Irudiaren industria akuilatzeko

EHUko Nor ikerketa taldeak, Ipar Euskal Herriko ikus-entzunezkoen egoera eta garatze gomendioak bildu ditu, erakunde publikoek galdeginik. Saila kudeatzeko bulego publiko baten sortzea gomendatu du luzera begirako estrategia gisa. Bi diru funtsen berreskuratzea ere aurreikusi du.

Graxi Irigarai, Josu Martinez eta Patxi Azpillaga, joan den ostiralean, Baionan. I.E.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2023ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerlariz osatu Nor taldeak Ipar Euskal Herriko ikus-entzunezkoei buruz egin azterketa eta gomendioak aurkeztu zituen Baionako udako ikastaroen karietara, joan den ostiralean, Baionako Arteen Hirian. Ikus-entzunezkoen politiken eramateko, Ipar Euskal Herriko bulego-erakunde baten sortzea proposatu dute. Baita bi diru funts garatzea ere sorkuntzen eta ekoizpenen laguntzeko.

Duela bi urte, hitzarmena egina zuen Nor ikerketa taldeak Euskal Elkargoa, EEP, EKE, Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Akitania Berriko Alca kultura agentzia eta Euroeskualdea erakundeekin. Horiek, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako zinemagintzaren argazki bat eskatu zioten, eta saila garatzeko aholkuen emateko. Ofizioko jendeen aitzinean jakinarazi zuten ikerlariek azterketaren emaitzen berri, lehen aldikoz.

Ipar Euskal Herriko «tokiko eta euskarazko ikus-entzunezko sorkuntza» miatu dute 2015 eta 2021 bitartean. Formakuntzatik filmen banaketara, eragile guzien itzulia egin dute argazki orokor baten emateko. Saila ekonomikoki nola dabilen eta diruztatzea nork eta nola daraman aztertu dute, bestalde. «Hasieratik, hizkuntza eta mugaz gaindiko dimentsioa transbertsalki tratatuak izanen zirela adostu zen ikerketan», azaldu zuen Graxi Irigarai EHUko doktoregaiak.

Ikerlariek ikus-entzunezkoen sustatzeko oharrak egin dituzte diagnostikoan. Nazioartean, zinema eta ikus-entzunezkoak «erronka kultural eta aukera ekonomiko gisa» ikusiak direla zioten, kultura, «berrikuntza gisa» harturik sistema ekonomikoan. Horren seinale daukate, munduan zehar, azken hamarkadan, «ikus-entzunezko produkzioak eta kontsumoak garapen eztanda izugarria» izan dutela, Irigarairen hitzetan. «Hemendik aurrera, lurralde kultura modernoek soinu eta irudi propioak ekoizteko gaitasunaren araberako etorkizunadukete», erran dute, ondorio gisa. Ikus-entzunezkoek tokiko ekonomian egin dezaketen ekarpena aipatu dute azterketan, erakunde publikoek sailean dirua jartzea helburu.

Ipar Euskal Herriak jatorrizkoa duen hizkuntza ere aitzinera ekarri dute ikerketan: «Euskal kultura bezalako kultura azpiratu batentzat ikus-entzunezkoen esparrua garrantzitsua da», jarraitu zuen Irigaraik, eta erran ekosistema oso bat pentsatu behar delaeta ekosistema horretan «euskarari zentraltasuna» eman dakiokeela; euskara «aukera gisa ikusi» behar dela, «muga gisa ikusi ordez». «Gaur egun, eta historian lehen aldiz, Ipar Euskal Herrian bada sorkuntza leku izateko anbizioa». Filmegileak badira bertan, baita ekoiztetxeak, banatzaileak, zinema gelak, jaialdiak eta formakuntza guneak ere. Lurraldea, lehen bezala, oraindik ere«erakargarria» dela diote ikerlariek.

Horrez gain, Hego Euskal Herriko ikus-entzunezko saila «egonkortua» dela ikusi dute, etaIpar Euskal Herrirako lagungarri izan daitekeela. Horretan, EITB aipatu zuen Irigaraik: «Hego Euskal Herriak badu telebista operadore inportantea mugaz gaindirako ateak ireki ditzakeena».

Erakunde publikoak ikus-entzunezkoen munduari interesatzen hasiak zaizkio, ikerlariek diotenez, baina erakunde anitz izatea «oztopo bat izan daiteke politika publiko global eta koherente bat bideratu nahi bada». Ofiziokoek politika koordinatu bat dute amets.

Gomendioak

Amets hori zehaztu zuen, ikastaroan, Josu Martinez filmegile eta ikerlariak. Erakunde publikoekiko antolaketa baterako aholkuak eman zituen. Bi mailatakoak: bata, luzera begirako estrategia; bestea, berehala obratzeko neurriak.

