Irudietara egokitutako sei doinu

Belodromoko kontzertu-proiekzioa egingo du aurten ere Euskadiko Orkestrak Zinemaldian

Euskadiko Orkestrak Zinemaldian emango duen kontzertu-proiekzioaren aurkezpena, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldian jada klasiko bilakatu den saioetako bat egingo dute aurten ere: Belodromoan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak egin ohi duen kontzertu-proiekzioa. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak nabarmendu du ikus-entzuleen saiorik kutunenetako bat izaten dela: «Egunotan askok galdetu dit noiz izango den kontzertua eta noiz egongo diren eskuragarri sarrerak». Bada, ohi bezala, jaialdiaren lehen larunbatean, hilak 23, 12:00etan hasiko da Belodromoan sei soinu bandaren emanaldi sinfonikoa eta film horien eszenen muntaketa uztartuko dituen ikuskizuna. Saioa ordu eta laurdenekoa izango da, eta sarrera doakoa, baina gonbidapena aurrez eskuratu beharra dago. Hain zuzen, irailaren 16tik 22ra bitarte egongo da horretarako aukera.

Zinemaldiak, Euskadiko Orkestrak eta SGAE fundazioak elkarrekin antolatu dute emanaldia, eta, urtero bezala, aurten ere orkestrak interpretatuko ditu pieza aukeratu batzuk, Juan Jose Oconen zuzendaritzapean eta Oñatiko (Gipuzkoa) Ganbera Abesbatzarekin batera. Zehaztu dute, gainera, proiektatu eta interpretatuko dituzten filmen zerrenda: Jota Linaresen Las niñas de cristal, Rodrigo Cortesen Love gets a room, Alberto Rodriguezen Modelo 77, Paul Urkijoren Irati, Lara Izagirreren Nora eta Juan Jesus Garcia Galocharen Momiak. Honakoak dira, hurrenez hurren, film horien soinu banden konpositoreak: Ivan Palomares, Victor Reyes, Julio de La Rosa, Maite Arroitajauregi, Arantzazu Calleja, Paula Olaz eta Fernando Velazquez. Ocon: «Gurekin izango dira konpositore horiek belodromoan, eta amaieran, ikusleak agurtzera aterako dira jendaurrera». Oconen hitzetan, gainera, «edozein publikorentzako» moduko emanaldia izango da.

Ilusioz mintzo da Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi Oriol Roch kontzertuaz: «Kontzertu hau definitzeko garaian, irudi metaforiko batzuk datozkit gogora. Gogoan dut kontzertu honen hastapena; alegia, haur jaioberri bat zeneko garaia. Jose Luis Rebordinosi eta Zinemaldiari esker hazi da haur jaioberri hori, egun zita ezinbesteko bihurtzeraino». Orkestrako zuzendariaren hitzetan, «taldearen DNAren parte dira» musika eta zinema, hainbat pelikularen soinu bandak grabatu baititu taldeak. Oconek azaldu du, baina, ez dela erronka erraza musikarien, kantarien eta proiekzioen arteko zuzeneko sinkronizazioa lortzea, eta hain zuzen, horretan ari direla lanean saioaren aurreko egunetan. «Orkestrak normalean egin ohi dituen emanaldiez bestelakoa da hau, eta ilusioz daude musikariak».

Aurreko urteetan bezala, filmetako eszena muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da musika. Morgancrea etxeak ondu du aurtengoa ere, eta 400 metro koadroko pantailan ikusi ahal izango da.

Gonbidapenak bi gunetan eskuratu ahal izango dira: Donostiako Zinemaldiaren Kursaaleko informazio puntuan eta Donostiako Turismo bulegoan. Gonbidapenak jasotzerik izan ezean, Belodromoan bertan ere egongo da modua azken sarrerak eskuratzeko, kontzertuaren egunean bertan; goizeko hamarretan irekiko dituzte leihatilak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.