Irudikatzerakoan, mugarik ez

Luis Gordilloren azken urteetako artelan nagusiak eta lehenagoko serie eta pieza esanguratsu batzuk bildu dituzte 'Memorandum' erakusketan, Nafarroako Unibertsitateko Museoan

Luis Gordilloren Memorandum erakusketan ikus daitezkeen obretako batzuk, 0. solairuko areto nagusian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
«Berritzailea, bizizalea, nekaezina, emankorra eta sailkaezina». Horrela definitu dute Nafarroako Unibertsitateko Museoko arduradunek Luis Gordillo artista espainiarra (Sevilla, 1934): «Azken mende erdiko arte garaikidearen totem kultural eta erreferente bat». Museoak erakusketa bat ireki du haren lanen bilduma batekin, eta ikuslea bultzatu nahi du «begiratzeko ariketa soiletik harago joan, eta artistaren sormen prozesuaz hausnartzera». Memorandum izena du, eta irailaren 12ra arte egongo da zabalik. Gordillok azken urteetan sortutako obrak dira nagusiki ikusgai daudenak: irudikapenaren formatuen inguruko ikerketa etengabeen emaitzak.

Zentroak ekoitzi du erakusketa eta Sema d'Acosta sevillarra da komisarioa. Gordilloren azken urteetako lan nagusiekin batera, lehenagoko beste pieza eta serie entzutetsu batzuk ere jarri dituzte. Hala, esaterako, 1959ko lan bat ikus daiteke, aurten egindako baten ondoan. Nafarroako Unibertsitateko Museoak azaldu duenez, ikusgai dauden lanen «%70 baino gehiago» erakutsi gabeak dira. Museoaren 0. solairua pinturari eskainita dago, eta Dorrea aretoa, berriz, argazkiari eta collageari. Nolanahi ere, erakusketaren planteamendua ez da kronologikoa, «dialektikoa» baizik, eta artistaren lan egiteko modua ulertzeko balio dezaketen hainbat alderdi erakusten ditu.

Gordilloren ibilbide luzean, bi norabidetan banatu da haren lan egiteko era: obra batzuk «bizitasun handiarekin eta sufrimenduarekin» sortzen ditu, eta, beste batzuk, modu «arinean». Artistak Pintura bertikala/pintura horizontala izena jarri dio dualtasun horri. Pintura bertikala jorratzen duenean, koadro bakoitza xehetasun handiz lantzen du, «asko pentsatuz, detaile bakoitza aztertuz»; horizontalaren kasuan, ordea, prozesua «naturaltasun eta lasaitasun handiagoz» doa aurrera. Aretorik handienean, 0. gelan, bi eredu horietako koadroak ikus daitezke, tamaina handikoak guztiak, forma eta kolorez beteak, ikuslea harrapatzen dutenak. Bereziki deigarria da Limo (1990) seriea, berdea nagusi den 63 piezaz osatua eta horma oso bat hartzen duena, alderdik alde.

Aurpegiek pisu nabarmena dute Gordilloren lanean. Haren ibilbidearen hasieran, aurpegien irudiak zituzten egunkari eta aldizkari zatiak erabiltzen zituen koadroak sortzeko, eta bere lehen margolan serie handia, 1963tik 1965era sortua, teknika horretan oinarritu zuen. Erakusketan ikus daitekeen moduan, gerora, sarritan itzuli da baliabide horretara, aurpegiak bere obraren leitmotiv gisa erabiliz. Caras, carotas izenburuarekin, areto batean bildu dituzte lan horietako ugari; besteak beste, Luna (1977), 1970eko hamarkadako haren serie nabarmenetako bat.

Bestalde, deigarria da margolan batzuei olanak jartzen dizkiela atzetik, hondo gisa. Enkargu baterako probatu zuen formatu hori, eta bi irudiak elkartzen diren tokian «energia sortzen duen tentsio erabilgarri bat» sortzen zela sentitu zuenez, erabiltzen jarraitu du.

Fotografiari dagokionez, 1970eko hamarkadan hasi zen sorkuntzarako formatu gisa erabiltzen, hasieran pinturaren arazo jakin batzuentzako irtenbideen bila. Baina pisu handiagoa hartuz joan da, artistaren esperimentazio eremu nagusietako bat bilakatzeraino, bereziki XXI. mendearen hasieratik aurrera, Dorrea aretoko lanek erakusten duten moduan. Bidean, irudikapen formatuak eta haien konbinazio aukera amaigabeak ikertu ditu, collagera eta zatikatzera joz. Horretarako, harentzat garrantzitsua izan da ordenagailuarekin lan egiten hastea, geruzak konbinatzeko aukerak biderkatu dizkiolako. Zenbaitetan, irudikapenarekin hainbeste esperimentatzen duenez, zaila da obra batzuen teknika zein den definitzea: nahasten dira argazkia, collagea, marrazkia...

Erakusketa «askea»

Aurkezpenean, Gordillok esan zuen «askatasun handiz» osatu duela erakusketa hau, «kapritxo» gisa. Azaldu zuenez, bere lanaren garapena xehetasunez ikusteko aukera ematen du, «mikroskopio batekin» bezala. «Pinturaren molekulak ikus daitezke; nola egiten diren konplexuagoak, nola elkartzen diren, gorputzak fabrikatuz». Izenburuari dagokionez, artistak adierazi zuen, beste gauza batzuen artean, bere adinarekin duela zerikusia. «Ez uste dudalako hilko naizela, baina bai hurbiltzen ari naizelako bizitzak amaiera bat duelako sentsaziora».

Sema d'Acosta komisarioak aurkezpenean nabarmendu zuen Gordillok 1970eko hamarkadatik daramala artearen lehen lerroan, eta, ondorioz, haren lanek laguntzen dutela ulertzen mende erdi honetan arteak izan dituen aldaketak. «Artista oso mundu ezberdinen artean dabil, eta beti arriskatzen da, mugetan mugitzen da». Halaber, azpimarratu zuen Memorandum Gordillok inoiz egin duen «anbizio handieneko» erakusketa dela, eta harenibilbidearen ikerketa ildo nabarmenenak ezagutzeko aukera ematen duela, bereziki «argazkigintzaren eta pinturaren arteko etengabeko berrelikadura».

Gordillo Espainiako pinturaren erreferentzia garrantzitsu bat da, eta sari ugari jaso ditu bere herrialdean eta nazioartean. Museoak azpimarratu duenez, eklektizismoa erakusten du, «popetik informalismora edo geometriara igarotzen baitaki». «Haren ironiak, koloreek eta irudiaren ikerketa teknologikoek erakusten duten moduan, lan zuzen eta adierazkorraren, eta lan kontrolatu, garbi eta perfekzionistaren artean kokatzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.