuela horri.

Bai, bai. Izatez, ez dakit zergatik ez ditugun bide horiek guztiak aprobetxatzen. Istorio batek hainbeste bide izan ditzake. Noski, gure ekarpen nagusia musika da, baina, niretzat, gainerako elementu guztiekin dauka zentzua. Halere, buelta asko eman dizkiot horri, e?

Zeri bueltaka aritu zara, zehazki?

Bueltaka aritu gara ea hala behar duen edo ez. Baina zalantzak izan ditugunean, beti itzuli gara leku berera. Gure proposamena hau da, osorik. Eta beste apunte bat ere erantsiko nioke: uste dut antzerki obra baten gisako zerbait ere eskaintzen dugula. Istorio bat kontatzen da, eta, horri lotuta, nik beti esaten diet kideei: «Kontzertu batean inportanteena da nola hasi eta nola bukatzen den. Erdian gertatzen den horrek gauzak kontatzen segitu behar du, baina istorioak ongi planteatua egon behar du hasiera-hasieratik, eta ongi bukatu». Eta hori esaten diet izugarri harritzen nauelako ikusteak nola musika munduan, kontzertuetan-eta, gauza horiek ez diren zaintzen. Nola da posible hain kontuan ez hartzea nola hasi eta nola bukatzen duzun? Berdin zait kontzertu bat izan edo kantu bat izan. Harritzen nau ikusteak denak ez duela ildo bat.

«Egia da asko harritzen nauela ikusteak, oro har, musika proposamenetan ez zaiola batere inportantziarik ematen hitzei»

Lanaren idazketa, berdin kantuena edo istorioarena, literatur pilulak sortzearekin konparatuko zenuke?

Ni ez naiz idazlea, baina keinuak dira. Gu oso txikiak gara, oso mugatuta gaude gauza askotarako, eman diezaiokegu distira honi edo hari, baina listo; besterik ez da. Baina egia da asko harritzen nauela ikusteak, oro har, musika proposamenetan ez zaiola batere inportantziarik ematen hitzei. Oso arraro bihurtu da hitzak entzun eta poesia ikustea. Badaude adibideak, e? Baina...

Noiztik duzu sentipen hori?

Aspaldi. Eta harritzen nau. Ez da kritika bat ere, baina hain da erraza idaztea...

Erraza da?

Ondo idaztea ez, poesia egitea ere ez, baina idaztea, keinu hori egitea, bai.

Eta zuk nola idazten dituzu kantuak?

Idazten dudan istoriotik hartzen ditut esaldiak, eta zerbait hazten hasten da hortik. Normalean, bukaera-bukaeran aurkitzen diet zentzua hitzei, gorpuztuak daudenean. Dena dela, hau ez da magikoa.

Xabi Bandini Maite Gurrutxaga artistaren obra seinalatzen, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Bandini Maite Gurrutxaga artistaren obra seinalatzen, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Propio albumerako idatzitako istorio batean oinarritutako kantuak izateak, akaso, eska diezaioke ahalegin gehigarri bat entzuleari. Lana erneago entzunaraztea duzue helburu? 


Hala izan daiteke, bai. Hain justu horregatik, guk maiatzean aurkeztuko dugu lana, eta, hala, jendeari denbora eman nahi diogu diskoa lasai entzun dezan. Denbora ematea inportantea da. Hau ez da Netflixen telesail bat kolpez ikustea bezala. Nik ez nioke zentzurik ikusiko diskoa kaleratu eta astebetera kontzertu bat egiteari: zertarako?

Gero, egia da askotan pentsatu dugula oso txarrak garela negozioak egiten. Beti ari gara gauza garestiak egin nahian, denbora asko ere eskatzen digutenak, eta ez gara gai izaten dirua bueltan ekartzeko; kontratazioak oso gutxi dira, ez dugu saltzen. Kontua da ohartu garela agian eremu okerrean geundela. Eta, orain, Kerobiak ez du saldu nahi; onerako eta txarrerako, kulturari ekarpena egiteko ari gara lanean.

2012an, finantzaketa kolektiboko kanpaina baten bidez bildu zenuten Supernova proiektua aurrera ateratzeko beharrezko dirua.

Baina zentzua zuen mila pertsonak ulertu zutelako kulturan parte hartzeko modu bat zela. Dena dela, ez Supernova-rekin eta ez beste edozein diskorekin ez dugu irabazten dirurik: deus ez. Klixe bat dirudi, baina horrela da.

Disko berria adituta, suma daiteke Kerobiaren esentziarengandik askorik urrundu gabe eginikoa dela musikalki.


Hala da, baina hori gehiago da ezgaitasunagatik. Gai izango banintz gauza oso diferenteak egiteko, agian probatuko nuke.

Nola deskribatuko zenituzke kantu berriak?

Musikalki, oso zainduak daude, eta zentzua daukate. Ziurrenik, badaukate sotiltasun bat Kerobiaren aurreko disko batzuetan aurkitu ezin dena. Askoz sotilagoa da dena, orekatuagoa. Hain da horrela, ezen nire helburua izan baita kantuetan eta oro har disko honetan inor ez aztoratzea. Kontrara, nahi nuke diskoa entzuten duenak «zer polita» esatea, eta listo. Horrekin aski dut. Ez nuen nahi deusek atentzioa ematea.

«Abesti berriek badaukate sotiltasun bat Kerobiaren aurreko disko batzuetan aurkitu ezin dena. Askoz sotilagoa da dena, orekatuagoa. Hain da horrela, ezen nire helburua izan baita kantuetan eta oro har disko honetan inor ez aztoratzea»

Bakea transmititu nahia da, agian? Eta bakea aurkitu nahian zabiltza zu ere?