Lehenik, Martinezek erran zuen inportantea zitzaiela «ikus-entzunezko sektorea kultura eta hizkuntza politiken erdigunean jartzea», bai eta «lurraldeko garapen eta berrikuntza politikei konektatzea» ere. Bestela, «bazterreko kultura» horiek beti bazterrean edo azpiraturik gelditzen direla gehitu zuen: «Askotan kalitatearen heina ez dutela argudiatuta, eredu hegemonikoetatik kanpo dauden kulturak, kolektiboak, adierazpenak, baztertu egiten ditu sistemak». Martinezek azpimarratu zuen tenorea dela politika publikoetan baliabideen ematea sektoreak aitzina egin dezan: «Lekuko sortzaileei konfiantza, laguntza eta ahalak eskaini behar zaizkie hastapenetik».

Irigarairen gisan, erakunde publikoen aniztasunak eta bakoitza bere aldetik aritzeak ez duela biziki laguntzen errepikatu zuen Martinezek. Aniztasun horretan segitzen balute erakundeek, gutienez, koordinazio bat bilatzea eskatu dute Nor taldekoek.

Baina beste bide bat lehenetsi dute: instituzioen arteko lana. «Instituzio ezberdinen artean bulego erakunde bat sortzea» proposatu dute, «sektorearen trinkotzea eta koordinazioa eramateko». Hots, erakunde publiko bat, «osaketa misto batekin».

Bulego horrek «funtzio exekutiboak lituzke politika kulturaletan eta aholkularitza funtzioak politika ekonomikoetan», Martinezek zehaztu duenez. Betekizun horien eramateko, erakundeek lukete lagunduko «bulegoari transferitutako diruen bitartez».

Gobernantza partekatua ikusi diote bulegoari, diruztatzaileen eta «gizarte zibilaren» artean—«Zukugailua, Kanaldude, zinema gelak, festibalak, elkarte mundua, sortzaileak»— osatuadministrazio kontseilu batean.

Martinezek bulegoaren eginbeharrak zerrendatu zituen: erakunde arteko koordinazioa, Hego Euskal Herriarekiko elkarlana, Frantziako ikus-entzunezko politikak Ipar Euskal Herrian «kanalizatu», egileak lagundu, banatzaileak lagundu, formakuntza profesionala bultzatu, lurraldeko egituren garapen ekonomikoa lagundu eta ikus-entzunezko behatokia sortu.

Bulegoaz gain, jada izan diren bi diru funtsen beharra aipatu zuen: «Departamenduak zuen ekonomia kreatiborako funtsa», Euskal Elkargoarekin juntaturik osagarri izan daitekeena, eta euroeskualdeko funts berezi bat koprodukziorako.

Berehalako lau ekintza

Bulegoa eta funts bereziak gomendio goren gisa agertu zituen ikerlari taldeak, «estrategia bakar eta anbiziotsu bat eramateko aurrera denen artean». «Baina badakigu hori ez dela bihar gertatuko», zioen Martinezek.

Egin daitezkeen lehentasunezko lau ekintza ekarri zituen hizpidera. Lehena, erakundeen arteko koordinazio mahai bat sortzea, «eta horien artean lidergo bat adostea». Pertsona bat edo talde bat hartzea lan teknikoa eramateko. Antolaketa teknikoaz gain, «produkzio funts bat berehala aktibatzea» ongi ikusiko lukete ikerlariek.

Filmen banaketa «egonkortzeko sistema» bat kausitzea ere galdegin dute. «Alferrik da ikus-entzunezkoak garatzeko sistema bati pentsatzea, gero ez baldin bada horiek ikusteko aukerarik. Gosea goseak ekartzen du», erran zuen Martinezek.

Euskarazko ekoizpenentzat, gaualdi bereziekin eta aldian aldiko aurkezpenekin bukatu behar zela gehitu zuen. «Euskal ikus-entzunezkoak, munduko beste ikus-entzunezkoen baldintza beretan erakutsiak izan behar dira».

Berehalako neurrietan azkena ikus-entzunezkoen behatokia sortzea izan zen.

Ireki leihoaz baliatu

Buruenik, Martinezek adierazi zuen «Ipar Euskal Herriak aukera ederra» daukala; «anbizioz eta epe luzerako ikusmiraz jokatzeko garaia» dela.

Patxi Azpillaga Nor taldeko kide eta EHUko irakasle ohia ere mintzatu zen. Ikus-entzunezkoak lurralde bateko industria politikekin lotzeko beharra aipatu zuen. «Konbentzitu behar da hau sektore estrategikoa dela, lerrokatua joan behar duena industria eta berrikuntza politikekin, eta horrek justifikatuko duela benetan jartzen den dirutza». Erran zuen Europako eskualde anitz jada horretan sartuak direla. «Ez da aukeraren unea, baizik eta ezinbestekoa. Eskualde guztietan ari dira halako estrategiak sortzen kultur industriak garatzeko. Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko loturak berak aukerak sortzen ditu are eraginkorragoak izateko, eta euskarak eskaintzen du ardatz inportantea garapena izan dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.