Iruditzen zait gure ekarpena ez dagoela neurosian, baizik eta gauza txiki politetan. Ni, berez, zarata atera zalea naiz, protestatu behar denean adibidez. Baina, egiten ari garen honetan, zertarako eraman jendea aztoramendura? Bakea nahi dugu.

Hala eta guztiz, zuen berezko ezaugarrietako bat efektuak eta geruzak eranstea da. Haiekin guztiekin atmosferak sortu zaleak zarete, funtsean. Baretasuna gailentzen den arren, lan honetan ere sumatzen da hori, progresioetan batez ere.

Nire nahia zen musikalki egia esatea. Horrek zer esan nahi du? Kantuak ez zirela efektuz josi nahi. Instrumentu sorta handi bat erabili nahi genuen; haiek jo eta grabatu. Horren guztiaren audioa daukazunean, halabeharrez produzitu behar da; erabaki non kokatu gauza bakoitza espazioan, zer bolumen eman, zer erantsi eta zer kendu. Baina, disko honetan, adibidez, ez dago plugin efektu handirik. Eta, gainera, ahotsak ez dauka inolako tratamendurik. Mikrofono onekin grabatu, reverbtxoa jarri, eta hori da.

Bateria, baxua, kontrabaxua, mandolina, gitarrak, sintetizadorea, pianoa, akordeoia, txindatak, triangeluak, marakak, kriskitinak, karraka, tronpeta… hogeitik gora instrumenturen hotsak daude diskoan. Kredituetan, zerrendak atentzioa ematen du.

Horretarako idatzi genuen, argi ikus zedin. Txindatak Tibetekoak dira, Enekoren [Requetibate] osaba batek ekarri zituen handik, eta oso ongi gelditu dira. Eta ping-pong pilota batzuk ere erabili ditugu: norbaiti kopiatu genion ideia, ez dut gogoan nori.

Probatu ahala erabaki duzue musika tresna bat edo beste baliatzea? 

Orokorrean, badakizu instrumentu batek edo beste batek zer eman dezakeen kantu bakoitzerako. Dena dela, egia da askotan instrumentuak ez ditugula erabiltzen normalean erabiltzen diren bezala. Ping-pong pilotenak broma ematen du kasik, baina, bestela ere, niri gustatzen zait tresnak era tangentzialean erabiltzea. Adibidez, gitarraren sokekin perkusio moduko bat lortu nahi izaten dut, eta ez nota: tap-tap-tap-tap hori. Kontrabaxuarekin, helburua gehiago izaten da haizea grabatzea.

Eta nola taularatu liteke halako instrumentu eskerga kontzertu batean?

Joko dira. Proposamen oso berezia egingo dugu.

Inoiz onartu duzu jendearen espektatibak bete nahia zama izan zaizula zenbaitetan. Nola bizi duzu orain?

Tira, Kerobiakoek musikarekin daukagun harremana aldatu egin da.

Zertan aldatu da, zehazki?

Lan honekin, Kerobiak erabaki du musikaren negoziotik ateratzea. Besterik gabe, kulturaren alorrean lanak plazaratu nahi ditugu, eta euskal kulturaren emarian ekarpen bat egin. Hori du motiboa. Eta, musikaren negoziotik kanpo egotea aipatzen dugunean, esan nahi dugu urte hauetan guztietan ohartu garela beti besteen espektatibak bete beharraren mekanismo hori dagoela indarrean. Beti burua batean eta bestean ateratzen egon beharra, eta beti zaleari zerbait saldu nahian egon beharra: esanez hau aterako dugula hemendik astebetera, gero hau, hemendik bi ordura bestea... eta sorpresak, eta kolaborazioak han eta hemen. Hau da, iruditzen zait entzulea erabili egiten dugula, berez gure laguna den hori biktima bihurtzeraino. Beti gabiltza hari tentsioa sortu nahian. Hori baita helburua: zure zale eta follower-ei tentsioa sortzea.

Zuek ere erori zarete horretara inoiz?

Noski. Gu ere aritu gara horretan jolasean, oharkabean, sare sozialetan eta. Gero, ohartzen hasi ginen,  eta adibide jakinetan ere halakoak identifikatzen. Adibidez, sold out-aren zera horretan. Inor ohartu al da sold out bat berri txar bat dela?

«Iruditzen zait [musikaren negozioan] entzulea erabili egiten dugula, berez gure laguna den hori biktima bihurtzeraino. Beti gabiltza hari tentsioa sortu nahian»

Zer hausnarketa egin duzu sold out-aren gainean? 

Adibidez, lagunarekin joan nahi badut eta sarrerarik ez badago, ezin. Eta horrek eragiten du ahalik eta lasterren erosi beharra. Erosi-erosi-erosi, laster batean, esteka atera bezain pronto. Zuk uste duzu hori dela zeure jarraitzaile bat tratatzeko modua? Eta hori detaile bat baizik ez da.

Ni oraindik neure buruan kokatu nahian nabil, baina badakit musikaren negoziotik kanpo egon nahi dudala, eta hala egongo garela. Kulturan ekarpena egin nahi dugu; beste kontu bat da ea nik aurrerantzean ere egon nahiko dudan. 

Galdera hori duzu buruan zirika? Eta? 

Bai, bai. Musikaren eta bien arteko harremana ez da bukatu, baina galdera hor dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.